GARA > Idatzia > Kultura

Kevin Heredia: «Ikusezintasun eta ikusgarritasunaren makulurik gabe, beharbada, ez goaz inora»

Kevin Heredia-k, kapelaren atzean ezkutatzen den idazle taldeak, «Hor hago Kevin?» eleberria kaleratu berri du. Anonimotasunetik, jendearen maitasuna eta ahanztura sentimendu kontrajarriak bilatzen dituzte.

p050_f01_969x961.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Misterioa, intriga, suspentsea eta sorpresa ezkutatzen dira Kevin Heredia izenaren atzean. Alegiazko deitura horrek biltzen dituen idazleek orain arte «Berria» egunkarirako zutabeak argitaratu dituzte, eta orain heldu da «Hor hago Kevin?», beraien lehen eleberria. Lagun eta autore ugariren artean aurkeztu zen atzo, Donostiako Le Bukowski tabernan. «`Hor hago Kevin?' eleberriak estilo gaztean jartzen ditu mahai gainean errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanak; alde batetik, geure errealitate literarioaren kronika da, baina aldi berean horren guztiaren antikronika da», azaldu zuten aurkezpenean.

Azaleko irudia ere ez da deskuiduan aukeratutakoa. Bertan ispiluari so egiten dion gizona bizkarrez agertzen da. Baina kristaleko islak bere aurpegia erakutsi beharrean, bizkarra bera azaltzen du. «Argazkia Rene Magritte margolariari egindako erreferentzia da. Barruko edukiak kulturari eta literaturari egiten dizkion keinuak ere irudi honetan atzematen dira».

Baina zergatik ezkutatu izen baten atzean? Bertan hitz egin zuen idazleetako batek, Kevin Heredia-ko partaideak, hala argudiatu zuen: «Literaturak eta arteak bi inpultso nagusi dituzte: ezkutatzea eta erakustea, hau da, nork bere buruaren exhibizioa eta desagertzea bilatzen du. Gehiago maite gaitzaten, eta bakean utz gaitzaten». Honen atzean kontraesana dagoela dirudien arren, baieztapen hori ukatu egin zuen Kevin Herediak. «Ikusezintasuna eta ikusgarritasunaren arteko jokoa da honakoa. Bi makulu horiek gabe, beharbada, ez goaz inora».

Liburua «literatura onarekiko erreberentziaz idatzita» dagoela argitu zuen, pertsonaia eta idazlea ezberdintzea ezinezkoa den literaturaz, alegia. Honi autofikzioa deitu zion, narratzailea diskotekako ispilu bola horietakoa bezalakoa da, errealitateak ematen dizkion izpiak ertz ezberdinetatik identifikatu eta desitxuratzen baititu. Beraz, «nobela mutante bat dugu esku artean, estilo errealistarekin hasten delako, sasi polizia-nobela estiloan jarraitzen duelako, metaliterarioa ere badelako eta estilo katartiko eta balkanikoaz amaitzen delako». «Edo ez dena bukatzen», gaineratu zuen. Izan ere, Kevin Heredia ez zen ausartu liburuaren hitz guztiak idatzita daudela baieztatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo