«Hezkuntza ezin da gizartearen beharrei bizkar emanda arautu»
Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusean ari da irakasle, Irakasle Eskolan hain zuzen ere, eta arduraz eta kezkaz bizi izan ditu azken hilabeteak administrazioek inposizioren bidea hartu dutela ulertuta. Beste hamarka irakaslerekin batera, «Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde» lelopean Donostian gaur egingo den manifestaldiaren deitzaileetako bat da Elizalde.
Oihana LLORENTE
Gaur, 18.00etatik aurrera, hezkuntza arloari eragin dioten azken neurrien aurrean desadostasuna agertzeko aukera izango dute herritarrek Donostiako Boulevardetik abiatuta, bai eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko beta ere.
«Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde» goiburupean manifestaldia deitu duzue Donostian irakasle talde batek. Zergatik egin duzue deialdia? Zer da Donostiako kaleetan aldarrikatuko duzuena?
Deialdi hau egin dugu ekimenaren hasierako bultzatzaileok, gehienok irakasle izanik, antzeman dugulako hezkuntzaren arloan Euskal Herriko hiru esparru administratiboetan hainbat neurri hartzen ari direla urtetan hezkuntzan eman diren urratsen aurka, eta hori ikuspegi partidista batetik, oinarri pedagogiko sendorik gabe. Donostian agertu nahi dugu hezkuntza komunitatearen eta oro har euskal gizartearen desadostasuna neurri horien aurrean, eta hezkuntza komunitatearen eta gizartearen beharrei erantzungo dien hezkuntza ere aldarrikatu nahi dugu.
Zer-nolako babesa jaso du agiriak hezkuntza arloan? Sortutako blogak jaso al ditu herritarren atxikimenduak?
Agiriak babes zabala jaso du hezkuntza komunitatean. Ekimena jatorrian unibertsitateko eta ikastetxeetako hainbat irakasleren iniziatiba izanik, babes zabalena horien artean jaso dugu. Gainera, hasieratik ardura berezia izan dugu ekimenak irudika dezan herri honetan hezkuntzaren arloan ere ematen den aniztasuna eta kolorea, sigletatik haratago. Horregatik, eragile, sindikatu eta alderdien babesa bigarren maila batean geratu da.
Zer-nolako giroa bizi da egun hezkuntzan?
Aurtengo ikasturtea ebaluatu beharko bagenu, garai bateko «kalabazak» banatu beharko genituzke, hasteko geure hezkuntza arduradunen artean. Hezkuntza arloko terminologia erabiltzearren, bai prozeduretan, bai edukietan, bai jarreretan, administrazioek huts egin dute, inposizioren bidetik jo dutelako eta herri honen beharren eta borondatearen aurrean ezjakintasuna edo arduragabekeria agertu dutelako. Horren aurrean hezkuntza komunitatea -langileak, gurasoak eta ikasleak-, oso kezkatuta dago.
Agirian inposaketez mintzo zarete. Irakasleek eta hezkuntza munduak zein erabaki hartu ditu inposaketa bezala?
Euskal Herriaren hiru esparru administratiboetan eman dira administrazioen alde bakarreko erabakiak. Baina esparru bakoitzak bere bereizgarri propioak izan arren, uste dugu hiru esparruetan ari direla hainbat erabaki hartzen euskararen berreskurapenaren eta normalizazioren eta euskal kulturaren transmisioaren arloan. Hor ditugu euskaren ofizialtasun eza eta irakasle euskaldunen gabezia, curriculum jakin baten ezarpen ez adostua, euskararen ezagutza eta normalizazioa arriskuan jar dezaketen ereduak (dela TIL, British edo marko hirueleduna), testu liburuen zentsura, biktimen inguruko planak... Neurri horiek hartzeko, eragile ezberdinen parte hartzea bultzatzen eta adostasunak bilatzen saiatu direla diote; aldiz, ez dute funtsezko harremanik izan inorekin eta ez dute horretarako inongo ahaleginik egin. Erabaki hauek hezkuntza munduari ezarritako inposizio hutsak dira nabarmenki.
Hezkuntza arloan euskararen presentzia lausotzeak zein ondorio ekar diezaioke euskarari berari?
Jakina, gure hezkuntza sistemak gure neska-mutikoak eleanitzak izatea bermatu behar du, baina ezin dugu inolaz ere ahaztu euskal hezkuntzaren ardatza euskarak izan behar duela. Badira arrazoi psikolinguistiko eta pedagogikoak, baita sozialak ere, hori defendatzeko. Proposatzen diren ereduekin, eskolak euskararen ezagupen eta normalizaziorako tresna nagusi izateari utziko lioke.
Salatzen duzuenez, bai Eusko Autonomia Erkidegoan, bai Nafarroan, eta baita Iparraldean ere, badira hamaika neurri hezkuntza munduari eragiten diotenak. Zergatik deritzozue horrela dela?
Ukaezina da administrazioen eginkizuna dela hezkuntza zerbitzua arautzea eta antolatzea. Baina eginkizun hori ezin da bete neska-mutikoen eta gizartearen beharrei bizkarra emanda. Aldiz, aipatu ditugun neurri gehienak horrela hartu dituzte, ikastetxeetan egonezina eta haserrea eraginez.
Hezkuntza eskoletako pareten barruan lan egiten dutenen arazoa besterik ez dela ulertzen da askotan. Zergatik deritzozue larunbatean herritarrek ere parte hartu behar dutela?
Herri baten hezkuntza sistemak herri horretako neska-mutikoen eta gizarte osoaren behar, eskubide eta borondateari erantzun behar diolako, betiere bertako errealitatea aintzat hartuz, gure kasuan bertako hizkuntza eta kultura normalizatzea. Horrenbestez, hezkuntza ezin da izan alderdi baten edo beste baten, gobernu baten edo beste baten, tresna.