GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Datorren lekutik datorrela?

Ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak Euskaldunan aurkeztu zuten akordio estrategikoak ez omen du bakea helburu. Hala esan zuen indar abertzale baten ordezkariak astelehenean. Nik ez dut inolako zalantzarik ezker abertzaleak beti izan duela bakea helburu. Areago, ez dut zalantzarik ETAk ere bakea helburu izan duela eta duela. Izango ez du ba, Rubalcabak berak ere seguruenik bakea nahi du eta. Francok ere bakea nahi zuen, eta lortu ere lortu zuen, bere bakea. Gehienok dugu bakea helburu (gehienok esan dut, gerra eta gatazka negozio dutenak gogoan), baina ez edozein bake, horregatik adostu behar dugu. Denok.

Ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak izenpetutako akordioak ez du zertan nabarmenkeria hori zehaztu. Hala ere, ezin argiago jasotzen du konfrontazio zibiko, baketsu eta demokratikoa oinarri duen estrategia garatzeko konpromisoa. Ezker abertzaleak Altsasun eta Iruñean bere alde bakarreko erabakia argiago agertu omen zuen, ordea. Zer esan nahi dute, EAren eraginez ezker abertzaleak atzera egin duela akaso...? Arazoa Euskaldunako akordioak ETA aipatu ez izana da, antza, indarkeria oro ETA balitz bezala. Ahaztu al dute gogaitzeraino errepikatu ziguten leloa, indarkeria txarra dela «datorren lekutik datorrela»? Eta, zer diren gauzak, indarkeria ez datorren leku bakarra orain ETA da, hain zuzen.

Ostegunean Aguraingo jaietan izan zen kale erasoa ez zuen ETAk egin; hala ere, ezker abertzalearen apustuaren benetakotasunaren froga gisa erabili nahi izan dute. Baten batek esan zuen bakearen aldeko apustua ekintzak gaitzetsiz erakusten dela, baina nik uste dut planta gutxiago eta benetako lana eginez erakusten dela, ezin dela hipokrisia ariketa batera mugatu.

Eta ez dio berdin nork egin egin zuen Aguraingo erasoa, jakina; esate baterako, azken elkarrizketa prozesuan polizia bat atxilotu zuten zenbait edukiontzi erretzeagatik, eta ez dugu ahaztu behar horrelako sabotajeen arriskua ere badagoela. Nolanahi ere, egileen asmoa desberdina izanda ere, kontuan izan behar da ondorioa berbera dela, independentismoaren eta bereziki ezker abertzalearen kaltekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo