Bero jarraitzen du Azkenak, Kissen gaueko trumoi eztandarekin
Bederatzi mila lagunetik gora jaso omen zituen herenegun, ostegunez, Azkena Rock jaialdiak. Gehiago ziren atzoko iluntze beroan, Kiss taldearen gisara aurpegiak margotuta asko, eta tupustean ibili beharra izango dugu ziurrenera gaur ere, eskenatoki batetik bestera arineketan. Audience gernikar taldeak irekiko du jarduna, eta ilundu baino lehen zain izango dugu Bob Dylan. Chris Isaak, The Hives eta Bad Religionek joko dute gero; ez da gutxi.
Anartz BILBAO | GASTEIZ
Askorentzako, kotxean sartu eta ziztu bizian -esate bat da- Gasteizerako bidea hartzean hasten da Azkena jaialdia, bozgorailuak topera. Aurten baina, goiztiarrentzat ere ez da giro Azkenan, eta kotxea egoki lotzea, ezinezkoa da ia. Kontutan hartu, gainera, triatloia ospatzekoak direla Gasteizen, eta atzo bezala, giro onak makina bat udatiar hurbildu dituela Mendizorrotzako igerilekuetara, jaialdiaren eremu ingurua kaos bat bihurtzeraino.
Garaiz gabiltzalakoan, beraz, bideak urduritu egin gaitu, eta eskenatoki nagusiaren aurrean paratu garenerako, eskenatoki txikian (aurten zendu den The Knack taldeko Doug Fiegerri eskainia -`My Sharona' kantuaren sortzailea, besteak beste- agerpena egina dute Bartzelonako `77 taldekoek, izenean dute gogoan duten garaia, eta The Hot Dogs urretxuar talde zorrotzak).
Alex Chiltonen izena daraman oholtza nagusian, eskenatoki txandakatzea hasi duen Dan Baird & Homemade Sin bere jarduna bukatzear da, New York hiriko Ramones taldearen kantu bat bereganatuta. Eta abiadura azkartuz, oholtza bat isiltzerako bestea burrunbadaka ari da, oraindik jende andana -ordurako milaka ziren rock zaleak- oholtza batetik bestera korrika dabilela. Ez da gutxiagorako, Elvis zenaren lagun mexikarraren txanda baita.
El Vez morroiarena marka da gero. Itxura eta soinu gehiegikerietara guztiz emana, bukaerako bisak balira bezala kantatzen ditu kantu guztiak, gora-goraka.
Eskenatoki gainean lau musikari jo eta su ari direla, alkondara gorri eta gorbata beltzaz laurak, bi dantzari-korista irribarretsu ageri dira oholtzaren alde banatan, mexikarrari ongietorria emateko. Gazteleraz agurtu gaitu El Vez-ek, urreztatutako buzoz jantzita -gerriko zabala soinean eta kanpaidun galtza eta guzti-. Ez da baina agertuko digun jantzi harrigarriena honakoa, gerora beste bost bat aterako ditu eta -jantzi aldaketa bat bina kantuko-. Tigrez jantziko da gero, buztan luze eta guzti, baita purpura, gorri bizi edo beltz larruz ere. Musikari dagokionez, «Graciasland» irekitzen duen `Hurarches azules' izan da entzun dugun lehen kanta, eta bereganatu dituen rock klasiko batzuk tarteko, `Volver, volver' ranchera dantzatu eta The Clash-en doinuak ere ezagutzera heldu gara. Mexikarrak bigarren aukera bat izango du gaur eguerdian, Andra Mari Zuriaren plazan, arrakasta gehiagorekin ziurrenera.
El Vez isildu eta Imelda May kantuan hasi, mende erdi egin dugu atzera ostera ere. Neskato gaztea dugu May, rockabilly doinuak maite dituena, eta agian irlandarra delako, «Basque Country» aipatuta hasi du jarduna.
Gure inguran dauden rockzale gaiztoek diotenez, Andra Mari Zuriaren plazan, eguerdian egindako saioan, erabili duen jantzi bera darama soinean; ez da beraz El Vez-ek beste erreparatzen itxuran. Azal zuri-zuriko beltzaranak mugitzen badaki baina, eta dotore eman digu «Love Tatto» lanaren berri `Johnny Got a Boom Boom' bezalako kantu alaiekin; gitarra, tronpeta, kontrabaxu eta bateriak lagunduta. Eta bukatu, Gloria Jonesek idatzi eta Marc Almonden Soft Cell taldeak ezagun egin zuen `Tainted Love' famatuarekin bukatu du.
The Saints eta The Damnedek giroa garraztu baino lehen, Teddy Thompsonek gozo, gitarra soila lagun, eman dio segida jaialdiari, futbola ikusi beharrean berari adi garenoi eskerrak emanda (!!!).
Dagoeneko jendea astoratzen ere hasia da, askok Kiss-en pinturak daramatzate soinean, eta nahiko ez balute bezala, Mendizabala uzterakoan rockzale bat entzun dugu, astelehenean Bilbon AC/DC ikusteko sarrera saltzen duen iragarkia afixa batean aurkitu duela eta, lagun bati telefonoz oihuka. Asezinak dira gero rockak pozoindu zaleak.
Eta lerro hauek idatzi bitartean, amorruz, The Saints zein The Damned galdu ditugu. Bagoaz agudo Mendizabalara -oraindik Slash, Kiss eta Imperial State Electric gelditzen dira-, aurpegian Paul Stanleyren izarra margotuta!
Pausatu da jaialdia
Gaur, ekainak 26, urtebete da Michael Jackson hil zela. Pop musikaren errege omen zen Jackson, baina rock & rollak ez du erresumarik, errepublika bat da, eta Bob Dylan da gaurkoan jaialdiak duen izen erakargarri nagusia. Ez bakarra ordea.
Audience gernikarrek irekiko dute jarduna, ziurrenera entzuleak oraindik logale direla. Guztira, 11 talde entzun eta dantzatzeko, eta nagusienak, 21.00etatik aurrera. Ordu horretan agertzekoa da Bob Dylan, eta berarekin hasita, eguneko izen ezagunenak errenkadan: Chris Isaak, The Hives eta Bad Religion. «Giropa! Zer gehiago behar dun/k ba!».
Esan beharra dago: iaz egin zuten legez, aurten ere jaialdiak Andra Mari Zuriaren plazaraino zabaldu du festa, eta eguerdiro talde bat da bertan jotzekoa. Haukeraketa, bi lehenengoei dagokienez behintzat, bikaina: Atzo Imelda May izan zen bertan, gaur El Vez dugu entzungai, eta bihar, berriz, The Experimental Tropic Blues Band, vermouth sesioan. Atseden hartzeko beta gutxi dugu, beraz, taldeen jarduna bukatu ostean, 03.00etatik aurrera, disko jartzaileek 07.00ak arte luzatzen baitute zarata festa... «I wanna rock and roll all nite and party every day!».
Ez da gizon ederra, ez du dantza pizgarria, ezta ahots atsegin edo irribarre maitagarria ere, baina Dylan ezinbesteko izarra da XX. mendeko herri musikan eta jendetza erakarriko du Azkena jaialdira ilundu baino lehen. Izan ere, 21.00etan joko du.
Ordutegia: 16.20. Audience + 17.00. Maggot Brain + 17.40. The Russian Roulettes + 18.25. The Cubical + 19.10. Robert Gordon & The Gang They Couldn´t Hang + 20.05. NRBQ + 21.00. Bob Dylan + 22.20. Toilet Boys + 23.15. Chris Isaak + 0.50. The Hives + 2.15. Bad Religion.
Tokia: Mendizabala (Gasteiz).
Sarrera: 48 euro (+ gastuak).