ITSASOA
Surflariak, txapelketak eta txorakeriak...
Haritz Larrañaga Surflari ernegatua
Ekainaren 20a surfaren nazioarteko eguna izan omen zen. Ez dakit nork erabaki zuen egun hori izendatzea, ez data hori zergatik aukeratu zen, ezta zertarako antolatu zen ere, baina AEBetan ospatu zuten. Ekainaren 19an, eguerdian hasi eta igande eguerdira arte luzatu zen etenik gabeko txapelketa bat antolatu zuten. Parte hartzaileak taldeetan banatzen ziren, horrela kide batek jasotako puntuak taldearen zakuan pilatzen zirelarik. Orduro txanda bat jokatzen zen eta txanda bakoitzean arlo desberdinetako kideak lehiatzen ziren; Hollywoodeko aktoreak, surflari gazteak, telebistako pertsonaia famatuak eta surflari famatuak, hala nola 80ko hamarkada hasieran izen ezaguna zen Buttons Kaluhiokalani hawaiiarra edo Tom Curren eta Shaun Tompson munduko txapeldun ohiak. Modalitate desberdinek ere izan zuten lekua, SUP (Stand Up Padle) deitzen dioten gondolen modalitatea esate baterako. (Zenbait modalitate surfa ote diren inork ez du auzitan jartzen, baina eztabaida hori beste baterako utzi beharko dugu).
Txapelketa, nola ez, Huntington Beach hondartza famatuan ospatu zen, txapelketen historian jende gehien bildu izan duen lekua. 1986ko munduko surf txapelketan esate baterako, ezin izan zen bildutako jende multzoa kontrolatu eta istilu larriak izan ziren; polizia autoak erre eta txikizio larriak eragin zituen jendailak.
Gauean, surflariek olatua ikusi ahal izateko eta epaileek surflariaren trebezia puntuatu ahal izateko, potentzia handiko fokuak erabili zituzten. Horrek, iaz Zarautzen egin zen ekimen bat gogorarazten dit. Egun hartan, antolatzaileen artean Zarauzko Udala zegoen eta, noski, beti bezala, handikeria eta txorakeriaren bandera aurretik zutela, estropezu egin zuten. A ze lotsa! Okerrena ez da Udalak zerbait antolatu eta txapuza bat egitea, harritzekoa zerbait ongi egitea bailitzateke. Lotsagarriena surflarien parte hartzea izan zen. Herrian txosnak jartzeko ekimen batean parte hartzeko deia luzatu eta politika ez dela surfarekin nahastu behar, musua gorritu gabe, erantzuten dizuten surflariak. Udal agintariek itsas taulez ezer gutxi jakitea ez da harritzekoa, nahikoa lan badute auzoetako ekimenak galarazi eta herritarrak salatzen. Baina surflariek itsasbehera zein ordutan izan daitekeen bazekitelakoan nengoen.
Nola antolatu daiteke gaueko surf ikuskizun bat urteko marea baxuena dagoen orduan? Ahal zutena egiten jardun ziren maila handiko surflariak, uretako motoekin, taula fluoreszenteekin eta abar, baina alferrik, ez zen tutik ere ikusten. Gauean bi itzulbira egiteko hainbesteko muntaia egitea zilegi ote den inork ez zuen auzitan jartzen. Dirudienez, pena, ikus-ahalmen eskasa izan omen zen.
Pena, batzuek sentitu genuena. Egun hartan surflari batzuek, halabeharrez parte garen komunitate horretako kide izateaz lotsatu ginen. Azken finean, tontoarena batek egitea nahikoa izan daiteke gainontzeko guztioi izena emateko, baina bat izan beharrean mordoxka bat bada, gainontzekoentzat eredu baldin badira eta gainera jarraitzaileak badituzte, orduan ez dago zer eginik. AEBetako apaizen aferaren gisakoa da, ehunka ez balira umeei zerrikeriak egiten ibiltzen diren apaizak, ez lukete denek daukaten fama hori izango.
Huntington Beachen burutu duten txapelketa honen antzera, beste hainbat antolatzen dira. Beti dago «borondate oneko» enpresaren bat atzean, udala dela, arropa marka bat dela, edo edozer dela. Parte hartzaileak ere noski «borondate onekoak» izaten dira, alegia, antolatu duen enpresak edo beste enpresaren batek babesten dituen kirolariak. 24 orduko txapelketa horretan esate baterako, kasualitatez, Billabong izeneko taldea izan zen irabazlea, 179.01 punturekin (puntuatzeko irizpideak ere auskalo zeintzuk ziren) eta bigarren taldea Team Firewire izan zen, 169.47 punturekin.
Horrelakoetan ohikoa den moduan, dohaintzak ere izan ziren. Kasu honetan, 50.000 dolar eman zituzten Surfrider Foundation, Heal the Bay eta Inside the Outdoors erakundeentzako. Alegia surflarien ingurumenaz arduratzen diren bi erakunde eta, noski, «atetik kanpo dagoena barneratu« edo «baztertuak integratzen» saiatzen den hirugarren batentzat.
Antzeko erakunde bat proposatzen dut nik ere, baina alderantziz, «Outdoor the insides» edo «out the insiders». Horra nire proposamena. Helburua, surf komunitatean gauzak auzitan jartzen dituzten eta jartzen ez dituztenen arteko oreka lortzea litzateke. Orain artean, noski, ezer auzitan jartzen ez dutenak izan dira nagusi, «integratuak», beren uretako motoekin ibiltzen direnak, zakarra lurrera botaz lanpostuak sortzen dituztela diotenak eta abar. Oreka lortze aldera eta lotsa bi taldeetan berdin banatze aldera, sinplea da, «integratuak» kanporatuko dituen erakunde bat proposatzen dut. Ez litzateke antolaketarako dirurik behar, korronte bortitzetako egun bat eta, hara!, Kantauritik Atlantikoa bisitatzera!