GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzak ordezkari politikoen babesa jaso du

Udalbiltzako auzipetuekin batera elkarretaratu ziren Aralar, EA, EAJ eta ezker abertzaleko ordezkari politikoak, haiei babesa agertze aldera. Auzia bera «bidegabekeria» dela salatzeaz gain, auzipetuen aurkako akusazioak frogarik gabekoak direla adierazi zuten politikariek.
p015_f02_097x092.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Gasteizko Legebiltzarreko, Arabako Batzar Nagusietako eta alderdi politikoetako ordezkariek elkarretaratze isila egin zuten atzo Gasteizen, Udalbiltzako auzipetuekin batera. Herritar ugarik parte hartu zuen «Udalbiltza auzia» salatzeko laugarren elkarretaratze isil honetan.

Eguerdiko hamabiak jota, «Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari. Udalbiltza aske!» leloa ageri zuen pankarta zabaldu zuten Andre Maria Zuriaren plazan. Pankartari eusten, aski ezaguna den jendea bildu zen, 22 auzipetuei babesa helaraztera. Auzipetuen artean, Loren Arkotxa eta Maribi Ugarteburu ziren. Legebiltzarkideen artean, Eusko Alkartasuneko Jesus Mari Larrazabal gerturatu zen; EAJtik, Joseba Egibar, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Maribel Vaquero; eta, Aralarretik, Aintzane Ezenarro eta Oxel Erostarbe izan ziren. Ezker abertzaleko batzarkide Aitor Bezaresek ere hartu zuen parte. Ezker abertzaletik Amparo Lasheras, Gotzon Kortazar, Iñaki Olalde eta Tasio Erkizia ere izan ziren.

Bai Udalbiltzari Sareak hainbat ekimen jarriko ditu abian herri eta eskualdeetan. Atzo ere, Udalbiltza auzia salatzeko hitzaldiak egin ziren Markina-Xemeinen, Hernanin, Larrabetzun, Berriatuan, Azpeitian eta Elizondon, besteak beste. Datorren ostiralean, Donostiako Bulebarrean, 12.00etan, auzipetuak bertsolariekin elkarretaratuko dira.

Epaiketaren «zutabe faltsua»

Protestan bildutako ordezkari politikoek zenbait adierazpen egin zituzten ekimenaren amaieran. Aintzane Ezenarroren ustez, Udalbiltzak «politika besterik ez du egin eta horregatik zigortuko dute» uztailaren 15ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Alde horretatik, Aralarreko legebiltzarkideak Udalbiltzari politika egiteko duen eskubidea ukatzea «bidegabekeria» dela adierazi zuen.

Ildo bertsuan mintzatu zen Joseba Egibar ere. Akusazioaren arrazoibidea «inondik inora ere frogatuta ez dagoela», esan zuen EAJ-ko legebiltzarkideak. Euskal instituzioa «elkarrekin sortu genuen, ez zuen ETAk sortu, ezta ETAren inguruko inork ere», azaldu zuen Egibarrek. «Egunkaria»ren auziarekin alderatu eta «Udalbiltza ETA denik ezin daitekeela esan. Hor dago epaiketa honen guztiaren zutabe faltsua», gaineratu zuen Egibarrek.

Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantearen ustetan, «Euskal Herriari baietz esateko modua da» Udalbiltza babestea. Euskal estatuaren «oinarri bat da eta gu, jakin dezatela oso garbi, euskal estatuaren alde goazela», nabarmendu zuen ezker abertzaleko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo