GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri proba Aiako apustua

Izetak marka handia eginda eraman du norgehiagoka

Aiarrak 159 jasoaldi eman zizkion ordu erdian 125 kiloko errektangularrari, eta tarte berean gizon-probako taldeak 71 plaza egin zituen 900 kiloko harriarekin.

p047_f01.jpg

Jon LEUNDA

Izeta II.ak marka handia eginda irabazi zuen herenegun gauean Aiako probalekuan jokatu zen apustua. Aiarrak ordu erdian 159 jasoaldi eman zizkion 125 kiloko harri errektangularrari. Aitzondo-Oarso gizon-proba taldeak, berriz, 71 plaza egin zituen denbora berean 900 kiloko harriarekin.

400 ikusle inguru batu ziren apustua ikustera, eta giro bikaina izan zen harmailetan. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen, eta gizon-probako taldeak zortzi lagunez osatutakoa izan behar zuen. Izetak, irabazteko, gizon-probako taldeak egiten zuen marka bikoiztu behar zuen, eta amaieran aise lortu zuen garaipena harri-jasotzaileak. Dirua hasieratik zegoen Izetaren alde, eta saioa hasi aurretik 145 jasoaldi eman baietz ere kantatzen zuten artekariek.

Gizon-probako taldea izan zen lanean hasten lehena, eta ez zuten izan lan erraza. Izan ere, euria gogotik ari zuen kanpoan, eta hezetasuna barruraino sartu zen, eta horrek plaza zaildu egin zuen. Beraien helburua 75 plazara heltzea zen, baina 71 lortu zituzten.

Horiek lanak amaitu ostean, ekin zion lanari Izeta II.ak, eta aiarrak sekulako erakustaldia egin zuen. Minutuko bost jasoaldi emanez aritu zen ia amaierara arte. Bost jasoaldi segidan egin, eta minutua betetzeko geratzen zen tartea atsedenerako erabiltzen zuen; horrela aritu zen tarterik handienean.

Bere bi anaia alboan zituela, lana ederki eginez aritu zen, eta amaierara oso fresko heldu zen. Hala, azken txanpan hamalau jasoaldi eman zituen jarraian, eta guztira 159 jasoaldi egin zituen. Dudarik gabe, marka handia egin zuen. Ez da ahaztu behar, gainera, Izeta II.ak 43 urte beteak dituela.

«Dena ongi atera da»

Izeta II.a pozez gainezka zegoen garaipenaren ostean: «Dena ongi joan da. Gorputzaldi bikaina harrapatu dut, eta oso ongi aritu naiz. Amaieran uste baino jasoaldi gehiago eman dizkiot, eta oso gustura egoteko moduan nago», esan zuen.

Astean zehar 150 jasoaldi emango zituela esaten zuten adituek, baina berari hori asko iruditzen zitzaiola esan du behin eta berriz, baina langa hori ere gainditu egin du. «Egia esan, 150era heltzea oso zaila ikusten nuen. Ordu erdiko lana luzea da, eta hor gorabehera handiak izan daitezke. Kezkarik handiena azkeneko bost minutuek ematen zidaten. Tarte horretara estu heltzen bazara, jasoaldi gutxi egiten dira, baina ni oso ongi heldu naiz, uste baino freskoago, eta gero jendeak ematen zizkidan animoek ere bultzada handia eman didate, eta uste dut dudan adinerako oso marka ona egin dudala. Agian orain dela urte batzuk jasoaldi gehiago ere emango nizkion, baina 43 urterekin hau dena egitea marka ona dela uste dut», esan zuen.

Lanerako giroa aproposa izan zuela ere onartu zuen: «Giroa niretzat oso ona izan da. Fresko egiten zuen, eta horrela hobeto aritzen zara. Lan hau bera beroarekin eta hego haizearekin tokatu balitz, agian oso ezberdina izango zen, baina niretzat aproposa izan da. Probalarientzat, berriz, giroa ez da ona izan. Hezetasunak plaza zaildu egin du, eta haiei kalte egin die ziur asko», adierazi zuen.

Azkenik, aurrea egiteko ere larunbat gaueko garaipenak indarra ematen duela baieztatu zuen: «Horrelako saioek indar handia ematen dute. Lan oso ona egin dut, eta irabazteaz gain, uste dut marka handia egin dudala. Nahiz eta 43 urte izan, aurrera egiteko ere indartu egiten da bat honelako lanak egin ostean. Orain uda dator, eta erakustaldiak torneo batzuekin tartekatu beharko ditut, baina, ustez, ongi nago, eta garaipen honek eta marka honek sekulako indarra eman didate». Horrela amaitu zuen bere jarduna Aiako kirolari handiak.

Ez zuten asmatu

Astean adituek «Izetak 150 jasoaldi eman baietz» esaten zuten. Saioa hasi aurretik, artekariek «145 baietz» esaten zuten, baina aurreikuspen horiek guztiak oso txiki geratu ziren, Izetak 159 jasoaldi ere eman baitzituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo