Euskal Herria jaietan
Festa-kanpaiekin hasiko dira San Pedro jaiak Eskoriatzan
«Sanpedrotan egina...errepika ezina!» izango dela dio aurteko esaldi lehiaketako irabazleak. Gaurtik aurrera eta osteguna bitartean, Eskoriatzak San Pedro jaiak ospatuko ditu, eta osatu duten egitarau oparoari esker, ziur aski, askorentzat errepikaezinak izango dira aurtengo festak. Mus txapelketa, apar festa, kontzertuak, txistularien kalejirak, kartoizko zezenekin entzierroak... egun zoriontsuak pasatzeko eskaintza «errepikaezina» izango da.
GARA |
Gaurtik aurrera eta uztailaren 1era arte, San Pedro jaiak ospatuko ditu Eskoriatzak. Egitarau oparoaz gozatzeko parada izango dute herritarrek zein bisitariek lau egun hauetan. «Sanpedrotan egina...errepika ezina!», dio aurtengo esaldi lehiaketako irabazleak. Hortaz, Debagoieneko herriko festetan egingo dena errepikaezina denez, ziur aski, askotxok ez du festaz gozatzeko abagune hau galduko.
Gaur bertan, San Pedro bezperan, eguerdiko hamabietarako Zubiate labearen inaugurazioa iragarri dute. Ordu berean, herriko plazan baina, 4 eta 12 urte arteko umeentzat margo lehiaketa antolatuta dago. Txikienek ordubetez margotzeko aukera izango dute eta, gero, sari banaketa izango da gainera.
Bazkalostean siesta egiteko denbora ere izango da, arratsaldeko seiak arte gehienez. Ordu horretan, San Pedro jaiei hasiera emateko festa-kanpaiak joko dituzte eta txupinazoa botako dute herriko plazatik. Segidan, musika eskolako bandaren eta txistularien kalejirek Eskoriatzako kaleak musikaz jantziko dituzte. Ordu erdi geroago, zezen txikiekin errekorteak egiten ikasteko aukera izango da, eta entzierroa kartoizko zezenekin egingo da. Poneyk ere izango dira. Gazteek, 17.00etatik aurrera, Gaztelekuan, ginkanaz, kontzertuez eta afariaz gozatzeko aukera izango dute.
San Pedro egunari, bihar, goizeko bederatzietan txistularien kalejiraren laguntzaz egingo diote harrera eskoriatzarrek. 11.40an, eguerdiko meza nagusia baino lehen, elizbira izango da. Erdiko kalean Trapu Zaharra antzerki taldeak `Lehiaketa' lana antzeztu ondoren, Joselu anaiak dantzan jarriko ditu eskoriatzarrak. Txosnetan, halaber, 23.30etik aurrera, Governors, Cool Circurs eta Anger taldeek kontzertua emango dute.
Etzi, jaietako bigarren egunean, 9.00etan, herriko txistularien kalejirak esnatuko ditu Eskoriatzako bizilagunak. Txikienek hiru ordu gehiago lo egiteko aukera izango dute, izan ere, hamabietan izango da Poxpolo eta Konpainia pailazoen ikuskizuna Gorosarri plazan. Eguerdian ere herriko hildakoen omenez meza eskainiko dute. Bazkalostean, ezin falta mus partida. Horretaz jabeturik, 16.30ean, Gernika plazan, XIX. Mus Txapelketa egingo dute. Parte hartzaileek 30 euro ordaindu beharko dituzte. Irabazleek, ordea, jasotako diruaren %50, txapelak, gazta bana eta txakolina eskuratu ahal izango dituzte. Enbido, mus eta hordagoen ondoren, haurren danborradaren txanda izango da, Alaiki taldearen eskutik herriko plazan dantzaldia hasi baino lehen. 22.30ean Pantxoa eta Peiok Gorosarri plazan eskainiko dute emanaldia, eta horren ondotik, Alaiki taldeak dantzaldia eskainiko du San Pedro egunari amaiera emateko.
Jaietako azken eguna agurtzeko, Euskal Jaia antolatu dute ostegunerako. Txistularien kalejirarekin emango diote hasiera eta talogileez eta sagardo kupelaz atonduriko herriko plazan, 12.30ean euskal dantzak izango dira. Herri bazkariaren aurretik, trikitilarien kalejirak Eskoriatzako karrikak alaituko ditu, eta buruhandiek ere hartuko dute parte. Gorosarri plazan bazkaltzeko asmoa duenak, aurretik lekua hartu beharko du kultura@eskoriatza.net helbidean edota 943 714 688 telefono zenbakira deituta.
Ostegunean, apar festa
Arratsaldeko lau eta erdietan eskoriatzar animatuenek txankletak eta bainujantzia jantziko dituzte Gorosarri plazako apar festan primeran pasatzeko. Ondo busti ondoren, koadrilaka edo banaka mikrofonoa esku artean hartu eta kantuan hasiko dira IV. Sanpedruetako Kantu Txapelketan.
Bestalde, arratsaldean, herritik ehunka kilometrora preso eta errefuxiatuta dauden lagunen aldeko ekitaldia antolatu dute. Amaiur eta Gose taldeek emanaldia eskainiko dute 19.30etik aurrera. Horrez gain, arratsalde osoan, Santa Mariñe plazan puzgarri erraldoiak, ohe elastikoak eta mahai-futbola egongo dira. Bandera jaitsiera eta traka heldutakoan esango diete agur aurtengo San Pedro jaiei.