GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txingudiko Mankomunitatea ez da Hondakinen Partzuergoan sartuko

Auto judizial baten bidez Txingudiko Mankomunitatea Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan sartzea bertan behera gelditu da. Sanmarko Mankomunitatearen ustez Partzuergoak bere baitan dituen udalerrien iritzia kontuan hartu beharko luke erabakiak hartzerakoan.

p017_eh_f02.jpg

GARA

Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak bere estatutuak aldatzeko erabakia hartu zuen Txingudiko Mankomunitatea Partzuergora gehitu ahal izateko. Orain, aldiz, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak bertan behera utzi du erabaki hori, 2010eko ekainaren 17ko autoaren bidez.

Sanmarko Mankomunitateak argi utzi zuen, ohar baten bidez, ez dagoela Txingudiko Mankomunitatea Partzuergora sartzearen aurka. Hala ere, adierazi zuen Partzuergoak estatutuak aldatzeko jarraitu nahi zuen bidearen kontra dagoela, ez duelako bera osatzen duten udalerrien adostasuna kontuan hartzen, eta, bere ustez, premiazkoa baita kontsultatzea.

2010eko ekainaren 17ko autoa 2009ko irailaren 21eko epaian oinarritzen da. Honek, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxoaren 15ean hartutako erabakia partzialki indargabetzen du. Erabaki horrek mankomunitateei udalei kontsultatu gabe jardutea ahalbidetzen zien. Beraz, auto berriak Partzuergoa beste lurralde batzuetara zabaldu nahi badu, osatzen duten mankomunitateetako udalerrien iritzia kontuan hartu behar izango du.

Erraustegia

Honela, argitaratu berri den auto judizialaren bitartez bertan behera gelditzen dira Txingudi Mankomunitatea Partzuergora gehitzeko ahaleginak. Horrez gain, Hondakinen Partzuergoak ezin izango du Txingudiko Mankomunitatea osatzen duten herrietan inolako jarduerarik izan.

Hondakinen Partzuergoak erraustegia eraiki nahi du, eta Txingudiko Mankomunitatea Partzuergoan sartuko balitz babes handiagoa izango luke. Sanmarko Mankomunitatea, berriz, erraustegiaren aurka eta atez atekoaren alde dago. Sanmarkoren ustez, erraustegia Hondakinen Partzuergoaren administrazio-arkitektura «hutsegite larria» da, erabakiak hartzerako orduan Partzuergoa osatzen duten udalerriak kontuan hartu ez dituelako.

Sanmarkok esan du erraustegiari tona kopuru zehatz bat eman behar zaiola, eta ez gutxiago; beraz, hondakinen gaikako bilketa alde batera utziko litzateke ahalik eta zabor gehien lortzeko. Gainera, hobe erretzen diren gaiak ontzi arinak eta papera dira, hain justu, gehien birziklatzen diren materialak, eta Sanmarkoren ustez Partzuergoa birziklatzeaz arduratzea «otsoa artzain bezala uztea» bezala litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo