GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik huts handia egin beharko luke 640 kilotako txapelik gabe geratzeko

Jon LEUNDA

Goiherri taldeak esku-eskura dauka denboraldiko lehen txapela. Aurtengo guztiak eskuratzeko faborito nagusia zen, baina 680 kilotakoak ihes egin zion, eta ez du hutsik egin nahi 640 kilotakoan.

Berdeak orain arteko bi saioak irabazita daude, eta sailkapen nagusian bi punturen aldea kentzen diote Mutrikuri. Hauek dira lehen postua kendu diezaieketen bakarrak. Horretarako, ordea, bihar Mutrikuk bizkaitarrei hiru puntu kendu behar dizkie, eta orain artekoa ikusita, hori oso zaila dirudi.

Hortik atzerako postuei begira, hirugarrena dago kolokan, eta hori lortzeko aukerak Aresok eta Gaztedik dituzte. Une honetan nafarrek puntu baten aldea kentzen diete bizkaitarrei, eta horri eusten ahaleginduko dira bihar. Sei izango dira bihar lehian arituko diren taldeak: Goiherri A eta B, Mutriku, Getxo, Gaztedi eta Areso. Saioa, Aiako sarreran izango da, zaharren egoitzaren ondoan (11.30).

Harri festa

Harri festa, horrela izenda daiteke gaur gauean, 22.00etatik aurrera Aiako probalekuan jokatuko den apustua. Alde batetik, Izeta II.a izango da, eta, bestetik, berriz, Aitzondo-Oraso gizon-proba taldea.

Gizon-probako taldeak 680 kilotan sartuta aritu beharko du, bestela kiloko kilo eta erdiko gainkarga eraman beharko du, eta ordu erdia izango dute 900 kiloko harria arrastaka erabiltzeko. Izeta II.ak ere ordu erdia izango du lanean aritzeko, eta 125 kiloko errektangularra erabiliko du tarte horretan. Honek, ordea, besteek ordu erdian egiten duten lana bikoiztu egin beharko du, garaipena erdietsi nahi baldin badu. Alde bakoitzak 3.000 euro izango ditu jokoan. Oraingoz, dirua Izetaren alde dago, eta aiarrak baietz 150 jasoaldi egin ere ari da jokatzen jendea.

Harri kontuekin jarraituz, harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldia jokatuko da gaur Muskizen, Donibane zelaian, 19.00etatik aurrera. Txorierri, Burdin Gazteak, Kabiezes, Trapagaran, Gallarta, Errekatxo eta Las karreras eta KZ Kolpeka neurtuko dira.

Lehen bi jardunaldietan Txorierri nagusitu zen eta hirugarrengoan Burdin Gazteak atera zen garaile. Hiru jardunaldiren ostean, Txorierri dago sailkapeneko lehen postuan, eta bere atzetik, Burdin Gazteak. Gaurkorako ere bi horiek dira garaipena lortzeko faboritoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo