GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

San Fermin torneoa

Saralegi eta Apraiz izango dira berrikuntza bakarrak

Enpresek azken urteotako eskemari eta egiturei eutsiko diete udako lehen torneo garrantzitsuan.

p036_f01_333x333.jpg

Jon ORMAZABAL

Buruz burukoan iraultzaile jokatu nahi izan bazuten ere, ondo funtzionatzen duten torneoak bere horretan utzi dituzte Aspek eta Asegarcek. Gauzak horrela, udako lehen torneo garrantzitsuan, sanferminetakoan, Ekaitz Saralegiren eta Alexis Apraizen parte hartzea izango da berrikuntza nagusia.

Bi jokalariok ez dira erabateko nobedadea eta gainera baldintzatuta dator oso. Izan ere, Iruñeko zaleek ondo ezagutzen dituzte bi pilotariak, neguan hamaika partida jokatu baitituzte Labriten, eta ezin da ahaztu Bilboko enpresak bi hutsune nabarmen dituela feria honetarako. Alde batetik, jakina da duen aurrelaririk onenak, Aimar Olaizolak, uda guztian ez duela jokatzerik izango, eta atzean ere, larunbatean berragertzea egingo duen arren, Ruben Belokik oraindik ez du bere burua halako lehia estuetarako ikusten.

Dena dela, debuta egingo duten hauei ez zaie inolako meriturik kendu behar, azkenaldian oso sasoi onean baitabiltza. Alexis Apraiz gernikarra, esaterako, Asegarceko atzelarien artean onena izan da azken hilabeteetan, eta piloteoan nagusi izatera heltzen denean, Amezketako aurrelariak bikain asmatzen du tantoak amaitzen.

Biak debutariak

Sanferminetakoa lehen udako torneo handia izango duten arren, ondo ezagutzen dute biek elkar; urrutira joan gabe, azken Binakako Txapelketa nagusian elkarrekin jokatu zuten, min hartuta zeuden Asier Olaizolaren eta Patxi Ruizen lekua hartu baitzuten. Maila nahiko polita erakutsi zuten elkarrekin jokatutako bi partidetan eta azkenengoan, gainera, garaipena eskuratu zuten Xala eta Zubietaren ordez jokatu zuen Arrutiren aurka, 22-17, Tolosan jokatutako lehian.

Osterantzean, aurtengo sanferminetako feriak antz handia izango du iazkoarekin. Lehiatzeko sistemari dagokionez, hiru bikoteko bi multzo egingo dira, eta denek elkarren aurka jokatu ostean, talde bakoitzeko bikoterik onenak hilaren 14an jokatuko den finalean arituko dira elkarren aurka.

A multzoan Asegarceko bi bikote izango dira, iazko txapeldunak izan ziren Pablo Berasaluze eta Begino, eta larunbatean lau eta erdiko txapelaren finalean aurkari izango diren Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz. Asperen aldetik, berriz, Sebastien Gonzalez eta Zubieta. Iaz Xalarekin osatu zuen bikotea Etxarrikoak, eta ordutik ibilbide polita egin dute elkarrekin bi pilotariei, baina Lekuinekoak ez du Iruñeko torneoan parte hartuko, egun batzuetako atsedenaldia izango baitu.

B multzoan, aldiz, Aspeko bi bikoteak iaz ere elkarrekin aritu ziren Martinez de Irujo-Beroiz -Sanmateoetako torneoa irabazi eta Binakakoan ere batera aritu ziren- eta Titin III.a-Barriola. Iaz Iñigo Pascual aritu zen Errioxako aurrelariarekin -Barriola min hartuta zegoen-, baina aurten Abartzuzakoa hilaren 13an jokatuko den «Ardoen desafiorako» gordeko dute. Aipatutako Saralegi-Apraiz bikote berritzailea izango da Asegarceren ordezkaritza. Multzo honetako egutegia ez dago guztiz finkatuta, hilaren 7an jokatuko den Lau eta Erdiko finalean Martinez de Irujo edo Barriola egongo den jakin arte -bihar jokatuko dute finalaurrekoa Lizarran-.

Enpresetako ordezkariek onartu zuten krisiak min egin diela, eta horri buelta eman nahian, sarreren prezioa iazko berbera izango da: 30 euro balioko dute kantxako sarrerek txapelketan zehar eta finaletan 50 eurora igoko dira.

Elorriok txapeldunak omenduko ditu

Omenaldi bero eta hunkigarria prestatu diete Elorrioko herriak eta bertako Berrio-txoa pilotazale elkarteak Lejarazu, Hilario Azkarate eta Alvarezi. Plazako frontoian hainbat pilota partida antolatu dituzte, orain 50 urte herriko hiru seme hauek lortutako balentria gogoratzeko.

Izan ere, 1950. urtean, banakako hiru txapeldunak Elorriokoak izan ziren Hilario Azkarate Lehen Mailakoa, Felipe Lejarazu Bigarren Mailakoa eta Jose Antonio Alvarez afizionatutakoa. Balentria are eta handiagoa eta errepikaezinagoa da, kontuan hartzen badugu, hiru pilotariak kale berean, Errekakalen, bizi zirela.

Ezbairik gabe, hiruren artean Hilario Azkarate izan zen garaipen handienak lortu zituenak, izan ere, atzelaria Retegi osaba-iloben atzetik Lehen Mailako buruz buruko txapelik gehien irabazi dituen pilotaria baita, sei orotara.

Gaur egun, Elorrioko harrobiaren emana ez da hain ugaria eta bakarra da profesional mailan dabilen herriko semea, Iñaki Larrinaga. Neguan egin zuen debuta Elorrion bertan egun Aspen diharduen atzelariak. J.O.

Hutsuneak

Aimar Olaizola min hartuta dago, Beloki ez dago oraindik sasoian eta Xalak opor egun batzuk hartuko ditu. Askoren iritziz, Laskurainek ere lekua izan zezakeen azken partidetako maila ikusita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo