GARA > Idatzia > Kultura

Guggenheimi buruzko txostenak arreta kulturan jartzea nahi du Gasteizko Parlamentuak

Gasteizko Legebiltzarreko Kultura eta Gazteria Batzordeak Guggenheim Bilbaoren ibilbidea aztertzeko lantaldea izendatuko du datorren astelehenean. Eztabaidagaia kultura izatea eskatu dute.

p049_f01_148x92.jpg

GARA | BILBO

Gasteizko Parlamentuko PSE alderdiko taldeak, Lakuako Gobernuan Bilboko Guggenheim museoari buruzko ponentzia bultzatu duenak, foro horretan egingo diren eztabaidak kulturari buruzkoak eta ez politikari buruzkoak izatea eskatu du.

Parlamentuko Kultura eta Gazteria Batzordeak hilaren 28an, datorren astelehenean, izendatuko ditu Guggenheim Bilbaoren ibilbidea aztertzeko lantaldean parte hartuko duten talde politiko bakoitzeko kideak. Era horretan, Batzordearen mahaiburuak, Benjamin Atutxak, hurrengo bilkura aldian lantaldearen eraginkortasuna bultzatzea bermatu nahi du. Lantaldearen helburua «aditu eta artistek luzatutako irizpide teknikoen bidez Guggenheim Fundazioaren eta euskal administrazioen arteko hitzarmenaren birnegoziatzea bultzatzea» da. Atutxak komunikatu baten bidez gogoratu duenez, Batzordeak txostena egitea erabaki bazuen, Guggenheim Bilbao posible egin zuen akordioaren «birnegoziatzea positiboagoa eta onuragarriago izateko» egin zuen.

PSE-EEko Kultura Saileko bozeramaile den Pilar Perez-Fuentes, aldiz, penaz azaldu zen txostenaren akordio parlamentarioa hartu zenetik gaur arte «Guggenheimen arrakasta eta Urdaibairen garapena nahasten dituzten eztabaida interesatuak gurutzatu direlako». Horren ondorioz, lanen hasierak luzatu direla baieztatu zuen.

«Txostenak kulturari buruz hitz egitea nahi dugu, Guggenheimi buruz, museo honek eskaini behar duenaz, administrazio publikoek laguntzeko prest gaudenari buruz. Ez dugu inolaz ere botoen araberako joko politikorik nahi», gehitu zuen.

Perez-Fuentesek azpimarratu zuenez, PSEk «kultur garapeneko adituak eta artistak» entzun nahi ditu, «orain arteko esperientziari buruz zer gustatu zaien eta zer ez jakitea nahi baitugu». Bere ikuspuntuaren arabera, Guggenheim museoak «izugarrizko arrakasta izan du, baina urmaelak ere baditu». Urmael «edo zalantza» horien artean, bildumaren inguruko auziak, balioztatzeak edota baliabide publikoekin egindako erosketen gaineko zalantzak aipatu zituen besteak beste.

Beste gai batzuk errepasatzea beharrezkoa dela ere uste du Perez-Fuentesek. Horien artean daude museoko langileen aukeraketa edota erakusketak nork antolatzen dituen. Azterketa hori adituek egin beharko lukete, «betiere hasierako hitzarmeneko zer gauza ez diren garatu jakiteko asmoz».

Azkenik, Lakuaren helburua 2014an ahalik eta hitzarmen onena lortzea dela nabarmendu zuen, «Guggenheim Bilbaoren etorkizuna eta bere eskuetan jartzen diren errekurtso publikoen administrazio onena bermatzeko».

Jose Luis Bilbaok bere balorazioa emango du

Nahiz eta iragan asteazkeneko bileraren ostean Bizkaiko Diputazioak Guggenheim-Urdaibai proiektuari buruzko azalpenak eman zituen, eta, itxura guztien arabera, dena esanda gelditu zen, Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbaok deialdi bat luzatu du gaurko, proiektuari buruzko balorazio pertsonala egiteko. Aldi berean, Bermeoko Udalak eskaera bat bidaliko dio Lakuari Busturialderako duen planari buruzko «informazio zehatza» eskatzeko. Izan ere, orain arteko inbertsio kopuruen murrizketa baten beldur dira. M. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo