GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Alaitz Tolosa Donostia

Euskararen ezagutza Donostian

Orokorrean, guztion artean lan handia egin da belaunaldi berriak euskalduntzeko, baina hanka-sartzeak ere egin ditugu

Euskararen normalizazioari dagokionean -nahiz eta guztiok dakigun egun Euskal Herrian, oro har, eta bereziki Donostian, arazorik larriena euskararen erabilpena dela-, esan behar dugu gainditurik gabeko asignatura dugula. Izan ere, ez da egia ezagutza bermaturik duguna.

Donostian ezagutzaren egoera zein den begiratzen badugu, ikusten dugu oraindik ikasleen %50 eskolatik euskaldundu gabe ateratzen dela. Bestetik, euskaldundu den beste %50ak, kasu batzuetan bederen, ez du beharko lukeen maila lortzen, ez baitu normaltasunez komunikatzeko gaitasunik bereganatzen. Azken horri eskolan ikasitakoa kalean galtzen joatea gehitu behar zaio, gazte horiek kalean ez baitute euskara erabiltzen. Horregatik jarraitzen dute euskaltegiek euskarazko ereduetan ikasi duten ikasleak hartzen. Izan ere, behar duten maila frogatuko duten azterketak egitera joaten diren asko eta asko eredu euskaldun horietan ikasitakoak dira.

Beraz, garbi ikusten da egungo ereduen sistemak ez duela bere eginkizuna betetzen, ez duela behar bezala funtzionatzen, alegia. Egia da eskolatik kanpoko ingurumariak ez duela laguntzen ikasitakoa mantentzen, eta are gutxiago hobetzen. Hor baina, erabilpenaren eremuan sartuko ginateke, eta hori hurrengo batean aztertzen saiatuko gara.

Ezagutzarekin jarraituz, merezi du aipatzea hizkuntza bat, edozein delarik ere, ezin dela irakatsi modu egokian bere testuinguru soziala, historikoa eta kulturala zein den kontuan hartu gabe. Horixe da, hain zuzen, egungo Jaurlaritzak bultzatu nahi duena, hau da, inguru soziolinguistikotik at irakastea. Irakasle sektore handi batek horixe salatzen du, izan ere, euskara ezin da latina edota atzerriko hizkuntza bailitzan irakatsi, horrela egiteak galbidera eramango gintuzkeelako.

Halaber, galbidera garamatza EAEn euskara legez ofiziala izanik, eta gainera, euskaraz ikasteko eskubidea izanik, oraindik, A ereduan eta mozorrotutako B ereduan diharduten ikastetxeek, bere horretan, inolako zigor neurririk gabe jarrai dezaten onartzea. Hemen aipatzen ari garen ikastetxe horietako bat baino gehiago dago Donostian, eta bada garaia horien izenak publikoki azaltzeko. Salatu beharko genituzke.

Orokorrean, guztion artean lan handia egin da belaunaldi berriak euskalduntzeko, baina hanka-sartzeak ere egin ditugu. Horien artean legoke Jaurlaritzatik eta beste erakunde batzuetatik duela gutxi arte nagusi izan den diskurtsoa, zeinak zioen helduen euskalduntze alfabetatzean saiatzea alferrikako lana zela, galdutako belaunalditzat joaz. Horrela, gurasoek eta nagusiek gure jendartean izan duten eta egun duten garrantzia gutxietsi da, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia ukatuz.

Zorionez, badirudi diskurtso horren uste faltsua agerian gelditu dela eta urrats berriak ematen hasi garela; hemengo helduen zereginaz gain, etorkin helduek duten euskalduntzearen beharra sustatuz. Helduen sektore zabal horri euskalduntzeko behar dituen baliabideak jarri behar zaizkio, horretara bultzatuko dituen kanpainak sustatuz, eta, nola ez, oraindik lortu ez den euskara ikasteko doakotasuna eskainiz.

Beraz, Donostian euskararen ezagutzak bermatu gabeko alorra izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo