GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Eskalatzaileak gure lanaz, ekipatzaileen lanaz, jabetzen dira»

p048_f01.jpg

p048_f02.jpg

Joseba ARLEGI

Eskalatzailea eta ekipatzailea

Euskal Herriko eskaladaren historia «ofizialean» ez da azaltzen, eskuarki beste nolabaiteko jarduerak jasotzen direlako. Haatik, askok diogu bere lekutxoa izateko merituak dituela, Nafarroan bideak zabaltzen, ekipatzen eta berrekipatzen lan ederra zein eskerga egiten ari delako. Bere lehen jolas-eremua Biaizpe izan zen, eta, gero, Peñartea, Aiztondo eta Etxauri bezalako eskoletako bideak iritsi ziren.

Andoni ARABAOLAZA

Euskal Herriko ekipatzaile talde txiki horretako ordezkaria dugu Joseba Arlegi. Ez du bere burua soilik eskalatzen ikusten, eta betidanik eskalatzeko bideak sortzen, ekipatzen eta beste batzuk berrekipatzen jardun du. Hori da bere filosofia, eta GARAk Irurtzunen bertan eginiko elkarrizketan hori guztia ondo baino hobeto islatzen da. Ilusio handiz jarraitzen du; azken urte honetan Balcon de los Buitres izeneko paretan lan bikaina egin du.

Eskalatzailea zara, baina batez ere ekipatzaile gisa ezagutzen zaitugu. Nolakoak izan ziren zure hastapenak?

Eskalatzen hasi bezain pronto, hasi ginen ekipatzen. 15-16 urte genituen, eta Biaizpe etxean bertan genuen. Pareta horietan hainbat bide klasiko berrekipatzen hasi ginen: espit zaharrak kentzen, bilerak txukuntzen... Gainera, adin horrekin ez genuen autorik, eta Etxaurira joatea zaila genuen.

Horrela bada, espitadorea hartu eta bide batzuk ekipatzen jardun genuen. Gero, klasiko batzuk berrekipatu genituen, ikusten baikenuen sokadaren bat bide batean sartu eta dardarka ateratzen zela. «Giovanni copo corto» bidean, adibidez, 8 ordu egiten zituzten, eta esaten zuten ez zirela inoiz itzuliko. Gainera, horietako bide batzuetan bizpahiru sokada besterik ez ziren ikusten. Beraz, berrekipatzeko lan hori hartu genuen. Gero, «La Virgen» eta beste bide batzuen pauso gogorrenak zein bilerak berrekipatu genituen. Ikusten duzunez, espitadorea eta mailuarekin hasi ginen eskalatzen.

Beraz, kirol eskaladako marretan soilik ez zara ibili.

Horixe da. Hala ere, zabaldu ditudan hainbat luzetako bideek beti izan dute kirol eskaladako osagai hori. Denbora gutxi daukat, eta norabide hori hartu dut. Pareta luzeetan, batez ere Biazpen eta Aiztondon jardun dut.

Nik ekipatzaile «herrikoi» gisa hartzen zaitut. Eta azalduko dizut. Egun, hemengo ekipatzaile askok zailtasun handiko bideak sortzen dituzte. Zuk, aldiz, zailtasun txikiko zein ertaineko bideak eskaintzen dituzu. Ados al zaude iritzi horrekin?

Denetarik ekipatzen dut. Zehazkiago esanda: 4. gradutik 8a-ra arte. Aitortu behar da oso ekipatzaile gutxi gaudela, eta gehienek zailtasun handiko marrak sortzen dituztela. Normala denez, norberak eskalatzen duen graduaren arabera ekipatzen du. Beraz, nik nire mailakoak; baina errazak eta zailak, biak. Eta berrekipatzerakoan egoera bera izaten da. Gai hau ere zaindu behar da, besteak beste, eskalatzen hasten direnek bide onak eta ondo ekipatuak behar dituztelako izan. Gure hastapenak bestelakoak izan ziren: burilak, iltzeak...

Oker ez banago, Nafarroa da zure «jolas-eremu» bakarra, ezta?

Hala da. Lehen esan dudan bezala, Biaizpen hasi ginen eta, gero, Aiztondora egin genuen salto. Aiztondon eskalatzaile andana dabil; egundoko arrakasta izan du. Peñartean ere bideak zabaldu ditut eta Etxaurin beste hainbeste. Etxaurik beldur pixka bat ematen zigun. Historia handiko eskola zen, eta han eskua sartzea... Esan duzun bezala, Nafarroan soilik ekipatu eta berrekipatzen dut.

Zergatik motibatzen zaitu ekipatzeak zein berrekipatzeak?

Berrekipatzeari dagokionez, espit zahar zein erdoildu batzuk ikusteak nazka ematen dit. Eta hori txukuntzen (batez ere bilerak) saiatzen naiz.

Eta bide bat sortzerakoan, bada marra bat ikusi, harrapatzen banau eta ekipatu gabe badago... bada, soka hartu, garbitu eta ekipatzen dut, oso gustura. Hori gertatu zait, adibidez, hementxe bertan dugun Balcón de los Buitres paretarekin. 30 bat marra egiteko lana hartu dut, eta horretan urtebete pasa dut.

Arestian aipatu dugu Euskal Herrian oso ekipatzaile gutxi zaudetela. Bitxi sentitzen al zara?

Ez. Gustatu behar zaizu; ez dago besterik. Alabaina, ez dut uste eskalatzaile guztiek ekipatu behar dutenik.

Txoritxo bihurri batek esan dit 5. graduko bide bat zabaldu eta ekipatzeko hiru egun behar dituzula. Egia al da?

Esaiozu txoritxo bihurri horri aipatutakoa ez dela egia. Lana ondo eta txukun egitea gustatzen zait. Atsegin dut dena ondo garbitzea, eta horrek denbora eskatzen du. Seguruak zuzen jartzen saiatzen naiz, eta horrek ere denbora eskatzen du.

Baina txapak jartzen ez dut denbora asko pasatzen; arratsalde batekin nahiko eta sobera dut. Lana lasaitasunarekin hartu behar bada, orduan horrela egiten dut.

Gauzak ondo eta txukun egitea zure ezaugarri nagusietarikoa dela ez dut zalantzan jartzen, batez ere ikusita han eta hemen egindako lana. Bestalde, esan daiteke Joseba Arlegiren bideek berezko marka dutela?

Ez dakit berezko marka duten ala ez, baina argi daukat nire bideek ezaugarri batzuk dituztela. Adibidez, saiatzen naiz txapajeak egiten leku egoki batetik eta pausu gogorra baino lehen. Hori da atsegin dudan estiloa: pausoa ziurtatuta egotea.

Ez ditut seguruak oso hurbil jartzen. Erorketa garbia bada, orduan ez dut arazorik urrunago jartzeko. San Fauston, adibidez, iruditzen zait seguruak hurbilegi daudela. Oso urrutira daudenak ere ez zaizkit gustatzen. Eta esan dudan bezala, txapajeak erosoa behar du izan.

Zuk uste duzu eskalatzaileak zuen lanaz jabetzen direla?

Hala uste dut, batez ere eskalatzen denbora asko daramatenak. Hasiberriak, aldiz, rokodromoetan hasi dira eta uste dute enpresaren batek lan hori egiten duela. Egin dezaketena da zer edo zer lagundu: hurbiltzeko bideak garbitu, autoak uzten ditugun lekuak txukundu... Hori edonork egin dezake.

Irurtzun gainean dugun pareta horretan egindako lanagatik zoriondu naute. Urtebete pasa dut bideak sortzen eta ekipatzen, eta uste dut eskalatzaile batzuk horretaz jabetu direla.

Inoiz kritikatu al zaituzte zabaldutako bideengatik edo zabaltzeko erarengatik?

Badakizu nolakoak garen eskalatzaileok. Jakina, guztien gustura ez duzu egiten. Baina aitortu behar dizut ez dudala inoiz kritikarik sumatu.

Eta bide bati jarritako graduarengatik?

Bada, begira, ez zait asko axola. Bide jakin bat eskalatu duenak uste badu nik jarritako gradua errazagoa edo zailagoa dela... bada, bere iritzia da eta ez diot garrantzirik ematen.

Eta zer diozu «Irurtzungo graduari» buruz entzuten diren iritziak? Ze, jakin badakizu, askok eta askok diote gogorra dela.

Gradua gogorra ote den? Ospe hori du. Baina gogorra baino uste dut eskalada estiloarekin lotuta dagoela. Biaizpen, adibidez, kontuan hartu behar dugu oso plaka leunetan eskalatzen dela. Fin-finak dira, oinak oso ondo mugitzen jakin behar duzu, helduleku txikietatik tira egin behar duzu... Eta gaur egungo estiloa zeharo ezberdina da: helduleku onak dituzten erori handiko bideak.

Ni Pedrizan egon naiz, eta komeriak izan nituen 5+ zailtasuneko bide bat eskalatzeko. Jakina, ni ez nago hango eskalada estiloarekin ohituta, eta hori asko nabaritzen da.

Biaizpeko pareta handian edo nagusian «Gora gu ta gutarrak» bidea zabaldu zenuen orain dela urtebete eskas. Egundoko arrakasta izan duela ez da ezbaian jarri. Nik neuk une berean lau sokada ikusi ditut marra hori eskalatzen!

Pareta txikian «La Virgen» bidea berrekipatu eta gero, «Herri baten sustraiak» marra sortu genuen: 6a+ zailtasunekoa da, ondo ekipatuta dago eta sei luze ditu. Nik uste dut gaur egun eskalatzaile askok bide luzeak eta ondo ekipatuta daudenak atsegin dituztela.

Xede horrekin jarraituz, pareta nagusian kirol eskaladako kutsua duen marra bat sortzeari ekin genion. Segurua eta zailtasun ertainekoa nahi genuen. Eta hor jaio zen «Gora gu ta gutarrak». Esan duzun bezala, arrakasta handia izan du. Klasiko bihurtu da eta makina bat eskalatzaile hurbiltzen dira. Harrituta gaude.

Hala ere, esan behar dut lan ordu piloa eskatu zigula; batez ere garbitzen. Ez genuen nahi «Bardulia» eta «Buruntza» bideetan izan den egoera gertatzea. Hots, bide horietan eskalatzaile gutxi sartzen da.

Egun, bide asko ukitzen dira (zizelkatuak, sikatuak...), eta aldeko zein kontrako iritziak daude. Zein da zure apustua edo filosofia?

Naturalak ateratzen badira, bada oso ondo. Hori da bilatzen dudana. Baina 30 metroko bide batean sika bat edo zizelkatu bat egiten badut, ez naiz larritzen. Agian, horrela bidea askoz ere egokiago geratzen da. Ahalik eta garbien gera dadin saiatzen naiz.

Miresten duzun zure lurraldeko ekipatzaile baten izena aipatuko al zenidake?

Ekaitz Maizen lana harrigarria da. Hori bai, ez ditu nire graduko bideak zabaltzen (kar,kar). Hor dira ere, Koldo Bayona, Carlos Velazquez...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo