GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Udalbiltzarekin, estaturantz

 

Gazte batek Paueko epaitegian bere burua defenditu behar izan du. Gazte abertzaleak bere bizia egiten du legalki Lapurdin. Madrildik euroagindua igorri dute eta epaitu dute, erantzunaren zain utzi badute zenbait egunetarako. Leporatzen zaiona jarduera politikoa da, hau dute epaitzen Pauen. Jonek bere burua defenditu nahi izan du; frantsesez hitz egin dio epaileari. Epaileak bere ahotik entzun behar izan du zer den justizia euskaldunentzat.

Ez dakigu zer gertatuko zaion Joni, baina bere iritzia, bere hitzekin errana, entzun behar izan dute Pauen. Noiz arte jarraituko du Paueko epaitegiak jarduera politikoaren zigortzearen politika defenditzen? Justizia hau merezi al dugu?

Elkarteek RFFri aurre egiten jarraitzen dute. Bilera nagusi bat iragan zen Uztaritzen eta berriz ere agertu da RFFk gezurrak hedatzen segitzen duela. Elkarteek beren indarra erakutsi dute eta oraindik erakutsi beharko dute; indar harremana ez da bukatua. Hautetsiak ezintasunean daude. Hautetsia izatea baita gaur alderdiaren buruek erabaki dutena zintzoki defenditzea. Herritarrekin lotura oso mehea, ahula gelditzen da.

Herritarrekin, elkarteekin lan egitea hautatu duten hautetsiek RFFk banatzen dituen gezur horiek irakurtzen, entzuten dituzte. Noiz arte onartuko dira gezur borobil horiek alderdietan? Alderdi hoberik merezi dugu.

Hamar mila jende baino gehiago Baionan, erretreten erreformaren salatzeko. Oso gutxitan ikusi izan dugu horrelako jende kopurua Baionako karriketan. Zerbait gertatzen ari da, ematen du zerbait mugitzen ari dela. Frantziako Gobernuak neurri gogorrak erabaki ditu eta gure egoera soziala okertzen joanen da. Zergak igoko dituzte eta laguntzak kenduko, langileak hiltzeraino lan egitera bultzatuko dituztelarik.

Etenik gabe errepikatzen dute telebistako programetan zein arau zintzoak hartzen diren, besterik ezin delakoan, gure onerako direla. Sentitzen dute herritarrek ez dituztela sinesten! Nola uler daiteke hautatua izan den Gobernu batek herritarren gehiengoak nahi ez duenaren aurka joateko ahalmena izatea? Zergatik ez dute erreferendumik antolatzen hain garrantzitsua den gaiaz benetako iritziaren biltzeko?

Instituziorik gabe, egoera sozial miserablea, hau da frantses Estatuak eskaintzen diguna. Euskal estatuaren aipatzeko garai ederra dugu. Baldintza asko betetzen dira estatu horren sortzeko garaia dela errateko. Udalbiltzako hautetsiek herrien kudeatzeko, herrien arteko lana zaintzeko eta mugaz gaindiko elkarlanaren bultzatzeko gaitasun handia bazutela erakutsi ziguten. Euskal Herriak estatuaren kudeatzeko jende prestatua, esperientziaduna badu. Hori guztia estatuek badakite.

Udalbiltzako hogeita lau pertsona epaituko dituzte beren kudeaketa jarduera zintzoki eramateagatik. Epaiketa horretaz hitz egitera etorriak ziren Hazparnera, sostengua eskatzera Udalbiltzako partaide sentitu zirenei, biltzar handi horietan parte hartu zutenekin elkartzera. Hautetsi gutxi zeuden. Udalbiltzak ez al du iparraldeko EA, EAJ, ABren sostengua merezi? Batasuneko ordezkaria zegoen bileran. Xarlo Etxezaharreta bigarren mailako hautetsia izan al da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo