GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atez ateko sistema hondakinak kudeatzeko erarik merkeena da

Jordi Colomer Sanmarko Mankomunitatearen aholkularia Gipuzkoako Merkataritza Ganberan izan zen atzo atez ateko hondakin bilketak dituen abantaila ekonomikoen berri ematen. Bilketa eta kudeaketa gastuak eta joera ekonomikoa kontuan hartu zituen, baita sortzen diren lanpostuak eta sailkapena ondo egiteko har daitezkeen neurri fiskalak ere. Horrez gain, errausketari buruz aritu zen.

p019_f02_ONA.jpg

Nagore BELASTEGI

Zenbait ikerketaren ondoren, atez atekoa zaborrak kudeatzeko aukerarik errentagarriena dela ondorioztatu dute adituek. Errefus gutxiago sortzen denez, zabortegiei gutxiago ordaindu behar zaie zabor tona bakoitzeko. Katalunian 2000. urtean hasi ziren atez ateko sistemarekin eta aspaldi hartu zituzten birziklatzea bultzatzeko neurriak.

Sanmarko Mankomunitateak sistema honen abantaila ekonomikoen berri eman zuen atzo Gipuzkoako Merkataritza Ganberan. Mahaian Sanmarkoko lehendakari Ricardo Ortega, Imanol Azpiroz lehendakariordea eta Jordi Colomer teknikari eta aholkularia eseri ziren. Ortegak Sanmarkok atez atekoaren alde egiten duela esan zuen eta Usurbilgo, Hernaniko eta Oiartzungo herritarrak zoriondu zituen lortzen ari diren emaitzengatik. Azpirozek esan zuen atez atekoak etorkizun ezin hobea duela eta abantaila ekonomikoak eta beste hainbat arlokoak dituela.

Colomerrek adierazi zuenez, energia-kontsumoa gutxitu egiten da, atez atekoak errefusaren gutxitze nabarmena dakarrelako. Atez ateko sistemako bilketa bakoitza bosgarren edukiontziaren sistemakoa baino garestiagoa da, baina errefus gutxiago sortzen denez, egun gutxiagotan jasotzen da eta merkeago ateratzen da. Gainera, Colomerrek esan duenez, organikoak ez ditu kamioi garesti eta handiak behar, baina paperak eta ontziek bai. Ibilgailuak herri desberdinen artean partekatzea da gakoa, herri bakoitzak mota guztietakoak eros ez ditzan.

Hizlariaren ustez, atez atekoaren beste abantaila bat lanpostuen sorrera da. Edukiontziekin langile gutxi behar dira, dena mekanizatua baitago eta azpiegitura handiak erabiltzen baitira. Atez atekoarekin langileen kopurua hiru aldiz handiagoa da, azpiegiturak txikiak eta tokian tokikoak direlako. Gipuzkoako herri guztiek sistema hori ezarriko balute, 465 lanpostu sortuko lirateke, errausketarekin baino hamar aldiz gehiago.

«Zerga berdea»

Jordi Colomer Katalunian dagoen «zerga berdea»ren inguruan mintzatu zen. Horren arabera, errefusa zabortegira botatzen duten herriek tasa bat ordaindu behar dute. Gero, irabazitako dirua bilketa ondo egiten duten herrien artean banatzen da. Colomerrek, adibide gisa, Hernanik, zerga berdearen irizpideen arabera, tona bakoitzeko 60 bat euro jasoko lituzkeela aipatu zuen, adibide gisa. Esan zuenez, Katalunian zerga berdea 2004ean ezarri zenetik organiko kopurua bikoiztu egin da.

Ildo horri jarraituz, tasa justuaren ideia plazaratu zuen. Colomerrentzat ur kontsumoa neurtzeko erabiltzen den kontagailuaren antzeko zerbait behar da bakoitzak botatzen duen zaborraren arabera ordaintzeko. Kontagailu hori atez atekoa da, horrela bakarrik jakin baitateke nork botatzen duen zabor gehiago eta nork gutxiago, pisu edo bolumena kontuan hartuta. Abantaila ekonomikoez gain, atez ateko sistemaren malgutasuna nabarmendu zuen Colomerrek. Zabor bilketaren gastua eta zerbitzuak herri bakoitzaren araberakoak dira. Herri batek bilketa bi egunetan egiten badu, bost egunetan egiten duenak baino gutxiago ordainduko du.

zabortegien tasa

Hondakinen bilketa eta kudeaketarako, 1998an %5,5eko tasa ordaindu behar zuten udalerriek, eta urtez urte gora egin du etengabe; egun %21ekoa da, beraz, zabortegietan utzitako zabor-tona bakoitzeko 130 euro ordaindu behar da.

Ikerketen bidez material gehiago birziklagarri izatea lor daiteke

Atez ateko sistemaren abantaila ekonomikoei buruzko jardunaldiaren ondoren, Jordi Colomerrek salatu zuen errauste planta birziklatzearen aurkako proiektua dela. Bere ustez, erraustegiek zaborra behar dute aurrera egin ahal izateko, eta horregatik zaborra sortzera bultzatuko dituzte herritarrak, hain justu, errazen erretzen dena material birziklagarriak direlako.

Horrez gain, atez atekoarekin birziklatu ezin daitezkeen hondakinekin zer egin daitekeen proposatu zuen. Bere hitzetan, aukera onena errauste plantan erabiliko den 400 milioi euroko aurrekontua material birziklaezinak birziklagarri bilakatzeko ikerketak egitera zuzentzea da. Hala ere, horrela, birziklatu ezin den zaborra geldituko litzateke, %5a hain zuzen ere. Horri konponbidea emateko, ekoizpen prozesua aldatzea proposatzen du, birziklaezinak diren materialak debekatuz. Sistema hau jarraituz erabilitako material guztiak birziklagarriak izango lirateke eta zaborra desagertu egingo litzateke.

Ohiturak aldatzea beharrezkoa dela ere ohartarazi zuen. Birziklapena bultzatzeaz gain, zabor gutxiago sortzeko ahalegina egitea. Horrela, ontzi txikiak dituzten produktuak erosi beharrean, ontzi handia duen produktu bakar bat edo ontziratu gabeko produktuak erostea gomendatu zuen, horrela gutxiago birziklatzeko. N. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo