GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada Lehiaketa

Euskal lehiakide gazteak, norabide egokian emaitza bikainak erdiesten

Lehiaketa ezberdinetan parte hartzen duten gazteak gero eta emaitza hobeak lortzen ari dira. Horren adierazle dira Bilbon jokatutako Espainiako Kopako proban sinatutako garaipen bat eta hiru podiumak.

p051_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Urte asko dira Euskal Herrian FEDMEk antolatutako eskalada zirkuituko hitzordu bat egiten ez zela. Azkenean iritsi zen, baina, hala ere, bi aurpegi izan ditu. Bilbon jokatutako Espainiako Kopako probari buruz ari gatzaizkizue. Aurreko astean aipatu genizuenez, nagusien txanda bertan behar geratu zen euriagatik. Gazteen mailakoak, berriz, jokatu ziren.

Euskal ordezkariei dagokienez, Bilbon bertan egin zenez, ohi baino gazte gehiago bertaratu zen; hots, Euskal Mendizale Federazioak atondu duen taldeko kideak baino gehiago. Eta, oro har, gazteen emaitzak bikainak izan zirela baiezta genezake. Guztira, espainiar Estatuko 72 lehiakidek hartu zuten parte; Valladolideko lehen proban baino bat gutxiagok. Oso kopuru egokia gazteen mailari begiratzen badiogu.

Toti Valesek sortutako bideetan oso lehia estuak eta ikusgarriak bizi izan ziren. 16 urtez azpikoen mailak 12 neska izan zituen. Marta Pardok irabazi zuen, eta Miriam Mulas, beste behin, oso erregular aritu zen. Arrasatearrak seigarren postua erdietsi zuen. Aipatu beharra dago oso maila altua dutela kategoria honetan; lasai asko esan daiteke 20 urtez azpikoen nesken pareko aritu zirela. Mutiletan, bestalde, 21 lehiakide izan ziren eta Marc Jimenezek irabazi zuen. Ibai Isusi zazpigarren sailkatu zen.

Itziar Zabala garaile

18 urtez azpikoen mailan, euskal ordezkariek lortutako garaipen bakarra iritsi zen. Valladolideko proban bezala, Itziar Zabalak irabazi zuen. Ondarroarra indartsu dago, eta aurkeztu ziren sei lehiakideen artean indartsuena izan zen. Laugarren eta bosgarren postuetan bi nafar sailkatu ziren: Ilargi Perez eta Ana Valencia.

Mutilak ere oso fin lehiatu ziren. Jose Martin nagusitu zen, baina lehen hamar sailkatuen artean 5 euskal ordezkari izan ziren: Omar Ben Ali (laugarren), Kepa Bruña (bosgarren) eta Iker Elosegi, Mikel Markinez eta Iñaki Velasco (hamargarren postuan berdintuta).

Eta 20 urtez azpikoen mailari dagokionez, nesketan soilik 3 lehiakidek hartu zuten parte. Eta hirugarrena Jone Martinez izan zen. Mutiletan, aldiz, lehen bost sailkatuen artean lau euskal ordezkari izan ziren: Jon Ander Bravo (2.), Jonbe Agirre (3.), Iñaki Viejo (4.) eta Aritz Dominguez (5.).

Bilbon jokatutako probaren emaitzei buruz, EMF-ren selekzioko zuzendari Josean Mulasi iritzia eskatu diogu eta hauxe da bere erantzuna: «Oro har, oso pozik nago gazteek lortu dituzten emaitzekin. Azken urteotan lehia ezberdinetan ari direnak maila bikaina erakusten ari dira. Bilboko proban euskal lehiakide berriak izan ziren, eta batzuek oso maila polita eskaini zuten. Ez gaude, adibidez, Kataluniako lehiakideen parean, baina uste dut bide onetik goazela».

Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba azaroan izango dute Madrilen. Datorren igandean, berriz, oso proba garrantzitsua dute Coruñan (Galizia): Espainiako Txapelketa.

bilbo

72 eskalatzaile gaztek hartu zuten parte Bizkaiko hiriburuan jokatutako proban. Euskal emaitza onena Itziar Zabalak erdietsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo