Eredu harrapariaren aurka, Nafarroa bizirik
Aldaketaren beharra ez du krisiak ekarri. Euskal Herrian behinik behin oraingo krisia baino lehen nabari zen aldaketa politiko eta soziala beharrezkoa dela. Horrela sumatzen du euskal gehiengo soziologikoak, baita sentsibilitate hori jasotzen duten eragile sozial, sindikal eta politikoek ere; izan ere, egungo garapena, iraunkorra esaten badiote ere, lurraren, kulturaren, bizimoduaren hondamendia baino ez da. Gaur Iruñean izango den manifestazioa -hainbat herri plataformek deitu dute eta mota guztietako eragileen atxikimendua jaso du-, aldaketa sakonaren beharraren erakusgarri da, baita sistema harrapari baten erasoei aurre egiteko beharraren ondorio ere. Eredu neoliberal harrapariaren erasoak, ordea, ez dira krisialdietara mugatzen, horregatik gaurko martxak, «Nafarroa bizirik nahi dugu» lelopean, Nafarroan egindako edo egiteko bidean diren gizarte eta ingurumen erasoak agerian utzi eta salatuko ditu. Nafar lurra bakan batzuen interesen mende nahi dutenak eta beraien zerbitzuko instituzioak ere salatuko ditu martxak. Asteartean, berriz, Hego Euskal Herri osoan euskal gehiengo sindikalak deituta eta arlo guztietako eragile ugariren sostenguarekin, greba orokorra egingo da, langileen eta oro har gizartearen aurkako eraso bortitzei aurre egiteko. Bi deialdiak ez dira oso izaera desberdinekoak; aitzitik, lotura estua dute, batez ere aurrean erasotzaile berbera dagoelako.