GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Elhina Torneoko finala

Ibarrolaren jokoak erabakigarria izan behar du Armendaritzeko azken partidan

Jon LEUNDA

Ibarrola-Kurutxari izango dira faborito bihar 18.00etatik aurrera Armendaritzeko torneoko finalean. Norgehiagoka 18.00etan hasiko da, eta aurrez aurre Bielle eta Ozafrain izango dituzte.

Elhina Torneoko gakoa aurrean egon daiteke. Izan ere, Ibarrolak erabaki dezake auzia. Bielle atzetik indartsu datorren gaztea da, baina oraindik ez du Ibarrolak duen eskarmenturik, eta era honetako torneo handietan hori oso garrantzitsua izaten da normalean.

Horrez gain, Ibarrolak sakearekin min handia egiten du, eta hasierako jokaldiarekin asmatzen baldin badu, sekulako triskantza egin dezake.

Atzean, ustez Ozafrain Kurutxari baino gehiago da, eta hori da beste arrazoietako bat aurrean jokatzeko. Aitzinean gehiago izateaz gain, atzean gutxiago dira eta horretan saiatuko dira Ibarrola eta Kurutxari, lana Bielleri ematen eta Ozafraini jokoan sartzen ez uzten.

Finalerdietan, ordea, bidea errazago egin zuten Biellek eta Ozafrainek, 40 eta 28 menperatu baitzituzten Lanbert eta Etxeto. Ibarrolak eta Ozafrainek, berriz, 40 eta 39 irabazi zieten Sorhueti eta Harizmendiri.

Armendaritzeko trinketera doazen zaleek, ordea, ez dute final hau bakarrik ikusi ahal izango, amateurren Societe Generale Torneoko finala ere jokatuko baita. Bertan, Sorhaitz-Palomes Agirre-Benesen aurka neurtuko dira.

Sarrerak, berriz, ez dute aitzakiarik izango. Izan ere, 18 urte baino gutxiago dituzten gazteek ez dute ordaindu beharrik izango partidak ikusteko.