Josebe EGIA
Herriaren kemenari deika
Zein garai bizitzen ari garen ez dakit ohartzen garen, kolektiboki, esan nahi da. Aroak eta historia bera, igaro eta denbora batera bihurtu ohi baitira aro eta historia. Eta une haietan zertan genbiltzan oroitzen badugu ere, unearen berezitasunaz ez ginela gehiegi jabetzen konturatzen gara. Alegia, pasa zela, eta «agian hau egin izan bagenu»... zertxobait urrunago iritsiko ginelako sentsazioa geratzen zaigu.
Hain zuzen ere, sentsazio hori gainditzeko aukera parez pare orain dugula uste dut. Hain daude harrotuta hautsak, hain dago kezkatuta jendea, irainduta eta haserre, non masaren energia eta indarra benetan balia daitekeelakoan nago. Daitekeelakoan ez ezik, egin behar delakoan ere bai. Kezkak, loa kentzeko balio izateaz gain, bestelako sentimendu eta grinen eragile eta sustatzaile ere izan daitezkeelako. Eta, batik bat, hari ezin hobe eta sendoa pertsonok elkartu eta baterako erresistentziari ekin diezaiogun.
Krisi garaian gaude; herri xeheak ez bestelako diru-gose basatiek sorturiko krisian murgilduta. Orain arte ugariak izan dira herritar kaltetuak, ezinean bizitzera kondenatuak, hemendik aurrera are gehiago izango gara; hasteko, langile guztiok, eta bereziki, egoera prekarioenetan daudenak, bestela ere azkarren eta errazen galtzen dutenak, aukerak eta babesa jaso beharrean, etengabe kolokan daudenak. Lan-erreforma hemen da eta gainbegirada hutsa nahikoa da Gobernu espainolak, eta bestelakoek, beren jarrera eta politikaren norabidea argi eta garbi finkatu dutela ulertzeko, gizarte-murrizketak nahikoa izan ez balira bezala.
Ekonomiaren nondik norakoa azaltzea ez da erraza, ondorioak, aldiz, di-da batean azal daitezke: herritarron bizkarretik konpontzen dira gehiegikeriak, herritar aberatsenak apenas estutu barik langileak itota, egoera ahulenetan daudenak eta gizarte honen baitan dirauten ezberdintasunak jasaten dituztenak aintzat hartu eta babestu beharrean, jasotzen dituzten laguntzak eta ezinbesteko pizgarriak kenduta, bestelako zulo «premiazkoagoak» estaltzeko. Lehenago edo beranduago, gobernu ororen errezeta tradizionala, ezaguna, hain aurresangarria: garai oparoetan, eta batik bat hauteskunde boladetan, hainbeste zabaldutako berdintasunerako formulak, baztertuta daudenak gizarteratzeko tresnak, eredu berria eta justuagoa ezartzeko konpromisoa ahaztu, putz, eta aurrekora baino okerragora jo.
Nahikoa da, baina. Kezkak, indarrak eta agintari axolagabeei aurre egiteko gogo bizia batzeko eta tresna eraginkor bilakatzeko garai bikainean gaude. Denok baitugu zeresana, maila pertsonalean zein kolektiboan, norberaren bizi-esparru ñimiñoa erasoa ikustera itxaron barik, denon erantzukizuna delako onartezina dena ez onartzea. Gizartearen berdintasuna, justizia eta gizatasuna kolokan jartzen ari direnen aurka altxatzea. Ni kezkatuta nago, emakumea eta langilea naizen heinean, eta ziur nago zu ere antzeko zabiltzala. Haserre ere bai. Egin dezagun elkarrekin topatzeko, eta une hau «egin izan bagenu» barik igarotzea lortzeko. Barneratzen hasi beharra daukagu-eta gako bakarra geu garela, herri xehea, hain zuzen.