GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Mundu kopa 2010 Gaurko neurketak

Klasiko bat, animalia iragarleak eta akatsen zuzenketa

I. CARRILLO

Munduko Kopan egon den partidarik klasikoenetako bat ikusi ahal izango da gaur Hego Afrikan. Izan ere, Alemania eta Serbia neurtuko dira, 13.30etik aurrera, Port Elizabeth hiriko Nelson Mandela Bay estadioan.

Garai bateko Alemaniako Errepublika Federala eta Jugoslavia kontuan hartzen badira, guztira sei norgehiagoka jokatu dituzte bi talde hauek elkarren aurka. Brasil-Suedia bikoarekin batera, Munduko Kopan elkarren aurka gehien jokatu duten selekzioak dira. Neurketa horietatik lau irabazi ditu Alemaniak, Serbiak bakarra eta berdinketa bat egon da euren artean.

Oraingo egoerari helduz, Alemaniak oso talde gaztea zuela kritikatu zuten askok. Hala ere, Joachim Löw-k gidatzen duen selekzioa zale askorentzat orain arteko onena izan da Hego Afrikan. Lehen partidan Australiari 4-0 irabazi eta gero, final-zortzirenetarako txartela oso gertu dute europarrek, betiere gaur Serbiari irabazten badiete.

Radomir Anticen taldeak itxaropen handiak zituen aurtengo Munduko Kopan, bertara iristeko egindako kanporaketetan maila ederra erakutsi baitzuen. Hala ere, Ghanaren aurkako lehen neurketan 0-1 galdu zuen. Entrenatzaile serbiarrak, hala ere, lasaitasuna helarazi die bere jokalariei: «Benetako txapeldunak egoerarik zailenetan agertzen dira».

Anekdota gisa, Löwren taldeak irabaziko duela iragarri omen du Alemaniako Chenmitzeko zoologiko batean dagoen 19 urteko hipopotamo batek, «Petty» izenekoak. Horretarako, animaliak bi sagar multzoren artean Alemaniaren bandera zuena hautatu zuen.

Errebantxak

Jarraitzekoa izango da ere Green Point estadioan (Lurmutur Hiria), 20.30ean, Ingalaterraren eta Aljeriaren arteko neurketa. Europarrek esperantza handiarekin hasi zuten txapelketa, baina Green atezainak egindako huts nabarmenak beste urteetako dudak agerrarazi zituen berriro ere.

Afrikarrek osatzen duten taldea, aldiz, txapelketan gutxien ezagutzen den horietakoa da, eta lehen partidan 0-1 galdu zuen Esloveniaren aurka.

Azken talde horrek lor lezake hurrengo kanporaketarako txartela Ameriketako Estatu Batuei irabaziz gero. Neurketa hori 16.00etan hasiko da Ellis Park estadioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo