GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Birkokapen garaia, zurikeriaren tenorea

Nola bildu izugarrizko jendetza Tokion nahi duzun aldarrikapenaren alde? Erraza da. Segi metrora eta jende uholdea trenetik jaistean zabaldu pankarta. Eskaileratik begiratuta, hor duzu parebageko manifestazioa! Horixe egiten ari da orain PSOE

Nola bildu izugarrizko jendetza Tokion nahi duzun aldarrikapenaren alde? Erraza da. Joan zaitez metrora, jarri geltoki baten muturrean eta jende uholdea trenetik jaisten delarik, zabaldu pankarta. Eskaileratik begiratuta, hor duzu paregabeko manifestazioa! Denak zure atzean, denak zure pankartaren gibelean. Eta zu dena zuzentzen, lehena! Hori arrakasta! Honela ulertzen dute batzuek politikagintza. Egoera eragiteko ezintasunaren ordez, eragina simulatzeko gaitasuna dute. Gertaerek gainditzen badituzte, korrika hasi, jauzi egin, eta aurrean jartzen dira. Hurrengo urratsa: ibilaldia beraiek lideratu dutela esatea.

Horixe bera egiten ari da gure begien aurrean PSOE. Diseinatu zuten estrategiak porrot egin du, ezker abertzaleak ihes egin dio jarri dioten atakari, ilegalizazioen estrategia hautsi eta gainditu du, ekimen berriak abiatuz, baina orain PSOEk, korrika eta presaka, aurrelari gisa agertu nahi du. Orain arte oztopoak jarri dituen alderdiak prozesu errazteaz hitz egiten du. Gainera, nor eta Egiguren -Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste lagunak atxilotu zituzten unean ergelkeria ederrak esan zituen gizona- da aurrelarien arteko aurrelariena. Beti han egon dela sinetsarazi nahi digu Egigurenek, berriz ere. Baina arnasestuka ari dela, korrika datorrela bistakoa da. Jauzika iritsi da, ia atzo arte kontrakoa esaten zuelako. Egoerak behartu du Egiguren, ez Egigurenek egoera. Ezker abertzalearen jarduerak PSOEren planak aldarazi ditu, ez alderantziz. Ez dute ezker abertzalea hautsi, konponketaren aldeko nazioarteko presioa gero eta eraginkorragoa da. Ideien kriminalizazioak eta UPN eta PPrekiko elkarbideak Estatuaren zilegitasuna urratu dute nabarmenki.

Izugarrizko ahaleginak egin ditu Egigurenek bere burua garbitzeko. Gertatzen ari dena errepresioaren ondorio dela sinetsarazi nahi diote jendeari. Irabazi dutela eta horregatik mugi daitezkeela. Itxikeriak eta Alderdiaren Legeak ekarri dutela ausart izateko aukera. Errelatoen garaia hasi da. Orain, Egigurenek, Aizpeoleak eta horrelako adituek zer gertatu den kontatu nahi digute. Aski da azken hilabeteetan esan eta idatzi dutenari erreparatzea izan dituzten hanka sartzeak antzemateko, baina horiek adituak dira. Horiek kontatuko digute zer gertatzen ari den eta zergatik iritsi garen egoera honetara.

Eta, halere, errelato interesatuetatik haratago, ongi dago Egiguren egiten ari dena. Egoerak behartuta egin du, protagonismo bila, etorkizunean gaurko errealitatea bestela kontatu ahal izateko, guzi honetatik eta etor daitekeen horretarik etekinak ateratzeko. Ados, baina, finean, nahiz eta kontrakoa esan, izan duten estrategiaren porrotaren aitorpen tazitoa da, eta honek esan nahi du bestelako jardueretako aukera aztertzen ari direla. Bestela esanda, beren burua prestatzen ari direla bestelako agertoki batean bestelako joerak izateko. Gainera, Rodriguez Zapateroren Gobernua bere unerik makurrenean dago.

Errealitatea baldintzatu ezinik, errelatoen gatazkan sartu dira oraingoan. Tokioko metroan dagoelakoan-edo, pankarta zabaldu du Egigurenek trenaren ateak ireki direnean. Eta ozenki esaten digu: «Hau dena nik egin dut, hau da gure jardueraren fruitua!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo