GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Agurainen ahalegin handia egiten ari gara euskara kalera ateratzeko»

p014_f05_088x056.jpg

 
MAITE ORTEGA
LAUTADA IKASTOLAKO ZUZENDARIA

Lehen ikasturtea bete du Lautada ikastolak. Urte berean Araba Euskaraz antolatzea egokitu zaie eta berriro errepikatuko luketela diote, Agurainen euskara «kalera ateratzen» laguntzeko.

«Agurainen ahalegin handia egiten ari gara euskara kalera ateratzeko»

Zer ekarri dio Aguraini eta Lautada ikastolari Araba Euskaraz bertan ospatu izanak?

Hasteko, guk uste dugu jaialdi honen bitartez jende guztiak jakingo duela Agurainen ikastola berri bat dagoela. Jendeak gu ezagutzea ona dela uste dugu. Gero, kontuan hartu behar dugu euskara kaleratu behar dugula eta Agurainen ahalegin handia egiten ari gara hori gertatzeko. Jakina denez, Arabako egoera ez da oso ona eta horrela jendeak hemen egiten dugun lanaren eta ahaleginaren berri izango du.

Urtebete baino ez du ikastolak. Nola sortu zen?

Egia da ikastola gisa berria dela, baina ikastetxe moduan urte piloa daramatzagu lanean. Lehen hemen mojak zeuden, mojen ikastetxea zen. Duela urte eta erdi mojek saldu egin zuten ikastetxea eta gurasoek kooperatiba bidez erosi zuten. Langile berberek jarraitu dugu eta lan handia izan dugun arren, dena berria delako, pozik gaude eta hobetzen jarraitzeko prest. Lehen B eredua geneukan bi urtetik 16ra eta orain D eredua ezarri nahi dugu. Iaz saiatu ginen baimena eskatuz Haur Hezkuntza osoan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan, baina ezetz erantzun ziguten. 2 eta 3 urtekoen gelatan bakarrik ezarri dugu D eredua. Aurten berriro saiatuko gara.

Deigarria da gurasoen inplikazioa.

Bai, benetan aipagarria. Askoz errazagoa da ez inplikatzea eta gauzak alde batetik edo bestetik ea konpontzen diren zain geratzea. Lehen momentutik inplikatu ziren, ordea. Hasieran, guztiak ez zeuden ados, baina poliki-poliki ia guztiak egin dira kooperatibista. Gurasoek ikastolaren egunerokotasunean parte hartzen dute, egunean zehar hemen ibiltzen dira eta ikusten dute zer den hau eta nola funtzionatzen duen.

Zer nolako harrera izan duzue Agurainen?

Hemen ikastola publiko bat ere badago. Orain arte beraiek bakarrik zeukaten D eredua eta orain denok gaude lan berean. Nire ustez, herriarentzat askoz hobea izango da. Herrian oso onarpena ona izan du. Ume kopuruari dagokionez, ia kopuru berberak mantentzen dira.

Jaialdian lortutako etekinak zertarako erabiliko dituzue?

Daukagun eraikina oso handia da, baina nahiko desaprobetxatuta dago eta barrukoa moldatu nahi dugu, espazioak ondo aprobetxatzeko. Horrez gain, kiroldegia itxi nahi genuke, estali gabe daukagu-eta. Baina gurasoek dioten bezala, guk proiektu bakarra daukagu: Lautada ikastola.

Manex ALTUNA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo