Zergatik esaten dute «kultura», «higiezinak» esan nahi dutenean?
Zeintzuk dira kultur arloan herri honek dituen lehentasunak? Zeintzuk dira euskal kulturgintzaren indarguneak eta ahulguneak? Nola eragiten dio krisiak kulturari? Testuinguru honetan, non eta nola inbertitu behar da? Horiek, edo horien antzekoak, dira bizi dugun garaian edozein herritako kulturgintzan ardura dutenek egin beharko lituzketen galderak. Areago, erantzukizunagatik, erantzun beharko lituzketen galderak dira horiek. Gurean, ordea, kulturari buruzko eztabaida orok eraikuntza bat du hizpide. Administrazio publikoek ezarritako agendan ez da eztabaidarik ez zinemaz, ez literaturaz, ez arte plastikoez, ez dantzaz ez musikaz. Alegia, kulturari buruz hitz egin beharrean, kultura aitzakia duten azpiegituren auziak bereganatzen du gaur egun eztabaida publikoa. Museoa bai edo ez, zentro hau han edo hemen eta abar.
Aldiroko erretorikaz haratago, administrazioek ez baitute beharrik ikusten kultur arloko plan orokor bat egiteko. Eta ez dute behar besteko presiorik jasaten ere, kultur eragileen indarrak zeharo sakabanatuta daudela nabarmena baita, eragile sozial edo, behintzat, lobby izan ordez, gremioen itxura handiagoa duen egituraketa batean harrapatuak ageri direlarik. Ondorioz, sozialki eta politikoki eragiteko ezintasun handiak dituzte. Testuinguru horretan, kultura, kulturgileak eta herritarrak ateratzen dira galtzaile.
Egoera honen azken irudikapena Urdaibaiko Guggenheimi buruzko eztabaida izan da. Interes politiko alderdikoien arloan jokatu den partida izan da, EAJren eta PSOEren arteko ika-mika, inondik inora ez kultur arloko eztabaida. Honen aurretik Tabakalera, Musikene eta beste hainbat izan dira, eta ez dirudi zerrenda hemen amaituko denik. Hasieran aipatutako galderak egin gabe ezin baita kulturan aurrera egin. Are gutxiago, politikariek kontzeptuak nahastera jokatzen badute.