GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txosnak Munoara itzuli dira San Pelaio jaiak ospatzeko

Herritarren ekimenez, txosnak ohiko tokira itzuli dira Zarautzeko San Pelaio jaietan. Iñurritza auzoko jaiak atzo hasi ziren eta bihar arte iraungo dute; beraz, oraindik gauza asko gelditzen dira egiteko, jai batzordeak astebururako egitarau zabala prestatu baitu. Erromeria eta doako gazta eta ardo dastatzea bi egunetan izango dute.

p022_f02_111x111.jpg

Nagore BELASTEGI

Gurekin Jai Zarautzeko batzordeak San Pelaio jaietan txosnak Munoa plazan jartzeko baimena lortu du. Gurekin Jai txosna gunea antolatzeaz arduratzen den elkartea da, eta iaz Udalak ez zien baimenik eman txosnak betiko tokian jartzeko. Aurten ere erdigunetik urrundu nahi zituzten gazteak, baina «Txosnak noa? txosnak Munoa!!» kanpainari esker zarauztarrak bildu eta bideoklip bat grabatu zuten. Izandako laguntzagatik, azkenean, Udalak txosna gunea Munoan jartzeko baimena eman dio batzordeari. Bideoklipa Youtube webgunean ikus daiteke.

Txosnetan, San Pelaioetako egitarauaren barnean, gaur kontzertuak egongo dira 21.00etatik aurrera. Louise Michel eta Buffalo Zarautzeko taldeen emanaldiekin batera, atzerriko partaidetza ere egongo da. Clem Snide New Yorkeko taldeak Munoan joko du, eta gero DJ Makala Global Funk-ek ekitaldia eskainiko du. Bihar, berriz, 22.30ean batukada egongo da, baita maculele eta capoeira erakustaldiak ere.

San Pelaio jaiak Iñurritza jai batzordeak antolatzen ditu eta adin guztietako zarauztarrei zuzenduriko ekitaldiak prestatzen dituzte antolatzaileek. Beste ekitaldi askoren artean, gaur 12.30ean Iñurritzako gazteek eskainiko duten aurreskua dago. Une berean Lege Zaharren enparantzan herriko musika bandak kontzertua emango du. Arratsaldean, 18.00etan, erromeria egingo dute Iñurritzako belardian eta oilasko pintxoak banatuko dituzte meriendatzeko. Jai batzordekoen lokalean gazta eta ardoa dohanik izango dute gerturatzen direnek, eta, 22.30ean, erromeria egongo da Agurtzane eta Ion Elustondo trikitilari eta pandero jotzailearekin. Geroago, 23.00etan, hondartzan su artifizialak botako dituzte.

Bihar, goizean goiz hasiko dira lanean Iñurritzako auzokideak. 05.00etan baratxuri zopa emango dute eta 06.00etan oilasko biltza tradizionala hasiko dute; 13.30era arte ez da amaituko. 10.00etan, Zinema Frontoian, XX. Sebastian Aristi memorialeko pilota partidua egongo da. 18.00etan Iñurritzako belardian erromeria egingo da, eta ardoa eta gazta banatuko dituzte berriz ere. 22.30ean toki berdinean bertsolari jaialdia egingo dute Andoni Egaña, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Hodei Iruretagoiena eta Sebastian Lizasorekin.

Bestalde, gaur eta bihar, 09.00etan, trikitilariek eta dultzaineroek diana joko dute, auzoko txoko guztiak alaituz.

Haurrentzako ekitaldiak

Asteburu honetan zehar txikiek ere ondo pasatu ahal izango dute Iñurritza jai batzordeak beraiei zuzenduta prestatu dituen ekitaldiei esker. Gaurkoan, 11.00etan, Palacio Malgache tailer plastikoa egingo da Musika Plazan 5 urtetik gorako haurrentzat. 11.30ean buruhandi eta erraldoiak egongo dira.

Buruhandiak bihar itzuliko dira, 11.00etan. 12.30ean Musika Plazan Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango da, eta, 18.45ean, RUM RUM rock berbena izango da Iñurritzan haurrentzat.

BErbenak

Gaur Trakets taldeak joko du Musika Plazan, 23.30etik aurrera. Bihar, berriz, Ibai-Berriak eskainiko ditu bere doinuak, 22.30ean hasita. Bestalde, Kilema taldeak kontzertua emango du gaur 12.00etan toki berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo