Epaiketa zain diren donostiar gazteak babesteko manifestaldia
GARA |
Hemezortzi gazte donostiar Auzitegi Nazional espainolean epaituko dituzte datorren ekainaren 28tik uztailaren 8ra bitarte, Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita. Madrilera bakarrik joan ez daitezen, «Proiektu politiko guztien defentsan. Inkomunikaziorik ez! Epaiketa politikorik ez!» leloarekin manifestaldia egingo dute gaur, 17.30ean Bulebarretik abiatuta. Gazteei babesa ematea eta epaiketa politikoak salatzea du helburu ekimenak.
Auzipetutako gazteek eragile askoren atxikimendua jaso dute azken asteetan. Hala nola Donostiako auzo gehienetako gazte asanbladena, auzo elkarte edota jai batzordeen babesa; EA, Ezker Abertzalea, Alternatiba eta Aralar indar politikoena; LAB, HIRU, ESK, CNT eta ELA sindikatuena; Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Iratzarri eta Ikasle Abertzaleak gazte taldeena eta makina bat herri eragileren atxikimendua eskuratu dute.
PPk, ordea, babesa eman baino manifestaldia oztopatu nahi du; izan ere, Gasteizko Legebiltzarreko PPko ordezkari Carlos Urquijok mobilizazioa debekatzeko eskatu dio Rodolfo Ares Barne sailburuari, Segi «erakunde ilegala dela» argudiatuta.
2007. urteko urriaren 30a eta abenduaren 4a bitartean Donostialdeko hogeita sei gazte atxilotu zituen Polizia espainolak. Horietako asko inkomunikatu egin zituzten eta tratu txarrak salatu zituzten gero. Orain, gazte horietariko 18 epaiketaren zain dira eta, Segi erakundeko kide izatea egotzita, 8 urteko kartzela zigorra eskatu du gazte horietako bakoitzarentzat auzitegi bereziko fiskalak.
Epaiketak eragingo dizkieten gastuei aurre egiteko, kontzertuak antolatu dituzte gaur gauerako auzipetutako lagunek. Antigua auzoko pilotalekuan eta 20.00etatik aurrera Esne Beltza -«Noa» diskoa kaleratu berri duena-, Des-Kontrol, Ze Esatek eta Hesian taldeak arituko dira oholtza gainean.