GARA > Idatzia > Kultura

Musikaren bestak udari ongietorria emanen dio Baionako karriketan

GARA | BAIONA

Uda hasten den egunean, Ipar Euskal Herriko karrikak doinu ugariz betetzen dira Musikaren bestaren karietara. Aurten, ekainaren 21a astelehena izanik, toki askotan jaia asteburuarekin hastea deliberatu dute.

Urtero, Baionako karrikak doinuz eta jendez betetzen dira, baina ez da Lapurdiko hiriburua musikarekin dantza eginen duen toki bakarra, izan ere, hiri handi zein herri txikiek udari musikaren bidez ongietorria emateko aukera profitatzen dute. Heleta, Bidarte edo Maulen ere egun horietan doinuez gozatu eta dantza egiteko parada eskainiko zaie ibiltariei.

Musikaren besta 1982an sortu zen, eta, geroztik, udaren hastapeneko derrigorrezko hitzordu bilakatu da. Estatu frantsesean sortu zen ideia, baina geroztik mundu osoan zabaldua da.

Baionan, hiri osoan zehar entzungo da musika. Astelehenean, hogei karrika eta plazetan egokitutako agertokietan laurogei talde entzuteko parada izanen da. Egun hau Baionako kultur ekitaldi handienetarikoa da. Lapurdiko hiriburuan jai giroak asteartera arte iraungo du.

Euskaltzaleek zenbait txokotan euskal musika soilik entzuten ahalko dute. Maddi Oihenartek, Amaia Riouspeyrous-ek, Kantiruki-k eta Bizardunak taldeak Baionari giro euskalduna emanen diote La Planchotte eta Pasteur plazetan. Baionan Kantuz taldea ere Xaho kaian arituko da kantari. Ohi bezala, ikusleak, lotsak alde batera utzita, beraiekin kantatzera gonbidatuko dituzte.

Biarritzeko hiriak ere bestan hartuko du parte. Kostaldeko hiriak jaia egun ofizialean soilik egitea deliberatu du, erdigunean zehar hainbat toki egokituz.

Euskal Herria Zuzenean festibalak, musikaren ospatzeko, «Bus tour» bat eginen du Baionan, Angelun eta Biarritzen zehar ekainaren 21ean. Kamioi batean DJak eta elektro musika entzuteko parada eskainiko du kostalde osoan barrena.

Hiri eta herrietan

Angelun Musikaren Besta larunbatarekin hasi eta astelehenarekin amaituko da. Hiri osoan zehar izanen diren bost guneetan, hondartzatik herriko etxera, pop-rocka, DJak edo tronpeta kontzertua entzuteko parada izanen da. Doinuei loturik ekimen bereziak eginen dira, besteak beste «siesta musikala».

Maulen festa larunbatarekin egitea deliberatu dute, asteburuak eskaintzen duen aisialdirako paradan, arteaz gozatu ahal izateko. Egun osoko festa izanen da, goizean goiz merkatuan hasi eta arratsaldean segituko duena. Herriko plazan eginen den gaualdiak Bidaia bikotea izanen du protagonista.

Hendaiako eta inguruetako musikarien esku-zabaltasunari esker, bestak merezi duen dimentsioa izanen du. Sokoburu, Abbadiako gaztelua, Hondartzako auzoa edo San Bizente elizan denentzako estilo eta formatuak eskainiko dira.

Bidarten ere ekainaren 21a aukeratu dute musikari ohore egiteko. Herriko Etxeko plazan, estilo anitzetako musika txandakatuko dute, gustu guztiak asetze aldera.