GARA > Idatzia > Kirolak

ESAIT Gutun baten bitartez, FIFAri Euskal Herriko gehiengo zabal batek duen desioa helarazteko eskatu dute

Euskal selekzioaren aldarrikapena Hegoafrikako kontsulatura eraman dute

p040_f02.jpg

GARA | BILBO

Hegoafrikako Munduko Kopak nazioarteko futbol selekzioen inguruan piztu duen ikusmina baliatuz, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) Euskal Herriak ere nazioarteko lehiaketetan bere selekzio propioarekin parte hartzeko eskubidea duela aldarrikatu zuen Afrikako herrialde horrek Bizkaian duen kontsulatuan.

Irudian ikus daitekeenez, Iñigo Santxo, Martxel Toledo eta Egoitz Askasibar ESAITeko kideek eskaera hori jasotzen duen gutuna eraman zuten kontsulatura bertara. Gutun horretan aipatzen denez, «euskal herritarren gehiengo zabal batek duen desioa» kontuan izan beharko luke FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak, «nazio garen heinean guri ere badagokigulako irrikatzen dugun selekzioarekin eta gure koloreekin lehiatzeko eskubidea». Horregatik, espresuki eskatu zioten kontsulatuari «ahalik eta azkarren» proposamen hori FIFAren aurrean aurkezteko.

Gutunak, gainera, oso argi uzten du euskal selekzioaren alde egitean ez dela «ukatzen ari euskal kirolariak Espainia edo Frantziarekin lehiatzea, hori bada beraien desioa», baizik eta selekzio propioa duten estaturik gabeko beste nazioekiko diskriminazioa salatu nahi dela.

10.000 kartel

Aurkeztutako gutunarekin batera, ESAITek Euskal Herriko bazter guztietan zabalduko dituen 10.000 kartelak ere aurkeztu zituen atzo. Aipatu posterrean futboleko euskal selekzioaren argazki bat ikusten da, «Ofizialtasuna nahi dugu» leloa daraman mezuaren atzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo