GARA > Idatzia > Ekonomia

Iberdrolari subrogazioa eskatuz, borrokan segituko dute Customer Works-en

GARA |

Iberdrolako bezeroentzako telefono bidezko arreta zerbitzuaz arduratzen den Customer Works enpresako langileek euren subrogazioa exijitzeko greba egun gehiago antolatu dituztela iragarri zuten atzo. Enpresa batzordeko kideek, ELA, CCOO eta LAB sindikatuetako Ana Fermeño, Elena Laña eta Irune de Miguel delegatuekin batera prentsa agerraldia eskaini zuten Bilbon eta pasa den ekainaren 12an, langileek asanbladan onartutako mobilizazioen berri eman zuten.

Customer Works taldeak eskaintzen duen zerbitzua emateko beste enpresa bat kontratatzea erabaki du Iberdrolak. Hortaz, delegatuek azaldu zutenez, eskatzen duten «gauza bakarra» subrogazioa da, «lan berdina egiten jarraituko dugulako, bezero berdinarentzat, leku berean eta baliabide berdinekin».

«Nahikoa da»

«Ez gaude hainbeste izerdiz lorturiko eskubide bat bera ere galtzeko prest, horregatik, nahikoa dela esan dugu, ez dugu beti galtzaile ateratzen garenak izan nahi», adierazi zuten. Izan ere, azaldu zutenez, halako enpresa aldaketak lau edo bost urtetik behin egiten dituzte, eta sortzen duten gauza bakarra lanean ezegonkortasuna dela kritikatu zuten, jada guztiz «prekarioa» den sektore batean, gainera. 800 euroko soldatak dituztela esan zuten eta presio etengabea jasaten dutela, asteburuetan nahiz jaiegunetan lan eginez.

Ahal izan dituzten ate guztiak jo dituztela azaldu zuten delegatuek. Hala, Gasteizko Gobernuan, Aldundian, Batzar Orokorretan eta Lan Ikuskaritzan izan dira. «Gurekin elkartasuna sentitzen dutela esaten digute, baina ez dira Iberdrolarengana zuzentzen arazoa konpon dadin», kritikatu zuten. Era berean, Iberdrolarekin bilerak eskatu dituztela esan zuten eta enpresa eurekin biltzeko ere ez dela prest azaldu salatu zuten.

Greba, hilaren 21ean eta 28an

Horiek horrela, datorren ekainaren 21 eta 28an greba egingo dutela adierazi zuten, baita datorren uztaileko astelehen eta astearte guztietan ere. Iberdrolak Bilboko Gardoki kalean duen egoitza nagusian ere eserialdia egingo dutela iragarri zuten.

Greba egunekin batera beste hainbat protesta antolatu dituzte. Hala, ekainaren 22, 24 eta 29an, baita uztailaren 1, 6, 8, 15, 22 eta 29an ere elkarretaratzeak egingo dituzte, horiek ere Gardoki kalean.

Azkenik, igande honetan euren aldarrikapenak Barakaldoko BECera eramango dituztela azaldu zuten. Zehazki, bertan izango den Ikas-Art ekimenean izango dira, Arte Ederretako ikasle talde batek egin duen «I love my work» (Nire lana maite dut) izeneko proiektuan parte hartuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo