Josu Gil EHNEko kidea
Gu gara lurra!
Lurraren defentsa egin beharra dago, lur emankorrenak zementu azpian gelditzen ari baitira. Horregatik AHT, autopista, zentral termiko eta eoliko, merkataritza gune, industriagune eta abarren aurrean, nekazaritzak lehentasuna izan behar du
Abiadura handiko trenik gabe ere ezin ukatu abiadura handian bizi garela. Eta ez dakit abiadura handi honek ez ote dizkigun begiak lausotzen, muturren aurrean daukaguna ikustea galaraziz.
Presaka bizi gara. Berdin da uda izan, negua izan, euria egin edo ateri egon. Beti presaka. Eta herria eraikitzen ari garelakoan, momentu batez gelditu eta patxadaz ingurura begiratuz gero, dena izorratzen ari garela iruditzen zait. Eta dena garapenaren izenean, aurrerabidearen izenean, eta aspertu naiz jada berba hauek entzuteaz.
Apirilaren 25ean AHT gelditu! Elkarlanak mendi martxa antolatu zuen Aramaio inguruan AHTren obrak bertatik bertara ikusteko. Eta min hartu genuen bihotzean. Zementuzko zutabe erraldoiak mendian iltzatuta.
Aitortu beharra daukagu obrak etengabe aurrera doazela. Eta ondorioak ez dira nolanahikoak. Erreken kutsadura, iturrien agortzea, tuneletatik ateratako lurrekin hondakindegi itzelak ari dira egiten, baserriak botatzen ari dira, baserrietako bideak kamioiekin okupatzen, betidanik nekazaritza eremuak izan direnak goitik behera ari dira aldatzen. Gainera, obretako zaratek, eztandek eta orain arteko bake eta lasaitasuna apurtzeak eragin kaltegarriak ekarri dizkie bertako biztanleei.
Euskal Herrian inoiz egin den proiektu handienaren eta garestienaren aurrean, gizartearen zati handi batek hamaika aldiz eta hamaika modutan erakutsi du aurkakotasuna. Hala ere, ez dugu asmatu jarrera hori obretara bertara eramaten. Gu kalean AHTri ezetz esaten eta beraiek mendian AHT egiten. Obrak guztiz militarizatuta daude, eta horregatik esaten dugu hau inposaketa dela.
Baina ez gabiltza berandu. Naturan eragindako kalteak kasu askotan itzulezinak izango dira. Dena ez dago galduta, ordea, egoskorrak baikara, eta ekinaren ekinez etorriko dira fruituak. Akaso, zementuzko zutabe erraldoi horiek hor geratuko dira garaipen baten lekuko gisa. Agintari batzuek abiadura handiko tren bat inposatu nahi izan zutela eta herri batek zentzugabekeria hori gelditu egin zuela gogoraraziko dute. Akaso, ametsa da, edo bizirik mantentzen gaituen utopia.
Milaka aldiz entzun dugun garapen iraunkorra ez da batere iraunkorra. Begi-bistakoa da. Kapitalismoak eman ditu jada bere onenak, edo txarrenak. Eta egoera honek, alde batetik edo bestetik, eztanda egin beharko du.
AHTri ezetz esaten diogunean, ez gara ezezko soilean gelditzen. Ezezko horren atzean baiezko bat baitago. Baietza gizartea aldatzeari. Baietza gizarte justuago bat lortzeari. Gure ametsak positiboak baitira. Baina badakigu aldaketak eta ametsak ez direla egun batetik bestera gauzatzen. Horregatik norberak egunero bere txoko, arlo edo eremutik lan egin beharko du kapitalismotik aldentzen gaituzten jarrerak bultzatuz eta naturarenganako errespetuzko baloreak jorratuz.
Lotsagarria da krisi garai hauetan, eta bestelako garaietan ere, nola ari diren bideratzen halako dirutza publikoa aberats gutxi batzuen mesederako izango diren azpiegituretara. Banketxeak, politikariak, eraikuntza enpresak eta abar itzelezko negozioa ari dira egiten herri honen kontura, lurraren kontura. Eta, noski, horretara bideratutako dirua gizarte arloan falta da. Hezkuntzan, osasungintzan, etxebizitzan, kulturan, nekazaritzan... benetan beharrezkoak eta oinarrizkoak diren arloetan.
Baserritarroi eta nekazarioi dagokigunez, itxaropenerako argi izpi batek busti gaitu aspaldi honetan. Sektorea lur jota zegoen momentuan, baserritarren eta kaletarren arteko elkarte eta kooperatibak loratu eta ugaritu dira Euskal Herriaren luze-zabalean. Salmenta zuzenaren bitartez bide berriak zabaldu ditugu. Gero eta jende gehiago jabetzen ari da nekazaritzaren garrantziaz eta baserritarren lan eta produktuen garrantziaz. Bai osasunaren aldetik bai paisaia zaintzearen aldetik, baita kultura eta nortasuna berreskuratzearen aldetik ere.
Hau hasi besterik ez da egin eta oraindik lan handia daukagu egiteko. Azokak indartu beharko ditugu, gazteak baserrietan instalatzen lagundu, baserritarrak bizimodu eta soldata duin bat izatea lortu... Baina horretarako lurraren defentsa egin beharra dago, lur emankorrenak zementu azpian gelditzen ari baitira. Horregatik AHT, autopista, zentral termiko eta eoliko, merkataritza gune, industriagune eta abarren aurrean, nekazaritzak lehentasuna izan behar du. Gu garelako lurra. Eta hau lortzeko, kaletarron eta baserritarron artean egin beharko dugu indarra. Gaur, adibidez, Bilboko manifestazio nazionalean.