Itsasoko olatuen gainetik, hormetan gora doa psicoblock mugimendua
Mallorca uharteak badira ezkutuko txokoak; kala txikiak eta turistek bisitatzen ez dituzten hainbat ihesleku. Horrelako parajeetan filmatu zuen Patxi Usobiagak «Psicoblock-Ur sakonetako bakardadea» dokumentala.
Maddalen LARRINAGA
Itsasoak jarduera asko egiteko aukera ematen duela argi dago, batez ere eguraldi ona hasten denean. Baina, badago itsaso gainean egiten den kirol mota berri bat; Psicoblock izenekoa. Itsaslabarrak sokarik gabe igotzean datza, eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu nazioartean. Hori dela eta, Patxi Usobiagak «Psicoblock - Ur sakonetako bakardadea» dokumentala filmatu zuen mugimendu berri hau ezagutarazte aldera.
Dokumentalean, Patxi Usobiaga, 2006ko eta 2007ko munduko txapelduna, Irati Anda, euskal emakume eskalatzaileen arteko handienetakoa, eta Iban Ibañez eskalatzaileak agertzen dira; baita Mallorca bertako Miquel Riera ere. Kontatzen den istorioa aste horretan bizi izan zituzten esperientziei buruzkoa da, zer izan zen beraientzat hara joatea eta nola bizi izan zuten.
Filmatu zenean asmo bakarra zuten buruan: «Eskaladako mugimendu hau jendeari erakustea». Edonork egin dezakeela erakutsi nahi zuten, «beti ere, kontuz ibiliz, ez baita ahaztu behar itsasoan zaudela». Uda inguruan antolatzen diren irteeratan egin daitekeela erakutsi nahi zuten; urtaro horretan jendeak eskalatzeko motibazioa apur bat galdu egiten duela zioen Usabiagak; «modu honetan, oporrez, hondartzaz eta itsasoaz goza daiteke».
«Psicoblock» izena ez zen kasualitatez hautatu. Eskalada mota hau definitzen dituzten bi kontzeptuetatik eratorritakoa baita; «psico» eta «block» alegia. «Psico», lan psikologiko handia eskatzen baitu kirol mota honek, eta «block» eskalatzen dituzten bloke eta hormak direla-eta. Modalitate honetan, itsaso gaineko itsaslabarrak inongo segurtasunik gabe eskalatzen dituzte. Sokak alde batera utzita, gorputzaren indarrak mantentzen ditu harrian zintzilik.
Hori dela eta, esperientzia hau ez zaie atsegina suertatzen praktikatzen duten guztiei. Patxi Usobiagak berak honela azaldu zuen: «Hara joan ginen eskalatzaileetako bi kideri asko gustatu zitzaigun, baina beste biek nahiko gaizki pasa zuten», psikologikoki duen eragin handiaren adierazle. Kirola hau egiteko baldintzek «beldurra» eragiten dutela zioen Usobiagak. «Horri eusteko gai bazara, asko gozatzen duzu, bestela ez. Beldurrak ez baitizu horretarako aukerarik uzten». Berak ordea, oso ondo pasa zuen hasiera-hasieratik. Geroztik irlara itsaso gainean eskalatzera itzuli ez den arren, nahiko lukeela aitortu du. «Azkenean, lehentasunak daude. Ez da egokitu», zioen.
Istripu txikiak ere izan zituen eibartarrak hormetan gora zebilela. «Golpe ederrak hartu nituen eta horrek beldurtu egin ninduen», baina aldi berean, arreta gehiago jartzera behartu zuen bere burua, hasieran axolagabekeria apur batez jokatu baitzuen gaiaz nahikoa ez jakiteagatik. Errealitateaz ohartzean, gauzak asko aldatzen dira edonorentzat.
Grabaketa egitera joan zirenean ez zuten inongo finantziaziorik eduki; «dena ahal genuen moduan egin genuen». Dokumentalaren zuzendaria David Maeztu da eta ekoizpena Bideografik-ren ardura izan da. Koprodukzioa, berriz, Patxi Usobiagak egin du. Irlan, Mallorcako Miquel Rieraren laguntza izan zuten bertako toki onenak aurkitu ahal izateko.
Filmaketak denbora gutxi iraun zuen; «astebetez aritu ginen jo eta fuego lanean». Hala ere, azkenean gutxi gozatu zuten psikoblockaz; izan ere, ekaina ez da bertara joateko garai onena, beroak kobetan sortzen duen kondentsazioa dela-eta, paretak bustita egoten baitira. «Onena irailean joatea da», garai horretan tenperatura atseginagoa izaten baita eta eguzki-izpiek ez baitute udan bezainbesteko indarrik.
Izenburua: «Psicoblock-Ur sakonetako bakardadea».
Iraupena: 26 minutu.
Zuzendaria: David Maeztu.
Protagonistak: Patxi Usobiaga, Irati Anda, Iban Ibañez eta Miquel Rier.
Ekoizpena: Bideografik eta Patxi Usobiaga.