GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Arrantzaleen patroiak umore onez jantziko du Orio San Pedro festetan

Orioko sanpedroak gaur hasiko dira ofizialki 20.30ean txupinazoa botata. Patxi «Danbolini» egingo diote omenaldia eta, gero, lehendabiziko aldiz, danborradak herriko martxa joko du. Aurtengo jaietan herriko eragile ugariren parte hartzea nabarmena da, bai musika arloan bai kirol arloan. Jaiek asteazkenera arte iraungo dute eta adin eta gustu guztiak asetzeko adina ekitaldi daude prestatuta.

p020_f03.jpg

Nagore BELASTEGI |

Orioko San Pedro jaiak arrantzaleen patroiaren omenez ospatzen dira, nahiz eta gaur egun antzina zuen esanahia galdu duten.

Gaur egun, arrantza gurtzeko eguna izan beharrean, ekainaren 29a, jaietako egunik garrantzitsuena da, eta oriotar guztiek ondo pasatzeko aprobetxatzen dute. Hala ere, egitarauan ez dago besteak baino nabarmenagoa den egunik, guztietan gozatzeko aukera ugari daudelako. Gainera, aipatzekoa da herritarren parte hartzea, jai hauen izaera herrikoia nabarmentzen duena.

Jaiak, ofizialki, 20.30ean hasten badira ere, aurretik ere ondo pasatu ahal izango dute Oriora gerturatzen direnek. 17.00etan Orioko ohiturak islatzen dituen heriotzarik gabeko arrantza lehiaketa egingo da moilan. Arrantza zaletasun dutenek kanaberarekin duten trebetasuna erakusteko aukera aparta. 20.00etan Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto bertsolariek inprobisatzeko duten gaitasuna erakutsiko dute, kalean tabernaz taberna egingo den bertso poteoan. Horren atzetik, txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik, esan bezala, 20.30ean. Aurten, Patxi Oliden Danbolin konpositoreari omenaldia egingo diete. Olidenek Orioko martxari musika jarri zion, eta, horregatik, jaiak hasi bezain pronto, danborradak martxa joko du eta gero kalez kale joango da, Danbolin Musika eskolako ikasleen erritmoari jarraituz.

Bihar haurrek ondo gosaldu beharko dute 11.00etatik 14.00etara puzgarriak izango baitituzte plazan, energia guztia xahutu arte salto egiteko. Bitartean, 12.00etan, txistulariak ibiliko dira kalez kale. Ordu berean meza nagusia izango da. Bertan Salatxo abesbatzako ahotsek kantatuko dute. Asteazkenean, 14.00etan erretiratuek bazkaria egingo dute, eta gero, arratsaldean, jandako guztia jaisteko herriko plazan toka, musa eta bingoa izango dituzte 19.00etan. Arratsalde erdian, berriz, 18.00etan, alebin mailako Emakumezkoen Futbol Torneoa hasiko da Mendibeltz futbol zelaian.

Bisigua Orio estilora

San Pedro festak, abenduan ospatzen diren San Nikolas festekin batera Orioko jai nagusiak dira. Garai batean arrantzaleek santuak hegaluzearen arrantzan babestuko zituela ospatzen zen biharko egunean, baina, egun, hegaluze garaia hasi aurreko azken egunak jai giroan pasatzen dituzte. Orio itsasoarekin harreman estua duen herria da eta hori islatzen dute bertako ohiturek. Gastronomiak ere garrantzi handia du.

Horregatik, aurten, urtero bezala, Bisigua Orio Estilora jaialdia ospatuko da. Jaialdia uztailaren 15 eta 18 bitartean ospatuko da eta Euskal Herriko parrillerorik onenak izango ditu janaria prestatzen. Bazkariak eta afariak herriko plazan izango dira, eta jankideek parrilleroen sugarrak ikusi ahal izango dituzte arraina prestatzen duten bitartean. Gainera, Orioko gastronomiako zein beste motatako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango da jarriko dituzten stand-etan.

Txartelak 45 euroren truke eskuratu daitezke eta lau egunetan zehar banatuko diren bost otorduetako batera joateko balio du. Afariak 15, 16 eta 17an emango dira 20.30etik 22.00etara. Bazkariak, berriz, 17 eta 18an, 13.30etik 15.00etara.

Luis Mari Uranga (Xixario jatetxea), Andoni Materola (Joxe Mari jatetxea) eta Joxe Migel Zendoia (Katxina jatetxea) Euskal Herriko parrillerorik onenek arrainez osaturiko primerako menua prestatuko dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, arrain pastela, bisigua parrillan, nola ez, eta «bixigoxo» postrea. Gainera, ardoa, txakolina, ura, sagardoa eta kafea ere banatuko dituzte.

Txartelak uztailaren 2ra arte egongo dira salgai. Epe hori oriotarrentzat da, eta gero gainerako herrietakoei ere salduko zaizkie. Txartelen erreserba egiteko 943 830 904 telefonora deitu behar da asteko edozein egunetan, larunbata eta igandea barne, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara.

Udaltzaingoa

Jaietan inolako eragozpenik ez sortzeko, datozen jai egunetan herrian auto gidariek hainbat neurri kontuan hartu beharko dituztela ohartarazi du Udaltzaingoak. Herriko plazan, esaterako, ibilgailuek ezingo dute sartu gaurko 16.00etatik uztailaren 1eko 8.00etara. Bestalde, kaian zirkulazioaren norabidea aldatuko dute. Ibilgailuak kaitik barrena sartuko dira herrira eta debekatuta izango dute bide hori herritik ateratzeko erabiltzea. Horretarako, Txanka hondartzako bidea erabili beharko dute derrigorrez. Emandako oharraren bidez herritarrei arauak jarraitzeko eskatu die Udaltzaingoak.

Gaurko egitaraua

11.00-14.00 Umeentzat jolasak, herriko plazan, puzgarrietan salto eta tokara jolasteko aukera izango dute txikienek.

12.00 Capoeira erakustaldia, herriko plazan.

17.00 Heriotzik gabeko arrantza lehiaketa, kaian.

20.00 Bertso poteoa kalean, tabernaz taberna, Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto bertsolariekin.

20.30 Txupinazoa udaletxeko balkoitik. Patxi Oliden «Danbolin» konpositoreari omenaldia egingo zaio. Lehen aldiz, festei hasiera emateko danborradak Orioko martxa joko du Danbolin Musika eskolako ikasleen laguntzarekin.Gero, danborrada kalez kale.

21.00 Herri afaria, plazan

23.00 Gozategi taldeak disko berriaren aurkezpena egingo du, eta gero, DJ Xaibor.

Oriotarren San Pedro jaiak kantu eta doinu ugarik alaituko dituzte

Badirudi Orion arraunean trebeak izateaz gain, abesteko zaletasuna ere badutela. Ostiralean «Oh Happy day» telebistako programan parte hartutako Mallabiako Jasokunde eta Mendibil, eta Orioko Salatxo abesbatzek kontzertua eman zuten. Salatxo abesbatza 1993an sortu zen, Santa Zezilia egunean, Marina Lertxundi zuzendari zuela. Gero, Idoia Azurmendik hartu zuen batuta eta orain, 2006tik, Igor Arroyo dago abesbatzaren buruan. Osatzen duten 30 partaideek ilusio handia dute eta datozen hilabeteetarako proiektu ugari dituzte.

Herritarrekin jarraituz, hain famatua den Gozategi taldeko kideek disko berria atera dute eta beren herrian, Orion, aurkeztu nahi dute. Aurkezpena gaur gauean izango da, 23.00etatik aurrera. Gero, DJ Xaibor arituko da musika jartzen eta plazara gerturatzen diren guztiak alaitzen.

Orion duten musika egiteko gaitasuna erakutsiz, trikitilari gazte batek lehiaketa antolatu du. Bertan herriko trikitilariek parte hartu ahal izango dute, eta onena nor den erakutsi beharko dute. Nahiz eta norgehiagoka izango den, ziur denak pozik amaituko dutela, txikitixaren musikak sortutako umore onaz lagundurik. Txapelketa, bihar, arratsaldeko seietan izango da.

Argi dago abesbatzetako kideen ahotsak zoragarriak direla, baina guztiek ez dute hain ondo abesteko gaitasuna. Hala ere, nahi izan duten oriotar guztiek urtero egiten den kantu jiran parte hartuko dute. Errikotxia bertso taldeak eta Egunsenti abesbatzak antolatu dute herritarrak kalez kale abesten jartzeko helburuarekin. Jiraren egunean dena akatsik gabe ateratzeko, elizako saloian bi entsegu egin zituzten joan den astean. Kantu jiran parte hartzeko baldintza bakarra ondo pasatzeko eta abesteko gogoa izatea da, horregatik, ez da beharrezkoa sekulako ahots polita izatea. Hori bai, ezinbestekoa da umore ona. Kantu jira, bihar, 20.00etan izango da eta herrian zehar ibiliko dira jendea animatzen.

Taldeei dagokienez, Orion dagoen harrobia erakusteko Can't explain taldeak Mutrikuko Wet band taldearekin batera kontzertua emango du. Emanaldia herriko plazan izango da bihar, 23.00etan, kantu jiraren ondoren, gorputzak indarge gelditu arte. Jaien azken egunari hasiera emateko musika herrikoiagoari ekingo diote Orioko txistulariek. 9.30ean kalejiran aterako dira herrian zehar. N. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo