GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako finala

Gabirondo eta Garin izan dira herrialdeko bi azkarrenak

Joxe gizonezkoetan gailendu zen, eta bigarrenari sei segundoko tartea kendu zion. Arratek, berriz, emakumezkoetan ez zuen inongo arazorik izan.

Jon LEUNDA

Joxe Gabirondok eta Arrate Garinek lortu zituzten atzo Zizurkilen Gipuzkoako abiadura lehiaketako txapelak, 150 ikusle ingururen aurrean.

Gizonezkoek 100 metro koadroko bi sail moztu behar izan zituzten, eta lan guztiak egiten azkarrena Joxe Gabirondo izan zen. Gazteluko segalari beteranoak lan guztiak burutzeko 5 minutu eta 10 segundo behar izan zituen, eta sei segundoko tartea kendu zion Lizasori. Beraz, bi beteranoak izan ziren lehenengo bi postuetan, biek ere maila bikaina emanez. Atzetik, Alkorta, Ormaetxea, Etxeberria eta Goikoetxea sailkatu ziren.

Emakumezkoetan hiru partaide izan ziren, eta hiruretan azkarrena Arrate Garin izan zen. Berak 35 metro koadroko bi sail mozten 2 minutu eta 56 segundo behar izan zituen. Bigarren, Galarraga sailkatu zen, eta berak 3 minutu eta 16 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko. Azken postuan sailkatu zen Olano, eta berak 3 minutu eta 41 segundotan amaitu zituen bere eginbeharrak.

Hemendik aurrera iraupeneko lehiak izango dira, baina Euskal Herrikoa jokatuko da, parte hartze txikiegia baitago herrialdeetakoak jokatzeko. Uztailaren 11n jokatuko da kanporaketa Aizarnan. Bertan, Etxeberria, Ormaetxea, Kanflanka, Mariñelarena, Intxaurbe eta Atxa neurtuko dira. Bakoitzak ordu erdiko lana egingo du, eta bi multzotan banatuta neurtuko dira. Bakoitzeko lehen bi sailkatuak joango dira finala jokatzera. Finala astebete geroago jokatuko da Pikoketan, eta hura ordubetera izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo