GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Beharrezkoa eta kolektiboa

Gaur egun horietako bat da, zerbait aldarrikatzeko-ikusarazteko-ospatzeko eguna. Kasu honetan, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen, alegia, orientazio heterosexuala ez bestelakorik dutenen eguna. Horietako batzuentzat, behintzat, zeren gisa honetako beste egunek sortzen ez duten nolabaiteko eztabaida sortu ohi baitu honek, eta indar bereziz, bitxia bada ere, baldintza hori betetzen dutenen artean. Egunaren zilegitasun eta harrotasunaren aldekoak; normalizazioaren izenean justu kontrakoa egin beharko litzatekeela uste dutenak beste aldean.

Bitxia bezain aberasgarria eztabaida, nire ustetan, gaiari heldu eta bizitza afektibo eta sexuala ulertzeko eta bizitzeko norberaren modua edo egindako bidea partekarazten duen heinean, dela intimitateko edo lagun arteko elkarrizketa txikietan, dela hedabideetako artikulu zein saioetan, guztiak baliotsuak, baina, batik bat, gehiengo masiboa ez dela heterosexual hutsa ikusgai jartzen duelako, eta ondorioz, ustezko antzinako «gaixo, galdu, naturaz kontrako» eta antzeko etiketa txatxuen funts eza agerian jartzen duelako. Oro har, garrantzitsua bezain beharrezkoa irizten diot pertsona ugari hauek ukitzen dituzten kontuak mahai gainean jartzen jarraitzeari, argi baitago aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ez dutela heterosexual batek duen estatusa geure gizarte sinplezale honetan.

Horren harira, eskubide mugatuak, diskriminazio nabariak eta ezkutuagoak, onarpen ezaren beldurra desagertu ez izanaren ondorioak eta halako gaiak ekar ditzakegu hona, baina ziur nago bestela ere izango ditugula sakonago eta osoago non aztertu. Hortaz, txoko hau funtsezkoak iruditzen zaizkidan eta gutxitan nabarmentzen diren bi kontu ekartzeko erabili nahi dut. Batetik, heterosexualok ere kontu honetan guztian dugun erantzukizuna. Askatasuna eta onarpena aldarrikatzen den egun honetan, ez direla «besteak» gogoratu, baizik eta komunitateak osatzen ditugun guztiok, gizon zein emakume, sexuaz eta maitasunaz norekin gozatzen dugun ezinbesteko ezaugarri izan barik. Elkartasuna eta lankidetza bizitzako funtsezko baliotzat ditugunok, behintzat, beste hainbeste gaitan jartzen dugun gogoa eta ardura kolektibo honi ere transmititu behar diogu, bestela nekez lortuko dute berez izan beharko luketen onarpen naturala. Bestalde, kolektibo horren baitako ezberdintasunak ere kontuan izan beharrekoak dira. Eta kanpora begira ez ezik, mugimenduaren barnean ere landu beharra dagoela uste dut, ikusgarritasuna bultzatze aldera. Lesbianen kasuan, emakumea izateak ekar ditzakeen ohiko diskriminazio eta aukera murritzagoei, beste emakume batekin ibili nahi izateak sorrarazten duen mespretxu are nabari eta gogorragoa batzen zaiolako. Eta transexualen kasuan zeresanik ez, oraindik ia dena dago egiteko eta. Hasteko, «buruko gaixo» etiketa, beste behin, indargabetu.

Laburbilduta, ziur nago gaurko egunaren garrantzia eta balioa, denontzat, ez dagoela sobera. Pertsonekiko begirune eta justiziazko mundu batean biziko bagara. Mundua eta pertsonok sinpleak ez beste guztia baikara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo