GARA > Idatzia > Mundua

Meategiaren ustiapena atzerritarrei esku-eskura utzi die Hamid Karzaik

Bilioi bat dolarreko balioa izan lezakeen meategiaren berri eman zutenetik egun gutxi batzuk igaro ostean, Afganistango presidente Hamid Karzaik atzerriko potentzien inbertsioari ateak ireki zizkion. Japoniako Gobernuari gonbidapen berezia egin zion.

AFP

Aste honetan jakitera eman den Afganistango meategiko mineralen ustiapenak hautsak harrotu ditzakeela-eta, arduratuta agertu zen atzo Afganistango presidente Hamid Karzai, eta herrialdea diruz laguntzen duten potentziek lehentasuna izan beharko luketela baieztatu zuen gobernuburuak.

AEBetako Defentsa arduradunek asteon azaldu dutenez, Afganistanen aurkitu berri duten meategiko baliabideek bilioi bat dolarreko balioa izan lezakete. «Baliabideen jabetzagatik ikamika egongo da, are gehiago Afganistango meategiaren balioa zein den mundu guztiak jakin ostean», zehaztu zuen Karzaik Japonian, bihar amaituko den bisita ofizialean.

«Egoki kudeatzeko gai izatea espero dut, bai nazioarteko eskaintzaileen arteko lehiari dagokionez, bai Afganistango inbertitzaileei dagokienez, mineral horien erauzketa Afganistanentzat onuragarria izango den modu batean kudeatzeko gauza izan behar genuke», gaineratu zuen.

Asia erdialdeko herrialde honetako meategiko mineralen -litioa, burdina eta kobrea ere baditu- berri ematearekin batera, Amerikako Estatu Batuetan ezkortasuna hazi da, dagoeneko bederatzi urte luze bete dituen gatazkak ez baitu amaitzeko itxurarik. 2011. urteko uztailetik aurrera, nazioarteko potentzietako soldaduak apurka-apurka irteten joango dira.

Adituen ustez, meategiaren balioa ez dago guztiz egiaztatuta, eta baliabide horiek diru bihurtzeko urteak beharko dira, azpiegitura eskasa eta ustelkeria direla medio.

Horrexegatik, ustelkeria hori ekiditeko hain zuzen, baliabideok modu arduratsuan erabiltzeko deia egin zuen Karzaik.

Ildo horretarik, garapenaren bidean pazientzia izatea ere garrantzitsua dela adierazi zuen, eta inbertitzaile batzuek onurak jaso ditzaketela ziurtatu zuen presidenteak.

«Gizalegez jokatuta, Afganistanek lehentasuna eman behar lieke azken urteotan berebiziko laguntza eskaini dioten herrialdeei», argitu zuen. Japoniako inbertsioek ateak zabalik izango lituzketela azaldu zuen. Dirua jartzen duten herrialdeen artean, Japonia bigarren postuan da. 2009tik aurrera, eta bost urtetan, Afganistani laguntzeko 5.000 milioi dolar inbertituko dituela hitz eman zuen, eta gaur egunera arte, 990 milioi dolar jarri ditu.

Bisitan, Japoniak emandako laguntza eskertu zuen, baina Tokiok berriro ere Afganistanek aginte era hobe bat behar duela aldarrikatu zuen, ustelkeria nagusi den egoera honi amaiera emateko.

bolivia

Afganistango meategiak dituen litio erreserbak Boliviakoekin soilik aldera daitezke, AEBetako adituen arabera, boliviarrek baitituzte erreserbarik handienak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo