GARA > Idatzia > Mundua

Zapiak, Kultura islamikoa eta integrazioa, Europar Batasunean

«Profeta! Esan emazte eta alabei, sinestunen emazteei, estal dezatela euren gorputza mantuarekin. Hori da egokiena aintzat hartuak izan daitezen eta inork inolaz ere gogait ez ditzan...» (33:59) «Esan sinestunei begirada baztertzeko eta kastuak izateko. Esan emakume sinestunei begirada baztertzeko, kastuak izateko, eta ez erakusteko begi-bistan dauden edergarriak ez beste, bularraldea beloarekin estaltzeko eta bestelakoak soilik senarrari, aitari (...) erakusteko bakarrik. Ez ditzatela astindu beren oinak, ezkutuko edergarriak ikus ez daitezen». (24:31).
p028_f01-290X204.jpg

Maddalen LARRINAGA

Hau da ika-mikaren iturburua. Hauek dira Koran liburuan janzkerari buruz agertzen diren legeak. Zabalak eta zehaztasunik gabekoak. Hori dela eta, hamaika irakurketa egin dira historian gaur egun arte. Batzuek burkaren erabilera defendatzen dute, besteek nikab-arena, besteek txador-a nahi dute eta azken batzuek hiyab-a. Baina, zein da zein?

Burka burutik oinetaraino doan jantzia da. Aurpegian saretxo bat du eta bertatik ikusten du jantzita daraman emakumeak. Nikab-ak soilik oinak uzten ditu begi-bistan. Hau sunniek erabiltzen dute gehienbat. Begien parean zulo bat du. Txador-a belo luze bat da, ilea eta lepoa estaltzen ditu eta oinetarainoko luzera du. Hiyab-a, berriz, ilea eta lepoa estaltzen duen zapi motza da, nagusiki xiitek erabilia.

Azken urte hauetan Europaren eta mundu islamiarraren arteko gorabeheren inguruko berriak erruz zabaldu dira. Europan aspalditik datorren eztabaida da beraz, eta azken egunotan Belgika Europan aitzindari bilakatu da, zapiaren aurkako debeku neurriei dagokienez. Debekua udan sar liteke indarrean, senatuak baiezkoa ematen badio. Lege-proiektua parlamentuan onartu zen ia-ia aho batez.

Neurriak emakumeen aurpegia guztiz estaltzen duten zapi islamikoak debekatzen ditu eta toki publiko guztietan ezar liteke, horien artean, eskoletan, administrazio publikoetan, parkeetan eta espaloietan. Legea ez onartzeak ondorioak ekarriko lituzke.

Estatu frantsesak ere aurrera jarraitzen du burka eta nikab-a guztiz debekatzeko lege-prozedurarekin. Hala ere, onartu gabe dagoen legea urtebeteren bueltan baino ez da ezarriko. Azkenik, Senatu espainolak iragan astean bertan onartu du, PPk bultzatuta eta CiUko katalanen azken uneko babesarekin, «belo integrala» debekatzeko proposamena.

Tentsio horien erakusleetako bat Herbehereetako eskuin muturreko PVV Askatasunaren Alderdia da, Geert Wilders-ek sortu zuena. 2008. urtean «Fitna» filma estreinatu zuen. Filmak islam-a indarkeria bultzatzen duen sinesmena dela azaltzen du eta, ondorioz, EBko kanpo ministroek eta talde musulmanek gaitzetsi egin zuten. Baina hori ez da istilu bakarra izan. 2005. urtean Danimarkako egunkari batean argitaratutako Mahomaren karikaturen ondorioz, protesta bortitzak jazo ziren.

Legedi desberdinak

Gauzak horrela, Europako herrialdeek legedi propioa dute eta beren interesen araberako ekintzak daramatzate aurrera. Estatu frantsesak adibidez, baditu gune publikoetan zeinu erlijiosoen erabilera mugatzen duten arauak. 2004an eskola eta institutu publikoetan zeinu horien (bai zapia, baita kristauen gurutzea ere) erabilpena debekatzen zuen lege bat onartu zen. Orain gainera, Nicolas Sarkozyk burka kalean erabiltzea debekatu nahi du eta, horretarako, lege egitasmoa bultzatzen ari da. Balioespenen arabera, 5 edo 6 milioi musulmanek osatzen dute komunitate islamiar frantsesa, eta horietatik guztietatik, 2.000 emakumek erabiltzen dute burka.

Alemaniari dagokionez, ikasle musulmanek eskola publikoetara zapiaz estalirik joateko eskubidea onartuta dute; izan ere, kontrakoa eginez gero, erlijio askatasunaren aurkako ekintza izango litzatekeela dio Gobernu alemaniarrak. Irakasleekin, ordea, ez da gauza bera gertatzen. 16 estatu federatuetako zortzik, zapien, beloen edota uste politiko edo erlijiosoak adierazten dituen edozein jantziren erabilpena debekatzen dute legez. Kasu honetan, Estatuaren ikasle eta gurasoekiko neutraltasuna ez oztopatzeko hartu den neurria dela diote. Barne ministro alemaniar Thomas de Maizierek beloaren debekuaren aukera baztertu zuen «Leipziger Volkszeitung» egunkari alemaniarrak azaldu duenez. Alemanian bertan, honelako debeku bat «desegokia eta soberakoa» dela adierazi zuen ministroak.

Britainia Handian ez dago beloaren erabilera debekatzen duen legerik, ezta beste zeinu erlijiosoen kasuan ere. Hiyab-a eskola, epaitegi eta gainerako eraikin publikoetan erabiltzen duten emakume edo neskatoen kasu bakoitza indibidualki aztertzen da. Hala ere, 2007an Britainia Handiko Hezkuntza Ministerioak hainbat jokabideren inguruko argibideak luzatu zizkien eskola publikoetako eta erlijiosoetako administratzaileei nikab-aren erabilera arautzen laguntzeko asmoz.

Danimarkan, urtarrilean, beloa debekatzea onartu ez zen arren, burkaren eta nikab-aren erabilera mugatu zen toki publikoetan. Beloaren inguruko erabakiak eskolen, administrazioaren eta enpresen eskuetan utzi ziren. Herbehereetan nahiz eta araudirik ez egon indarrean, hainbat lege-proiektu prestatzen ari dira.

Italian, 1975eko lege batek edozein toki publikotan aurpegia estaltzea debekatzen du, bai zapiekin, baita motozikletekin erabiltzen diren kaskoekin ere. Aldi berean, zenbait herrialdetan burkini delakoaren erabilera ere debekatu da, gorputz osoa estaltzen duen bainujantzia alegia. Ondorioz, aurtengo maiatzaren 5ean, Italia iparraldeko Novara herriko poliziak 500 euroko isuna ezarri zion nikab-a zeraman emakume bati eraikin publiko baten inguruan identifikatzeko eskatzean jantzia kentzera ukatu izanagatik. Amel Marimourik, isuna jaso zuen emakumeak, Italiako «La Stampa» egunkariari honela azaldu zion: «Ni nire herrian nahi bezala janzten naiz, eta Islamak esaten duelako, eta nik erabakita daramat beloa».

Austrian eztabaidak irekita jarraitzen du emakume sozialdemokraten ministroaren eskutik. Gabriele Heinisch-Hosek-en ustez, burutik oinetaraino estaltzen diren emakumeen kopuruak gora egingo balu, toki publikoetan erabiltzea debekatu beharko litzateke. Aldi berean, Hezkuntza ministroak dekretu baten bidez azaldu duenez, legez kontrakoa izango litzateke eskolan egindako edozein murrizketa.

Herbehereetako egoerak Belgikakoarekin antzekotasun handiak ditu. Eskolek janzkeraren inguruko arauak ezar ditzakete, beti ere diskriminazio ekintzak alde batera utziz. Nikab-aren debekua irakasleen eta ikasleen artean komunikazio arazoak sor litzakeen kasuetan onargarria da adibidez. Burka-ren debekua Parlamentuan eztabaidatzen ari den kontua da ,2006az geroztik.

Estatu espainolean ez dago, oraingoz, jantzi horien erabilera mugatzen duen legedirik. Baina bada ika-mikarik horren inguruan. Madriletik 13 kilometrora dagoen Pozuelo de Alarcon-eko institutu batek ukatu egin dio ikasle bati zapiaz estalirik joateko eskubidea, barne-arauez baliatuz.

Kataluniako hainbat udalek «belo integrala» guztiz debekatzeko mozioak onartu dituzte. Kasu guztietan ezkerreko zinegotzi batzuen aurkako boza baino ez da izan.

PPk azken urrats bat eman berri du eta, Senatuak dei egin dio, Gobernuari Europan zehar hedatzen ari den mugimenduarekin bat egin dezan.

Iritziak nonahi

Belgikak sortutako polemika honen guztiaren inguruan, aldeko eta kontrako ahotsak entzun daitezke edonon. Alde batetik, legearen aldekoen iritziz, lege-proiektu honek emakumeen eskubideak sustatzea du helburu, bai eta komunitate islamikoaren eta gainontzeko belgikarren artean gerta litekeen banaketa aurreikustea ere.

Nora Kassir-ek nikab-aren aurka dagoela azaldu zion AFPri. Bere ustez, jantzi beltz hori emakumeentzako kaltegarria da, baina ez zen zapiaren aurka agertu, ordea. «Herrialde batean bizi garenean, bertako ohiturak ikasi behar dira», gaineratu zuen.

Lydiak, 16 urteko nerabeak, zapia erabiltzen duten neskatoen kopuruaren igoeraren inguruko kezka azaldu zuen. Bere ustez, aita edo anaiek behartuta egiten baitute.

Hala ere, belgikar musulman gehienek ez dute begi onez ikusten lege berri hori; izan ere, diskriminatzailea dela eta beraien komunitate osoa kaltetzen duela uste dute, ez emakumeak bakarrik.

Aldi berean, kritikoek Europar Batasunak jasotako adierazpen askatasuna bortxa lezakeela diote eta proiektu hau Europako Giza Eskubideen Auzitegi aurrera eraman ahal izango litzatekeela.

Europar Batzordea edo Europako Kontseilua erakundeak janzkeren inguruko mugen aurka azaldu dira, hauek erlijio askatasunaren aurkakoak direlakoan. Giza Eskubideen Europako Kontseiluko komisarioak, Thomas Hammrbergek, emakumeek burka janztea erabakitzeko askatasuna izan behar dutela defendatu zuen. «Emakumeak aske izan beharko lirateke beraien janzkera erabakitzeko komunitateek edota agintariek eskua sartu gabe». Jantzi horiek eramatea behartzea «gaitzetsi» behar dela, baina horiek debekatzea «okerra» dela azaldu zuen.

Amnesty International erakundeak Belgikak burka debekatu izana kritikatu du. Bere ustez, debeku hori ez da «ez beharrezkoa, ezta proportzionala ere», eta beren sinesmenak modu honetan adierazi nahi duten emakumeen «adierazpen eta erlijio askatasunak bortxatuko lituzke». Erakunde honetako Europako diskriminazioan aditua den John Dalhuisen-ek azaldu duenez, Belgikako debeku honek «aurrekari arriskutsua» ezartzen du.

Human Rights Watch erakundeko kide Judith Sunderland-en iritziz, debeku horrek beloa eramatea erabaki zuten horien «eskubideak bortxatzen ditu» eta horretara behartuak izan diren horiei «ez diete inolaz ere laguntzen».

BBVA bankuak egindako inkesta batean agertu denez, erantzun zutenen arteko %26,4k eraikin publikoetan beloa ikustearen alde zeudela azaldun zuten, eta %52,6k berriz, aurka zeudela. Beloaren aurkako gehiengo handiena duten herrialdeak Bulgaria (%84,3), Estatu frantsesa (%68,7) eta Alemania (%66,3) dira. Aldiz, onarpen maila altuena dutenak Danimarka (%55,6), Suedia (%46,5) eta Polonia (%40,8) dira.

Musulmanen iritziak

Musulmanen artean aurkako ahots ugari entzun daitezke, batez ere emakumeen aldetik. Frantzian adibidez, Samirak, 36 urteko emakumeak, niqab-ak bere buruarekin bakean egoteko aukera ematen diola azaldu zion AFPri, bai eta bera nolakoa den azaltzekoa ere. Aminaren iritziz, 15 urteko gaztea, beloa daramaten «emakume gehienek ados» daudelako janzten dute.

Estatu espainolean, Mohamed al-Afifi Madrileko kultur-etxe islamiko bateko bozeramaileak dioenez, «Espainia estatu akonfesionala da, ez laikoa Frantzia bezala». «Zeinu erlijiosoak onartuta daude». Emakumearen menpekotasunaren seinale delako argudioen inguruan zera dio; «Benazir Bhutto, Pakistango lehen ministro izan zenak eta zapia zeramanak, menpekotasunagatik janzten al zuen? Ez dut uste: estatuko pertsonarik boteretsuena zen».

Iritziak hain argiak eta ezberdinak izanik, zaila izan daiteke adostasun batera iristea. Mendebaldeko eta Ekialdeko pentsamoldeen artean zubi bat eraikitzea zaila eta luzea izan da orain arte, eta ez dirudi egoera asko aldatuko denik. Integrazioa eta demokrazia Mendebaldeko lurraldeen funtsa eta leloa dira, baina kasu honetan ez ote dira horiek baztertzen ari?

Ekialdekoen pentsamoldea eta Mendebaldekoona erabat ezberdina da kontu honetan. Europako biztanle eta gobernuek emakumea askatu eta libre utzi behar dela diote, eta horretarako beloaren debekua onartu behar dela defendatzen dute. Ekialdekoen ustez, ordea, emakumea aske bizi da, ez du inongo menpekotasunik nahiz eta beloaz estalirik joan.

Horrenbestez, Europar Batasunak kontu hauetan duen erronkarik garrantzitsuena integrazioa bilatzea eta bultzatzea dela esan genezake. Horretarako, aurrera eramango diren politikak (Europar Batasunekoak zein estatu mailakoak) faktore ugari izan beharko ditu kontuan, sinesmen eta sentimenduekiko errespetua eta norbanakoen eskubideak barne.

PENTSAMOLDEAK

Ekialdekoen pentsamoldea eta Mendebaldekoona ezberdina da kontu honetan. Europako biztanle eta gobernuek emakumea askatu eta libre izan behar dela diote, eta horretarako beloa debekatu behar dela defendatzen dute. Ekialdekoen ustez, ordea, emakumea aske bizi da, ez du inongo menpekotasunik, nahiz eta beloaz estalirik joan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo