GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Greba orokorra ekainaren 29an

Ehunka hautetsik bat egin dute jada gehiengo sindikalaren grebarekin

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ehunka alkate, zinegotzi eta biltzarkide abertzalek babesa eman diote asteartean gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrari. Deialdia «Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialaren prozesuan» kokatzen dute hautetsiek.

p008_f01_199x108.jpg

Iker BIZKARGUENAGA | GASTEIZ

Egunetik egunera, Euskal Herriko gehiengo sindikalak asteartean deitutako greba orokorrak babes handiagoa dauka, eta jada deialdiarekin bat egin duten enpresa batzorde kopuru handiari, ehunka hautetsi abertzaleren atxikimendua gehitu behar zaio. Besteren artean, greban parte hartzeko deia egin dute Legorreta, Urretxu, Legazpi, Hernani, Bergara, Pasaia, Arrasate, Soraluze, Antzuola, Leitza, Lakuntza, Basaburua, Bera, Aulesti, Ajangiz, Igorre, Lezo eta Ubideko alkateek, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako dozenaka herrietako zinegotziek eta ezker abertzaleak Biltzar Nagusietan dituen biltzarkideek.

Hedabideetara igorritako prentsa ohar batetan, hautetsiek greba orokorra «lan erreformari ezezko borobila emateko tresna» dela irizten dute. Horrez gain, egungo testuinguru politiko eta ekonomikoan kokatzen dute, hain zuzen, «Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta sozialaren prozesuan». Ildo honetan, krisi ekonomikoa gainditzeko «burujabetza» beharrezkoa dela nabarmentzen dute, eta gaineratzen dute euskaldunok «inoiz baino beharrezkoago» dugula «Estatu espainolarekin ditugun loturak apurtzea, burujabetza politikoa berreskuratzea eta gure bidea egiten hastea». «Estatu espainolarekin -aipatzen dute- amildegia da perspektiba bakarra».

Egungo administrazioen jarrera ere kritikatzen dute beren oharrean hautetsi independentistek, «botere ekonomikoaren aginduetara erabat lerrokatu» direlako, eta lan erreforma langileon kalterako izango dela ondorioztatzen dute.

Herria Abian

Herria Abian plataformak ere greba orokorrean parte hartzeko deia egin du, «Euskal Herriak lege kolpez inposaturiko murrizketa berri honi ezezkoa ematen diola agerian uzteko». Ekimen honen aburuz, greba egunean «herri hau egunero aurrera ateratzen dugunok argi utzi behar dugu gure etorkizuna erabakitzeko eskubideak, baita alor sozioekonomikoari dagokionean ere, gure esku egon behar duela». «Beste mundu bat posible delako eta beste Euskal Herri bat beharrezko dugulako», greba egitera deitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo