GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Kanporaketa Sega

Berritasun gutxi izango da lehen finalean

J.L.

Almintza elkarteak antolatzen duen lehiaketarekin abiatu zen aurtengo segalarien denboraldia, eta jarraipena bihar izango du, 18.00etatik aurrera, Zizurkilgo eskolako belardietan jokatuko baita Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen herrialdeko abiadurako finala.

Gizonezkoetan, Alkorta, Etxeberria, Gabirondo, Goikoetxea, Lizaso eta Ormaetxea neurtuko dira. Bakoitzak 100 metro koadroko sail bat moztu beharko du. Emakumezkoetan, berriz, Galarraga, Garin eta Olano neurtuko dira. Hemen bakoitzak 35 metro koadroko sail bat moztu beharko du.

Bien bitartean, Almintza elkarteak ere lanean jarraitzen du, eta Euskal Herriko Bakarkako Txapelketa antolatzen ari da. Hiru mailatan antolatu du. Bata 16 urte bitartekoa, neska eta mutil; 35 metro koadroko saila moztu beharko dute. Bestea, 17tik 25 urte bitartekoa, neska eta mutil; hor ere 35 metro koadro moztu beharko dituzte. Eta, azkenik, 26 urtetik gorakoak. Hor mutilek 100 metro koadroko saila moztu beharko dute; neskek, berriz, 50 metro koadroko saila izango dute. Izena emateko epea hilaren 30ean amaituko da; egun horretan, bilera bat egingo da Zaldibiako kultur etxean, 20.00etan. 615 743 411 telefono zenbakira deitzeko aukera ere badago.