Nekazaritza azoka Baionan izanen da berriz ere heldu den asteburuan
Duela bi urte abiatutako bideari jarraituz, Departamenduko Laborantza Ganbera ofizialak antolatuta, nekazaritza azoka eginen da heldu den asteburuan, Baionako Paulmy etorbideko zelaigunean. Xede nagusia, lan horretan aritzen direnentzako erakusleiho izatea da.
Idoia ERASO
2008an abiatu zen ekimenari jarraiki, bi edizioetarik behin Baionan eginen da La Ferme en Ville (Baserria hirian). Departamenduko Laborantza Ganbera ofizialak antolatzen duen azoka ekainaren 26 eta 27an izanen da Paulmy etorbidean den zelaigunean. Urtero legez, abelgorri lehiaketak izanen dira protagonista. Aurten gainera zaldi erakusketa zabala ere izanen da. «Gure xede nagusia departamenduko profesionalen erakusleiho izatea da», azaldu zuen Paueko Laborantza Ganberako presidente Jean-Michel Anxolabeherek. Ganberako kide Jean-Pierre Goity-k ere ideia hori nabarmendu nahi izan zuen: «Euskal Herria azokan present izatea nahi dugu, baina eskualdeko Laborantza Ganbera baten baitan izatea».
Azokaren bitartez, laborariek egiten duten lana hirira ekarriz, herritar guztiengana heldu nahia ere agertu du Ganberak. Baserritarren lana hirietako biztanleengana hurbiltzeko ekimenen artean kokatzen dute azoka. «Honen bidez nekazaritzaren iraunkortasuna bultzatzen dugu».
«Azokaz haratago, laborarien lana garatzea eta atxikitzea lortu nahi dugu», adierazi zuen Anxolabeherek. Abelgorri lehiaketak eginen dira asteburu osoan. Larunbata haragitarako behi-aziendaren eguna izanen da; 170 behi izanen dira azokan, bereziki Akitaniako blonda arrazakoak. Igandean, esnetarako behi-aziendaren ontasunak aztertu eta sarituko dituzte, eta orotara 60 bat behi izanen dira Baionan. Zaldiak ere bi egunetan izanen dira azokan, 50 orotara.
Erakusketa zabala
Lurraldeko laborariez gain, beste hainbat arlotako erakunde eta langileak ere gonbidatu dituzte azokan parte hartzera. Esaterako, Donibane Lohizuneko arrantzaleak ere izanen dira, bereziki amu-arrantza tradizionala aurkezteko. Hego Euskal Herrian nekazaritza produktuak zaintzen dituen Kalitatea Fundazioa ere izanen da.
Baionako Herriko Etxeak antolakuntzan parte hartu du. Turismo bulegoak hiriko alde zaharreko ondarea eta produktuak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu. Itzuli horietan ondare arkitektonikoa eta bertako produktuak ezagutzeko parada eskainiko da.
Azoka ofizialki hasi baino bi egun lehenago haurrek nekazaritzaren ingurukoak eta abereak ezagutzeko parada izanen dute. Eskolentzako ekimen bereziak antolatuko dira ostegunerako eta ostiralerako. 400 haurrek izanen dute animaliak ezagutzeko eta produktuak dastatzeko aukera.
Azoka ofizialki hasi baino bi egun lehenago, haurrek nekazaritzaren ingurukoak eta abereak ezagutzeko aukera izanen dute, eskolentzako ekimen bereziak antolatuko baitira.