GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haur zortzikotea aterako da Lasarte-Oriako sorgin dantzan

Txupinazoa botata, dagoeneko hasiak dira Lasarte-Orian jaiak. Asteartera bitarte era guztietako ekitaldiak izango dituzte herrian; tartean Ttakun elkarteak antolaturikoak. Izan ere, jaietan euskal giroko ekintzak egon daitezen ziurtatzeko lan egiten dute elkarte horretan. Sorgin dantza, zikiro afaria, haurren bazkaria edo bertso saioa ez dira faltako.

p021_f0346144.jpg

Janire ARRONDO

Egunetako prestatze lanen ondotik, jaietan murgilduta dira jada Lasarte-Orian. Gaur goizean bertan festarako eta parrandarako baimena bereganatuko dute lasartear eta oriatarrek zein egunotan herrira hurbiltzen direnek udaletxetik eta Sorgin gunetik botako dituzten txupinazoekin.

«Festetan euskal giroa eta jendearen parte hartzea bultzatu asmoz», Ttakun elkarteak, urtero legez, jaietarako egitarau propioa antolatu du aurten ere. Hala, Udalaren egitarauaz gain zein Sorgin Jaia taldeak antolatzen duenaz gain, Ttakunek ere dagoeneko arrakasta eta ospea bereganatu duten ekitaldiak antolatzen ditu.

Badira hainbat urte Ttakuneko langileak jaiak prestatzen hasi zirela. Hasiera batean kultur dinamizatzaile bat arduratzen zen horretaz, baina, urteen poderioz, elkarteko langileak eurak arduratzen dira jaiak antolatzeaz. Jai batzorde antolatu bat dute eta lan banaketa egiten dute festetarako dena prest egon dadin. Mari Karmen Ormazabal Ttakun elkarteko langileak GARAri azaldutakoaren arabera, Lasarte-Oriako Udalak «aurtengo jaietarako ere ez du euskal giroko ekitaldirik antolatu». Horregatik, Ttakunek herriko jaietan euskal giroko ekintzak izan daitezen egiten du lan. «Besteen esku utzi beharrean, guk antolatzen dugu», zioen Ormazabalek.

Aurtengo sanpedroetan asteburua tartean izan zedin, Lasarte-Oriako Udalak ohi ez bezala jaiak larunbatean hastea erabaki zuen eta San Pedro egunez, asteartean, festa egun nagusian amaitzea. Aldaketa horrek, Ttakun elkartekoei ere eragin die, festen egitarauaren berrantolaketa egin behar izan baitute. «Berandu xamar iragarri zuten aldaketa -kexu zen Ormazabal- eta gauza batzuetarako larri ibili gara».

Hala, gaur goizean bigarren aldiz kantujira egingo da herrian zehar, 11.30ean, eta Xumela abesbatzako kideek herritar guztiek parte har dezaten dei egin dute. Era berean, gaur izango da sorgin dantza ere. Ormazabalen hitzetan aurtengo bereizitasunetako bat izango da lehenbizikoz haurren zortzikotea aterako dela sorgin dantzan. Ohi denez, sorgin dantzan nagusiz osaturiko zortzikotea egoten da aurrean. «Ekitaldi honetan gaztetxo ugari biltzen direla ikusita, haurrei ere protagonismo hori ematea egokia litzatekeela pentsatu genuen, beraz, beraien zortzikotea ere egingo da», azaldu zuen Ttakuneko langileak. Ekitaldia 17.30ean hasiko da Oria auzoan, eta, bertan dantzatu eta gero, kalejira egingo dute udaletxeraino bidean hainbat geldialdi eginez.

Dantzarekin amaitu ondoren, urteroko herri afaria egingo da Sorgin gunean. Hala, Sorgin Jaia taldeak antolaturiko jaiekin bat egingo dute Ttakun elkartekoek. Zikiro afaria izango da eta afalondoa alaitzeaz Laiotz taldea arduratuko da.

Hurrengo egunetarako ere gordeko dituzte hamaika ekitaldi. «Jaiak asteburuan direla-eta ezin antolatuko dugu dena bi egunetan», zioen Ormazabalek. Datozen egunetan ez da etxean geratzeko aitzakiarik izango!

jai euskaldunak

Udalak euskal kultura jai egitarautik kanpo uzten duela ulertuta Ttakun elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu aurtengo sanpedroetarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo