Aizkora Kanporaketa
Juanjo Erdoziak galdutako bidea berreskuratzeari ekin dio Andoainen
J.L.
Juanjo Erdozia galdutako bidea berreskuratzeko prest dago, eta horretarako lehen urratsa eman zuen herenegun Andoainen, Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela eskuratuz.
Etxarriko aizkolaria izan zen lau kana-erdiko mozten azkarrena, eta berarekin batera Jauregi sailkatu zen finalera. Oraindik beste bi multzotako kanporaketak falta dira jokatzeko, eta horietatik aterako dira finalera sailkatuko diren beste lau aizkolarien izenak. Andoaineko saioan 11 aizkolari neurtu ziren.
Honela geratu zen sailkapena: lehenengo, Erdozia (9.10); bigarren, Jauregi (9.27); hirugarren, R .Saralegi (10.28); laugarren, Irazabal (11.13); bosgarren, Dorronsoro (11.58); seigarren, Resano (12.53); zazpigarren, Etxeberria (12.57); zortzigarren, Urteaga (13.33); bederatzigarren, Alkizalete I.a (13.54); hamargarren, Alkizalete II.a (13.55); eta, azkena, berriz, Larrañaga (15.28).
Bihar, aldiz, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga abiatuko da. Bertan Buruz Buruko Urrezko Aizkorako bost aizkolaririk onenak neurtuko dira. Nazabal, Arrospide, Larretxea, Lopez eta Olasagasti neurtuko dira nor baino nor.
Hasteko, biharkoan, bi ekinaldi jokatuko dira. Ondategin, 12.00etatik aurrera, Nazabal eta Lopez neurtuko dira; buruz burukoan finalerdietan lehiatu ziren biak. Bihar baita ere, baina ordu erdi bat beranduago, eta Hernanin, Tilosetan, Arrospide eta Olasagasti neurtuko dira. Lehiaketa hau uda guztian zehar jokatuko da.