GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herriko lurralde marka sortzea «premiazkoa» da Garapen Kontseiluarentzat

Garapen Kontseiluak ontzat eman du, berrikitan, lurralde marka bat sortzeko azterlana. Are, lehenbailehen abian jarri beharko litzatekeela uste du eta dei egin die erakundeei beharrezko urratsak egin ditzaten.

p032_f01_148x112.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Ia bi urteko eztabaidaren ostean, Garapen Kontseiluak Euskal Herria 2020 plangintzaren barruan aurreikusitako lurralde marka bat sortzeko egokitasuna berretsi du. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren garapenerako «Euskal Herriko jatorria balio erantsia» izan daitekeela konbentziturik ekin zioten azterketari. Bertan, eremu askotatik -ekonomia, turismoa, kultura, artisautza...- eratorriko 218 eragile aritu dira beren iritziak eta gomendioak emanez.

Qassiope adituen bulegoak egindako ikerlana oinarri hartuta, Euskal Herriak bere lurraldetik kanpora hedatzen duen irudi berezia elementu oso positiboa litzatekeela ebatzi dute aho batez. Ez hori bakarrik, irudi hori «sekulako abantaila, aberastasuna, kapital baliotsua» dela ere badiote.

Aspaldiko gogoeta

Hausnarketa hori atzetik datorren zerbait dela azaldu zuen Jean-Baptiste Etcheto Garapen Kontseiluko buruak: «Urteak dira tokiko hainbat eragileak -Merkataritza eta Industri Ganbara, nekazaritza eta elikagaien clusterra...- irudi hori balioztatzeko garrantziaz eta erabilpen maltzurretatik babesteko beharraz jabetu direla». Eskaera hori beste esparru batzuetan sumatu ostean deliberatu zuten eztabaidari ekitea, Ipar Euskal Herriko etorkizunerako «funtsezko gaia» zelakoan.

Hala, 2008ko irailean sinatutako Lurralde Hitzarmenaren barnean sartuta, diru-partida bat azterketa horretara bideratu zuten, lurralde marka bat sortzea egokia ez ezik, bideragarria ere izango ote zen zehazteko.

Sakonki jorratu dute gaia eta baita ondorio nagusia atera ere: «Marka ekimen orokor bat da, lurraldea bere osotasunean sustatzeko eta garapen orekatua erdiesteko tresna».

Markaren egingarritasuna bermatzeko, irizpide batzuk jarraitu behar direla zehaztu zuen Pierre Mendibourek, gai honen azterketa gidatu duen Garapen Kontseiluko kideak. Hasteko «zeharkakoa» izan behar du eta orain artean kalitatearen eremuan gauzatutako ekimenen osagarri izango da.

Etika, etiketa aurretik

Bigarrenik, «egituratzailea» eta garapen ekonomiko arduratsu baten sustatzaile bilakatu behar da, hots, kalitatea aitzin-baldintza gisa pausatu behar da. «Etika, etiketa aurretik jarrita», nabarmendu zuten.

Euskal Herriko balioetan oinarritutako lurralde marka izan behar du, hirugarrenik. Laugarren irizpidea erakargarria izatea da; hau da, balio fundatzaileetatik abiatuz, xarta baten bidez jarduera askotariko eragileen engaiamendua erdietsi behar du.

Azkenik, marka «egituratua» izan behar du, eragile guztien (bai publikoak zein pribatuak) tresna bateratzailea izateko. Helburu horrekin, sareak sortu, marka kudeatu eta printzipioak errespetatzen direla behatuko lukeen egitura sortu beharko litzatekeela ondorioztatzen du azterketak.

Gogoeta amaituta, Etchetoren esanetan, argi geratu da lurralde marka egikaritu egin behar dela ahalik eta azkarren. Ildo horretatik, dei berezia egin zien Estatuko, Akitaniako, Pirinio Atlantikoetako eta lekuko erakundeei marka abian jartzeko moduak zehazteko.

BALOREAK

Euskal Herriaren ezaugarriak islatzen dituen bi balio nagusi ondorioztatu ditu Garapen Kontseiluaren azterketak: ondorengo belaunaldiei begirako transmisioa lehenestea eta ausardia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo