Euskal Herriko Laborantza Ganberaren gorabeherak liburu batean jaso dituzte
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Ipar Euskal Herriko laborantzaren beharretara egokitutako ganbera baten errebindikazioak azken 30 urteotan eta, bereziki, Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) elkartea eratu zenetik izandako gorabeherak bildu dituzte liburu batean.
Maritxu Lopepe eta Remi Riviere kazetariek Elkar argitaletxeak kaleratu berri duen bilduma aurkeztu zuten atzo, Baionan, Elkarreko Peio Etxeberri Aintxart eta EHLGko abokatu Jean-Rene Etchegarai lagun zituztela.Kronika moduan idatzitako lehen zatiak proiektuak erro sakonak eta aspaldikoak dituela erakusten du. «Hiru gauza argi azaltzen ditu atal horrek. Batetik, Euskal Herriko laborantzaren berezitasuna ukatua dela frogatzen du hainbat adibideren bitartez; bestetik, ukatze sistematiko horri laborariek emandako erantzuna, besteak beste, hamar bat elkarte eta kolektibo eraikiz; eta, azkenik, jada orduan bultzatzen zen laborantza eredua egun gizarteak eskatzen duenaren bidetik doala agerian uzten du», esan zuen Lopepek.
Zati nagusia, halere, EHLG sortu ondorengo gertaerek osatzen dute, bereziki prefetak jarritako salaketa medio izandako auziaren ingurukoak. «Estatuaren erasoari» emandako erantzuna nola antolatu zen eta publiko egin ez diren hainbat datu eta anekdota jakinarazten dira bertan, esaterako, Poliziak ETAri buruz eta batik bat erakundearen EHLGren gaineko azterketaz 30 orriko txostena egin zuela.