GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzak manifestazio nazionala deitu du uztailaren 17an Bilbon

Bai Udalbiltza Sareko kideak, herrietan osatu diren sostengu taldeetako ordezkariak, hautetsiak zein Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta kirol arloko dozenaka kide Donostian bildu ziren atzo arratsaldean, uztailaren 15ean Audientzia Nazional espainolean hasiko den Udalbiltzaren aurkako ahozko epaiketaren atarian auzipetuei babesa agertzera. Manifestazio nazionalerako dei egin dute auzipetuek «epaiketaren aurkako jarrera kaleratzeko».

p013_f0294255.jpg

Janire ARRONDO

«Eskubide zibil eta politikoen defentsan, modu baikor zein eraikitzailean eta siglak alboan utzita» hitzordua jarri dute Udalbiltzako auzipetuek datorren uztailaren 17rako Bilbon. Dagoeneko kalera behin baino gehiagotan atera duten «Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari» leloa goiburu hartuta, La Casilla plazatik irten eta udaletxe atariraino egingo den manifestazio nazionalerako dei egin zuten atzo auzi honetan epaituak izango direnek zein eurei babesa ematera Donostiara hurbildu ziren beste dozenaka lagunek. Manifestazioa Udalbiltzaren aurkako auziaren ahozko epaiketa hasi eta gutxira izango da, uztailaren 15ean joan beharko baitute auzipetuek Audientzia Nazional espainolera.

Imanol Esnaola auzipetuak jakinarazi zuenez, hainbat lekutan prentsaurrekoa emateko «betoa» jarri zietela-eta bildu ziren Donostiako San Sebastian hotelean; auzipetuekin batera, Bai Udalbiltzari Sareko kideak, herriz herriko sostengu sarea osatzen duten udal hautetsiak, hautetsi ohiak eta herrietako babes taldeetako ordezkaritza zabala. Era berean, bertan izan ziren Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta kirol arloko ordezkariak ere: Maialen Lujanbio, Jose Luis Otamendi, Abelin Linazisoro, Xabier Amuriza, Jose Luis Alvarez Txillardegi, Jesus Mari Irazu edo Beñat Gaztelumendi, besteak beste.

Maribi Ugarteburu auzipetu eta eledunak birritan eskertu zien euren babesa bai bertara hurbildu zirenei, bai goizean Donostiako Boulevardean elkarretaratzea egin zuten idazle eta bertsolariei, bai azken asteotan hiri zein herrietan egin diren elkarretaratzeetan parte hartu duten guztiei ere.

«Euskal Herrian jendartearen gehiengo zabala da Udalbiltzaren kontra epaiketa bat egitea arbuiatzen duena», esan zuen Ugarteburuk. Udalbiltzaren egitekoa «instituzionala, publikoa eta gardena» izan dela eta ezin dela «delitutzat» hartu aldarrikatu zuen bozeramaileak. Bere hitzetan, «ordezkaritza demokratikoz sortutako instituzio baten jarduera guztiz legitimoa da eta jarduera hori askatasunez aurrera eramateko baldintzak behar dira zuzenbide estatu batean».

Euskal Herriko gizartea ordezkatzen duten eragile gehienen iritzia ere horixe dela nabarmendu nahi izan zuen auziperatuak. Horren erakusle jo zituen azken asteotan, epaiketaren datak jakin zirenetik hona, egindako agerraldi publikoak, elkarretaratzeak eta bestelako ekimenak. Era berean, udal hautetsi eta hautetsi ohiek 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituztela azaldu zuen Ugarteburuk, baita 55 eragilek atxikimendu manifestua sinatu dutela, gehiengo sindikalak babesa erakutsi diela eta nazioartetik elkartasun adierazpenak izan dituztela ere.

Ugarteburuk ondorioztatu zuenez, «ikusten da askotariko pertsonak, taldeak eta erakunde publikoak direla Udalbiltzak aske izan behar duela diotenak»; horregatik, «orain arteko bidean sakonduz» Bilboko kaleetara irteteko dei egin zuten iritzi hori kalean erakuts dadin.

Elkarretaratzea

Atzo eguerdian, Donostiako Boulevardean, euskal idazle eta bertsolariek euren babesa eta elkartasuna azaldu zieten Udalbiltzako auzipetuei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo