Euskal Herria jaietan
Danbor hotsak iritsi dira Zumaiara, aurtengo jaiei doinu bizia jartzera
Bihar izango da zumaiarren egun handia, baina asteburu osoa igaro dute parrandan entrenatzen. Urtetik urtera parte hartzaileagoa den danborradak iragarriko du San Pedro egunaren etorrera ordu batzuk barru.
GARA |
Zumaian San Telmo jaiak ospatu zirenetik, hiru hilabete eskas igaro dira eta, jada, atsedenari muzin egin eta jai giroan dira berriro ere zumaiarrak. Oraingoan, San Pedro jaiak dira ostiralean hasi eta asteartera bitarte ospatuko dituztenak.
Kutsu modernoarekin eman diote hasiera aurtengo jaiei, ostiralean Eusebio Gurrutxaga plazan eskainitako Capoeira ikuskizunarekin hain zuzen. Herriko txiki zein helduek gozatu zuten dantza eta borroka lotzen dituen arte honekin.
Hasiera ofiziala, ordea, ez zen larunbatera arte iritsi, udaletxeko balkoitik ohiturazko txupinazoa jaurti ez zen arte. Suziriaren ostean, Deiadar txarangaren doinuek festa herriko bazter guztietara zabaltzen lagundu zuten, nahiz eta Sanpedrotako Karpak ez zuen haren beharrik izan, goizean goizetik arroz arteko festa usaintzen baitzen bertan. Prestatutako paella erraldoiak ez zuen inor goseak utzi eta gogoz ekin ahal izan zioten eguneko jai egitarauari; haur, gazte zein helduentzat, herritar guztien neurrira prestatutako egitarauari.
Arratsaldean, musean aritu ostean, aizkolariak eta harri-jasotzaileak ikusteko beta izan zuten zumaiarrek. Gauean, aldiz, trikiti doinuak eta 70eko hamarkadako musikak bat egin eta parrandarako giro bikaina sortu zuten karpan.
Gazteek igandea ajeari aurre egin ezinik igaro zuten arren, txikiek hartu zuten jaietako lekukoa eta parke erraldoia okupatu eta ondo baino hobeto pasa zuten bertan.
Guztien neurrira
Nafarroako doinuek konkistatu zuten Zumaia igande eguerdian, Voces Navarras taldearen eskutik jota ederrak entzuteko parada izan baitzuten herritarrek.
Aitzol Barandiaran eta Jone Uriaren errima eta doinuek girotu zuten atzoko bazkaria, eta Marisa Merino dantza eskolako ikasleek erakustaldi ederra eskaini zuten gero plazan. DJ Jonekin agurtu zuten igandea.
Biharkoa izango da jai hauetako egun garrantzitsuena: San Pedro eguna. Haatik, herritarrek gaurko gauean jarria dute arreta, izan ere, 22.30ean emango zaio hasiera azken urteotan indar handia hartzen ari den danborradari. Gauerdian, danborradarekin batera, udaletxe aurrean herriko ikurrina igoko dute. Danborradako azken danbaden ondotik, Trakets taldearekin dantzaldia izango dute Eusebio Gurrutxaga plazan gaueko ordu txikietara arte gorputza astindu nahi dutenek.
Bihar, San Pedro egunarekin, jaiei agur esateko unea iritsiko zaie zumaiarrei.