Avironek eginbeharrak ongi bete ditu eta berriro ere N1 Mailan arituko da
Avironek datorren urtean ere N1 Mailan jarraituko du. Aurten maila horretan inoiz lortu duen sailkapenik onena lortu du, hamaikagarren postuan amaitu baitu. Datorren urterako hori hobetu egin nahi dute, eta horretarako taldea egiten ari dira, Bigarren Maila gertu baitute.
Jon LEUNDA
Amaitu da N1 Mailako Liga, eta bertan aritu da Aviron Baionakoa. Zuri-urdinak dira Frantziako Ligan ari direnen artetik euskal talderik onena, eta Espainiako Ligarekin alderaketa bat egin behar bada, N1 Espainiako Ligako Bigarren A eta Bigarren B mailen tartean kokatu daiteke. Lapurtarren asmoa mailari eustea zen Ligaren aitzinean, eta helburua ondo baino hobeto bete dute.
Alain Pochatek zuzentzen dituen mutilek maila honetan inoiz lortu duten sailkapenik onena lortu dute, izan ere, hamaikagarren postuan amaitu dute, eta Liga bukatu baino bi jardunaldi lehenago segurtatuta zuten zeuden lekuan jarraitzeko txartela. Lehen aldiz, gainera, hiru urte jarraian egingo dituzte maila honetan. Aurreko aldian, bigarren denboraldian galdu zuten maila, eta oraingoan langa hori gainditu dute, eta badirudi apurka-apurka mailari tamaina hartu diotela jokalari zuri-urdinek.
Ez da erraza maila honetan aritzea, diru laguntza gutxi baitaude, eta diru asko behar baita. Multzo bakarra dago, bidaiak luzeak dira, eta dirutza xahutzen da horietan. Zuri-urdinek mailako aurrekonturik txikiena zuten, baina guztiari aurre egin diote. Udan fitxatze onak egin zituzten, eta etxekoen indarrarekin, taldeak aise eutsi dio mailari.
Beti esan ohi da taldean etxeko jendea, sentimenduak dituen jendea, edukitzea beharrezkoa dela. Horri atzerritar onak gehitzea ere batzuetan garrantzitsua izaten da, eta aurtengo denboraldian, diru gutxirekin, Avirongo zuzendari teknikoek oso talde lehiakorra egin dute. Hala, taldeak erantzun ezin hobea eman du.
Ximun Duhour da taldeko atezain eta arima, eta oso gustura dago taldeak egin duen lanarekin: «Oso denboraldi ona egin dugu. Taldea apurka-apurka gora egiten ari da, eta aurten lehen hamaika taldeen artean amaitu dugu. Heldu den urtean gorago ibiltzeko proiektu bat badago, eta horretan saiatu behar dugu», azaldu du Kanboko atezainak.
Izan ere, Bigarren Maila gero eta gertuago ikusten dute: «Oso gertu daukagu Bigarren Maila. Agian eskarmentu apur bat falta zaigu, baina hori ere hartzen ari gara, eta garbi dago futbola gorantz doala Ipar Euskal Herrian, eta horrela joan behar duela», aitortu du atezainak.
Jendeak ere erantzun ona eman die aurtengo partidetan, eta norgehiagoka garrantzitsuak Didier Deschamps zelaitik atera behar izan zituzten Jean Dauguerrera eramateko. Stade Reimsen aurka, esaterako, 6.000 ikusle inguru izan ziren neurketa ikusten, aurtengo sarrerarik onena.
Taldeko jokalariek ere maila bikaina eman dute. Atean Ximun aritu da. Denboraldi bikaina egiten ari zen, baina otsailean meniskoa apurtu zuen, eta denboraldiko azken partidetara arte ezin izan du berriro jokatu. Bere ordez aritu denak ere, Caradecek, maila bikaina eman du.
Atzealdeak ere segurtasun handia eman du, Estrade edo Rolland buru zirela, eta zelai erdian ere Bidegain, Lalane edo Lacroixz han agertu dira. Aurrealdean bi afrikar nabarmendu dira: N´Zinga, Angolakoa, eta Texeira Barbosa, Ginea Bissaukoa. Aipaturiko jokalari hauek guztiak, gainera, heldu den urtean ere Baionan jarraituko dute, zalantzan dagoena Texeira Barbosa da. Hau Lehen Mailako Lillek utzita aritu da, eta ez daki zer gertatuko den, baina Lillen geratzen ez bada, Baionara itzuli nahi duela adierazi du.
Ikastolekin lanean
Ikastolekin lanean ere ari da Avirongo taldea, Ximunek aitortu digunez: «Ikastoletako umeekin ere harremanetan hasi gara aurten, eta helburua Aviron futbol taldea leku guztietara zabaltzea da. Errugbiak indar handia dauka hemen, baina garbi dago futbolak ere leku bat baduela, eta oraindik gauden baino gorago hel gaitezkeela. Ipar Euskal Herriak ere behar luke mailarik gorenean talde bat», esan zuen.
Euskal Herriko talderik gehienetan gertatzen den moduan, Avirongo aldagelan ere sekulako giroa dago, eta hori zelaian ere nabaritzen da: «Ez da diru asko irabazten, baina irabazi beharrekoa badakizu kobratuko duzula. Gainera daukagun giroa sekulakoa da, eta kanpotarrek ere hemen geratu nahi izaten dute», esan zuen.
Genets Angelukoak ere bere helburua bete du CFA Mailari eutsita. Maila hau Espainiako Ligako Bigarren B Mailaren parekoa dela esan daiteke.
100 urte betetzen dira aurten Genets sortu zela, eta mailari eusteko erronka zuten lapurtarrek. Hasiera oso txarra izan zuten, jardunaldi asko igaro baitzituzten partida bakar bat ere irabazi gabe. Behin, lehen garaipena lortu ostean, bazirudien gorantz abiatuko zirela, baina denboraldiaren zatirik handienean jaitsierako postuan egon dira.
Azken jardunaldian ere ez zituzten gauzak erraz, izan ere, beraiek irabazi egin behar zuten, eta Girondins B taldeak ezin zuen garaipenik lortu.
Partida guztiak tenore berean hasi ziren, eta neurketak amaitzeko bost minutu falta zirela, Genets berdintzen ari zen eta Girondins irabazten. Dena galduta zegoela zirudien, baina amaieran Genetsek garaipena eman zion gola lortu zuen, eta luzapenean Girondinsi gola egin zioten. Horrela hori-berdeek mailari eutsi ahal izan zioten. Aurtengo nahia beteta, hurrengo urtean ere asmo bera izango dute jokalari lapurtarrek. J.L.