GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Kepa Acero: bost uhin, bost kontinente

Haritz LARRAÑAGA Surf monitorea

Aurtengoan munduko bost kontinente zeharkatuko ditu Kepa Acero algortarrak. Kontinente bakoitzean mundu mailan ezagun den olatu bat topatu eta berau baldintza onenetan dastatu ostean, beste kontinente batera abiatuko da. Lehenik, Namibian izan da. Hurrengo geltokiak Painatan du izena eta Indonesiako Java uhartearen mendebaldean dago. Handik Australiara joko du, kontinente zahar eta handi honen hegomendebaldean Gnaralu izeneko leku bat aurkitu behar du. Laugarren kontinentea Amerika izango da, Txileko Patagoniako ur hotzek ere olatu onak gordetzen dituzte. Bidaiaren azken geldialdia, noski, etxean izango da, Mundakako olatu bikainetan gozatzeko.

Maiatzaren 16an abiatu zen acerotarretatik gazteena, bakar-bakarrik, bidaiaren baldintzetako bat ere horixe baita, bakarrik egitea. Sei taula eta bi kamera ere eraman zituen egunerokoaren erreportajetxoa egiteko. Kamera bat uretakoa da, surfean ari denean ere bere burua grabatu ahal izateko.

Bidaiaren zailtasun nagusiak bi dira, batetik, lekua aurkitzea eta bertaratzea eta, bestetik, tokiko olatuan baldintza onenetan surf egitea. Lehen geldiunea Afrikako hego-mendebaldean izan zuen, Namibiako kostaldean. Bertan, iaz Cory Lopezek irudi liluragarriak bildu zituen, «the new Cape St. Francis» deitu zuen leku batean. Leku hartan bideoz jasotako lehen olatua izan zen berea eta Youtube-n zintzilikatu zuen pasartea. Cory Lopez ia amaierarik ez zuen ezker olatu bikain batean surf egiten agertzen zen, itsas txakurrak nonahi ziren leku batean, Namibiako desertuak itsasoaren egiarekin bat egiten duen leku bakarti batean. Irudi haiei esker, tuborik luzeenaren saria ere jaso zuen, bere lehen olatuan egin zuen tubo luzeari esker.

Kepa egiten ari den bidaiaren helburuen artean olatu jakin batzuk badaude ere, edozein bidaiazalek jarraitzeko proiektua da berea, izan ere, oso ongi deskribatzen ditu lekuko bizipenak. Ikuspegi bitxi eta interesgarria da berea, ezohikoa. Azken urteetan gauzatu dituen hainbat ekimen ere halakoak izan dira, surfa eta artea uztartuz antolatutako erakusketa, esate baterako.

Gezurra badirudi ere, surflariak munduko txoko guztietara joaten dira olatu onenen bila, baina olatuez gain, leku horietako kulturaz eta jendeaz ezer gutxi ikasten dute. Adibide moduan jarrita, joan den asteko erreportajean aipatzen zen 2006an Rip Curl Search txapelketa ospatu zela ordura arte ezezaguna zen Barra De La Cruz herrixkatik gertu dagoen izen bereko olatuan. 45 parte hartzaileetatik kide bakarrak hartu zuen egun haietan herrixkan bertan aterpe (Cris Ward estatubatuarra). Gainontzeko kirolariek nahiago izan zuten Tapachulako hoteletara jo eta egunero autoz ordubetetik gorako bidaia egin hondartzara bertaratzeko. Anekdota hutsa izan daiteke, baina jarrera nagusia halakoa izaten da eta bestela galdetu Indonesiara edo beste edozein lekutara joan den surflari bati bertako hizkuntzan zenbat hitz ikasi dituen.

Bidaia egin aurretik norbaitek esan omen zion Kepari kostalde horretako hondartzetan edozer gauza aurki zitekeela, ume baten kaskezurra, gorputz atalen bat edo beste eta antzeko gauzak. Kepak esames hutsak ez direla eta bere begiekin ikusi ahal izan zuela ere aipatzen du. Azken finean, zerbaitegatik izango du daukan izena itsas eremu hark, Skeleton Coast.

Kepak bidean ezagutzen dituen lagunak deskribatzen ditu, haien ohiturak azaltzen ditu, datu interesgarri asko ematen ditu eta bidean egin berri duen lagunaren hizkuntzan oinarrizko hitzak (eskerrik asko, gabon...) ere ikasi ditu. 27 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira Namibiako errepublikan, swambo deritzona da Kepa hitz egiten saiatzen dena.

Egunerokotasunean ikusitako gauza bitxiak aipatzen dizkigu eta, harrigarria badirudi ere, surfaz oso gutxi mintzo da. Egiaz, olatu bila dabilen surflariaren bidaia horrelakoa izaten baita, abenturaz josia bai, baina olatuz eskasa. Hala ere, ekainaren 6an lortu zuen olatuak baldintza onetan dastatzea, nahiz eta bera bila zebilen lekuan ez izan. Ez zegoen bakarrik ordea, milaka fokak eta arrainek laguntzen zuten, sekulako beldurra izan omen zuen. Itsasora so egin eta begiradak ura besterik antzematen ez duen leku bat aitzinean, eta lehorragoa izan ezin duen amaierarik gabeko desertu bat gibelean, bi eremu kolosal horien erdian surfean aritzeak, zirrara berezia eragin omen zion. Azkenean, ekainaren 16an lortu zuen bila zebilen olatuan surf egitea, baina olatuak txikiak ziren. Lastima!

Esandakoa, proiektu interesgarria Kepa burutzen ari dena eta gainera bidaiaren nondik norakoak bere web orrialdean ikus ditzakezue: www.fivewavessurf.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo