Arte grafikoen hitzarmen duina aldarrikatzen dute
GARA
LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta Gipuzkoako arte grafikoen arloko langileek laugarren greba eguna egin zuten atzo, lan hitzarmena berritzeko negoziazioan Adegik aurkeztu dituen neurri «atzerakoiak» salatu eta hitzarmen duina exijitzeko. Negoziazio mahaia blokeatuta dago egun, sindikatuek salatu dutenez, Adegiren «jarrera probokatzaile eta atzerakoiarengatik. Izan ere, patronalak egun indarrean dagoen hitzarmenaren muina suntsitu nahi duela salatu dute sindikatuek, 60 artikuluetatik 29 ezabatu nahi baititu.
Maiatzaren 27an hasita bost greba egun deitu zituzten sindikatuek eta gaur egingo dute azkena. Gipuzkoako 3.000 langile inguruz osaturiko sektorean oso erantzun nabarmena izan dute grebek.