GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Itsasaldiak: marea gora, marea behera...

Hondartzara joan aurretik, edozeini ongi datorkion zerbait da itsasaldien berri izatea. Hona hemen gutxieneko argibide batzuk.

p054_f01.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

«Egun eguzkitsua gaurkoa, goizean lainoren bat edo beste izango da, baina egunak aurrera egin ahala zerua garbitu eta eguzkia izango da nagusi. Bazkalostean toaila eta bainujantzia hartu eta hondartzara joateko egun aproposa da gaurkoa».

Udan, sarri entzun daitezke horrelako esaldiak irratian edo telebistan, baina eguraldiaren iragarpena ematean ere gezurra esaten duten egungo sasikomunikabide hauen gomendioekin ez dago fidatzerik, ezta horretan ere. Badira marea asko igotzen den egunetan eguzkia hartzeko lekurik gabe geratzen diren hondartzak, Zarautz, Bakio eta Biarritzeko Côte des Basques, esate baterako. Nola jakin dezakegu itsasoa asko igoko den ala ez?

Erraza da. Horretarako marea edo itsasaldi taula bat behar da. Marea taula batekin urteko edozein egunetan itsasaldiak zein ordutan izango diren eta mareak zenbat metro igo eta jaitsiko diren jakin dezakegu (altueran noski, ez luzeran).

Itsasaldi taulak lortzea ere erraza da, herritarrei lapurtzeaz gain, tarteka haien mesederako zerbait ere egitera behartuta omen dauden banku batzuek eskaintzen duten gauzetako bat izan ohi da. Esaterako, Euskadiko Kutxara joan zaitezke itsasaldi taula bat eskatzera. Kontua da itsasaldi taula guztiak ez direla berdinak, batzuek arrantzaleen jardunari begira egindakoak dira, besteak surflarientzat eta abar. Horregatik batzuetan ordu bat edo bi gehitu behar zaizkio ematen zaigun ordutegiari (urte sasoiaren arabera), baina hori liburuxkaren hasieran azaltzen dute normalean.

GARAk eguraldiaren berri emateaz gain, ilargialdiak ere iragartzen ditu, alegia, ilargi aldaketak hileko zein egunetan jazoko diren esaten digu. Gauza bat izan behar dugu kontuan ilargialdiei dagokienez, itsasaldiak iragartzen direna baino egun bat edo bi geroago ematen dira. Adibidez, ekainaren 26an ilbetea izango da, ilargia bere osotasunean daukagu, marea biziak dira, baina itsastaulan begiratzen badugu, itsagoraren maila gorena hurrengo egunean izango dela ikusiko dugu eta baita itsabeheraren maila gorena ere. Atzerapen horren arrazoia lurraren eta ilargiaren arteko distantzian datza, horregatik batzuetan urrunago dagoenez atzerapena bi egunekoa izaten da. Hala eta guztiz ere, atal berean itsasaldiak zein ordutan izango diren eta mareak zenbat metro igo edo jaitsiko diren ere azaltzen da, beraz, datu horiekin, hondartzara joan aurretik, itsasaldien irakurketa egiteko moduan gaude.

Nolanahi ere, oro har, hau da kontuan hartu behar den kontua: aste batean marea hilak izaten dira eta ondorengo astean, berriz, marea biziak. Marea hilak direnean itsasaldiak nahiko motelak izaten dira; itsagoran marea ez da hainbeste igotzen eta itsabeheran ere ez da asko jaisten. Marea biziak direnean, ostera, itsasgora denean marea asko igotzen da eta itsasbeheran asko jaisten da.

Kontuan hartu beharreko beste gauza bat zera da, egunero bi bider izaten dela itsasgora eta beste bi bider itsasbehera. Batetik bestera sei orduko tartea izaten da eta egunero ia ordubeteko atzerapena gertatzen da. Adibidez, gaur itsasbehera goizeko zortzietan izan bada, badakigu sei ordura izango dela itsasgora, alegia, arratsaldeko ordu bietan, eta marea aldaketa bakoitzean ordu laurden inguruko geldialdi moduko bat izaten denez, ordubeteko galera bat gertatzen da eguneko. Horrela, gaur itsasgora goizeko zortzietan izan bada, bihar, 9.00etan izango da marea goian. Hau ez da oso zehatza, baina gutxi gorabeherako kalkulua egiteko balioko digu.

Marea hilak edo biziak izateak ez dauka inongo zerikusirik olatuen altuerarekin, itsasaldien koefizientean bakarrik eragiten du eta arrazoia ilargiaren kokalekua izan ohi da. Ilargi betea edo ilargi hutsa denean, alegia, ilbetean edo ilberrian, marea biziak izaten dira, eta ilbeheran eta ilgoran, berriz, marea hilak. Koefizientea aldatu egiten da urte sasoiaren arabera, batzuetan marea biziak beste batzuetan baino biziagoak dira eta alderantziz. Marea hilekin ere berdin gertatzen da; batzuetan besteetan baino motelagoak izan daitezke. Koefizientea altua denean eta, ondorioz, marea asko igotzen denean, olatuak oso handiak badira, txikizioak eragin ditzake kostaldean. Horrelakoetan atera ohi dira Donostiako Pasealeku Berriaren kontra eztanda egiten duten olatuen irudi zoragarriak. Baina, esan bezala, bereizi beharra dago, olatuen altuerak itsaso zabalean dauden haize zurrunbiloen eraginarekin zerikusia du eta mareen koefizienteak, berriz, lurraren eta ilargiaren arteko distantziarekin.

Hortaz, hilero bi astetan marea biziak izaten dira eta beste bi astetan marea hilak. Kantauri itsasoan marea hilak izaten diren astean goizean itsasgora izaten da eta, arratsaldean, itsasbehera. Hurrengo astean, marea biziak direnean, goizean, itsasbehera (oso behean) eta, arratsaldean, itsasgora (oso goian). Eta horrela, hurrengo astean berriro ere marea hilak izango dira eta, jarraian, biziak, eta behin eta berriz errepikatzen da.

Itsasaldiak oso garrantzitsuak dira surflarientzat, leku batzuetan marea puntu oso zehatzetan soilik egin daiteke surfa, eta marea biziak edo hilak izateak garrantzi ikaragarria dauka. Badira lekuak marea igotzean haitz batzuk ezkutatu eta bertan surfean aritzeko aukera ematen digutenak. Beste leku batzuetan marea jaistean haitzak urrunago egongo dira eta lasaiago ibil gintezke, eta beste hainbat lekutan, ostera, marea erdian egotea komeni da. Azken hauetan, esaterako, marea hilak izatea egokiagoa da, izan ere, marea biziak direnean oso azkar igotzen da marea eta une apropos hori oso laburra izaten da.

Olatuak, hondoen arabera, modu batera edo bestera lehertzen dira, eta itsasoa etengabe mugitzen denez, oso zaila da une egokia zein den hautematea. Behaketa lan handia eskatzen duen afera da leku bakoitzari zein baldintza dagozkion ikastea. Denbora asko behar da leku bakoitzari so egoteko eta itsasaldiek, haizeak eta itsasoaren norabide desberdinek leku bakoitzean sortzen dituzten baldintza anitzak ikasteko. Azken finean, itsasaldiak, nahiz eta puntu garrantzitsu bat izan, kontuan hartu behar den osotasun baten atal bat baino ez dira.

Hala eta guztiz ere, arrantzaleez eta surflariez gain, itsasaldien berri izatea ongi datorkio hondartzara joan nahi duen orori, horrela, eguraldi ona egiten duen egunetan eta hondartzara joateko esaten zaigunean ilargiaren egoera jakitea nahikoa dugu marea non izango den jakiteko. Ilargi betea badago, ez joan Zarautza arratsaldez eguzkia hartzera, ez baita lekurik izango, malekoiko harri gogorraren gainean etzan nahi ez badugu behintzat. Hautatu beste hondartza bat, kasurik txarrenean ere marea goraino igotzen ez den hondartzaren bat. Gure kostaldean, zorionez, anitz dira, Orio, Barinatxe, Laida, Hondarribia, Angelu, Sokoa,...batzuk aipatzearren.

Badakizue, hondartzara joateko, itsastaula, toalla eta bainujantzia. Garai honetan azala oraindik esne kolorekoa izango dugu, beraz, eguzki-izpietatik babestea ere komeni da, horretarako, noski, ez dago gerizpea bezalakorik eta, bestela, eguzkitarako krema eman dezakegu, baina neurrian, zeren itsasoan sartzen garenean krema horiek ura kutsatzen dute gainazalean olio xafla zabalduz. Eta, besterik gabe, Itoizen abestiaren doinuekin «marea gora, marea behera...» gozatzera!

Mundaka: olatu kapritxosoa, itsasbehera eta marea biziak

Aurten ere badirudi ez dela munduko txapelketarik izango Mundakan. Orain bi urte, txapelketa amaitu eta astebetera sekulako olatuak izan ziren, aspaldian izandako onenak.

Mundakak oso baldintza zehatzak bete behar ditu olatua behar bezala leher dadin. Lehen baldintza gutxieneko itsasaldi bat izatea da, olatuek gutxienez bi metroko altuera izan behar dute lekuan behar bezala altxatzeko. Bigarren baldintza itsasbehera da. Soilik itsasbeheran izaten da olatua bere onenean, beraz, txanda asko egiteko betarik ere ez da izaten. Bi baldintza horiei hego haizea gehituz gero, ordea, munduko olaturik onenetakoa da gurea. H. L. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo