GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Trontza Gipuzkoako finala

Esnaola anaiek zutikakoan erabaki dute txapela

Legorretakoek sei segundoko tartea bakarrik kendu ahal izan zieten bigarren geratu ziren Roteta-Rezabali.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Esnaola anaiek ez zuten hutsik egin herenegun arratsaldean Andoainen jokatu zen Gipuzkoako Trontzalari Txapelketaren finalean, eta berriro ere txapela buruan zutela amaitu zuten jardunaldia. Hori bai, gauzak uste baino estuago joan ziren, eta Legorretakoek sei segundo bakarrik atera zizkieten Roteta eta Rezabali.

Bikote bakoitzak hamabi epai etzanda eta beste sei zutik eman behar izan zizkion kana-erdiko enbor bati. Hasteko, sei epai etzanda moztu zituzten, jarraian beste horrenbeste zutik, eta azkenik sei etzanda.

Finalaren gakoa zutikako lanean egon zen. Etzandako lehen saioan bi bikoak pare samarrean joan ziren, baina zutikakoarekin lanean hasi zirenean legorretarrek ihes egin zieten Aiakoari eta Alkizakoari. Bazirudien finala erabakitzeko bidean zela, baina Roteta-Rezabal berriro ere asko hurbildu zitzaizkien, nahiz eta amaieran Esnaola anaiek garaipena erdietsi zuten.

Salegi eta Zubiaurre, berriz, hastapenetik geratu ziren gibeletik, eta ez zuten aurrera egiteko ia inongo aukerarik izan, eta azkeneko postuan amaitu zituzten lanak.

Honela geratu zen sailkapena: lehenengo, Esnaola anaiak (7.42); bigarren, Rezabal-Roteta (7.48); azken postuan, berriz, Salegi eta Zubiaurre (11.10). Orain lehian aritu ziren hiru bikoen hurrengo erronka Euskal Herriko Txapelketa izango da, eta hori irabazteko faboritoak ere Esnaola anaiak dira, Euskal Herrikoan ere iaz onenak izan baitziren.

Sokatira

Sokatiran, 600 kiloko txapelketa abiatuko da bihar Loiun, udaletxe atzeko plazan, 11.30etik aurrera. Bertan, orain arte jokatu diren bi pisuetan parte hartu duten talde berak arituko dira.

Berrikuntza bakarra, Gaztedi izango da, bi talderekin agertuko baita; bigarrena, gainera, mistoa izango da, eta hori ere berria da Euskal Herriko Txapelketan. Beraz, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B, Mutriku, Areso eta Getxo lehiatuko dira.

Faboritoei begiratzerakoan, berriro ere begi guztiak Goiherriko lehen taldearengan jarrita daude. Iaz txapel guztiak irabazi zituzten, baina aurtengoan batek ihes egin zien, 680koak. Beraiei aurre egin diezaioketen taldeen artean Gaztedi agertzen da, beraiek irabazi baitzuten pisu handiko txapela, nahiz eta 640 kilotan asko jaitsi zen beren maila. Mutrikuk, berriz, 640koan lan bikaina egin du, eta hauek ere saiatuko dira faboritoak estutzen, eta gutxienez, iaz lortutako bigarren postua errepikatzen. Areso ere goraka dator eta nafarrak ere kontuan hartu beharko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo